Patronalak absentismoaren inguruan zabaltzen dituen mezuei aurre egin nahi die ELAk. Datorren asteartean Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna dela baliatuta, sindikatuak nabarmendu du enpresaburuen elkarteek absentismo deitzen duten hori berez laneko gaixotasunak direla, eta handitzen ari direla «produktibitatea eta kostuen murrizketa osasunaren gainetik lehenesten duten enpresa ereduaren ondorioz».
Bilbon gaur azaldu duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hilabete batean langileen %4,78k uzten diote egun batean lan ez egiteari gertakizun arrunten ondoriozko ezintasunengatik. Gaixotasunak adinarekin lotuta daudela erakutsiko lukeen beste datu bat eman du: 60-64 urte arteko langileek aldi baterako ezintasunen %10 pilatzen dituzte, eta 16 eta 29 urte artekoek, soilik %3.
Horri lotuta, aldi baterako ezintasunen ia erdiak gihar-hezurretako gaixotasunen ondoriozkoak dira, hots, adinean aurrera egin ahala gehiago jasaten diren arazoen ondorio. Baina gero eta gehiago dira antsietatearekin eta depresioarekin lotutako ezintasunak: hiru gaixo baimen egunetik bat dira dagoeneko, 2018tik 2024ra %72 ugarituta.
ELAk kritikatu du gero eta ohikoagoa dela patronalak absentismo hitza erabiltzea enpresen lehiakortasun arazo nagusietako bat balitz bezala, eta hedabide batzuek ere mezu hori zabaltzen lagundu dutela gaineratu du. Baina sindikatuak uste kontzeptu hori langile klasearen aurka baliatzen dela, langileak beren borondatez lanera ez joatearekin lotzen dutelako. Ikuspegi horrekin ez dago ados ELA, eta «Euskal Herrian absentismoa %0 da» aldarrikatuko du, apirilaren 28an Bilbon egingo duen ekitaldian.
Kontrol neurriak
Sindikatuak azaldu duenez, absentismoaren «etiketa horren barruan nahasten dira egoera oso desberdinak, hala nola gaixotasun edo istripuen ondoriozko bajak, baimen ordainduak, kontziliaziorako lanaldi murrizketak, medikuarenera joateko baimenak eta ordu sindikalak».
ELAk ohartarazi du diskurtso hori gero eta gehiago erabiltzen ari dela kontrol eta zigor neurriak justifikatzeko, «ardura langileen gain jartzeko eta langile klasea kriminalizatzeko». Baina kontrakoa egin beharko litzatekeela dio, haren ustez lan istripuen eta gaixo baimenen gorakada ez baita kasualitatea. «Egiturazko faktoreen emaitza dira, hala nola prebentzio arloko inbertsio falta, lanaren antolaketa txarra, gainkarga eta langile falta. Gainera, prebentzioa tramite burokratiko huts bihurtu da, eraginkortasunik gabekoa, kontrol publiko, independentzia eta langileen parte hartze faltagatik».
Hori ikusita, ELAk lan osasunaren politiken inguruko ikuspegia aldatzeko eskatu du, prebentzio errealaren eta lan baldintzen hobekuntzaren alde. Uste du 165 lan ikuskari gehiago behar direla, Europako batezbestekora iristeko. Osasun sistema publikoan gehiago inbertitzea ere beharrezkotzat jo du, bereziki osasun mentalaren arretan, eta enpresetan prebentzio politika eraginkorrak garatzea, langileen parte hartzearekin.
Â