Martxoan itxi zuen Arcelor Mittalek Sestaon duen altzairutegia, ACB izenekoa. Sei hilabeteko geldialdiaren ondoren, hilabete honen amaieran berriro altzairua ekoizteari ekingo dio. Itxi aurretik zuen ekoizpenarekin hasiko da, hots, hilean 40.000 tona altzairu. Askoz gehiago egiteko gai dira Sestaon, baina merkatuaren beharrak argudiatuta, azken urteetan erdizka baizik ez dira aritu Sestaon.
Arcelor Mittalek azaldu duenez, merkatu batzuetan antzeman dute altzairu eskariak gora egin duela, eta horregatik erabaki dute berriro irekitzea.
Lantalde osoa arituko da —205 langile—, baita enpresa osagarrietako eta azpikontratutako beste 50en bat langile ere. Azken urte erdia aldi baterako enplegu erregulazioan egon dira, mantentze lanak egin dituen talde txiki bat izan ezik. Hilaren 20an hasiko dituzte prestaketa lanak..