Ez du bere hitzekin esan; Josu Jon Imazen ahotan jarri du. «Europako industria larrialdi egoeran dago». Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendari nagusia neurri batean behintzat bat dator Repsoleko presidenteak berriki egin duen adierazpen horrekin, eta Gipuzkoako industriara ekarri du. Ohartarazi du sektorearen sasoia neurtzeko patronalak erabiltzen dituen aldagai guztiek okerrera egin dutela urteko lehen lauhilekoan. Eta bi nabarmendu ditu: industria da fakturazioa gutxitu zaion sektore bakarra, eta 2022tik izandako eskaera zorrorik txikiena du. Gainerako neurgailuetan ere —enpleguan, esportazioetan, konfiantza mailan—, beste sektoreetakoak baino okerragoak dira haren emaitzak.
Hala jaso ditu Adegik koiuntura ekonomikoari buruz aldian-aldian kaleratzen duen inkestan. Hortik bi datu nabarmendu ditu Aierzak: oro har, industria sektoreko enpresen fakturazioak %0,7 egin du behera, eta eskaerei dagokienez, hamarretik lauk diote zorroa erdi hutsik dutela.
Industriari zuzenean eragin dioten faktore nagusien artean bi azpimarratu ditu Adegiko buruak: munduko tentsio geopolitikoak eta komertzialak, eta salmenten errentagarritasuna apaldu izana. Baina beste batzuk ere ez ditu aipatu gabe utzi nahi izan, azkenaldian ohikoak bihurtu baitira patronalaren ahotan: laneko absentismoa eta langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasunak.
Makina-erreminta eta autogintza
Hori guztia kontuan hartuta, ondorio bat atera du Aierzak: «Gipuzkoako industria lehiakortasuna galtzen ari da». Ñabardura egin du, halere: ez da Gipuzkoan esklusiboki gertatzen ari den zerbait, Europa osoan antzera dabiltzala esan du, eta Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidente ohiak iazko irailean Europako Batzordearentzat egindako txostenean esandakoak gogoratu ditu, Imazen hitzekin batera.
Datu bat azpimarratu du: azkenengo hamabost urteetan AEBetako ekonomia mundu osoko barne produktu gordinaren %21 zen, eta %26 da orain; Europakoa, berriz, %21 zen, %17 da orain.
«Ez da deabrutu behar enpresa batek irabaziak izatea. Lehiakortasunean hobetu nahi badugu, inbertsioak behar dira, eta, horretarako, ezinbestekoak dira irabaziak»
JOSE MIGUEL AIERZAAdegiko zuzendari nagusia
Aierzak gogoratu du beste batzuek ere eginak dituztela antzerako interpretazioak. Adibidez, AFM makina-erremintaren klusterrak, duela bi aste. Hain justu, Adegiren arabera, azpisektore hori izan da industriak fakturazioan izan duen beherakadaren eragile nagusia, baina ez da bakarra. Patxi Sasigainlehiakortasun arloaren arduradunak gaineratu duenez, autogintzarekin loturiko jardueretan ere nabaritu dituzte «nazioarteko ezegonkortasunaren» ondorioak. Salbuespena lirateke trengintza (CAF) eta «merkatu lokalagoak» dituzten industriak: elikagaiena, arropena eta kimikoa.
Lurraldeko ekonomia bereziki esportatzailea da, eta hor ere nabaritu dituzte aldaketa batzuk urte hasiera honetan. Sektore guztiak kontuan hartuta, kanpoko salmentak %5 handitu dira, baina Europako Batasunetik kanpo egindakoengatik izan da. Izan ere, Gipuzkoako enpresen erosle nagusiak izan direnek —Alemania, Frantzia eta Italia— %4 gutxiago erosi dute. Aldiz, Europatik kanpoko merkatuetan %17 handitu dira. Herrialde horien artean, honako hauek aipatu ditu Sasigainek: AEBak, Txina, Kanada, Australia eta Myanmar.
«Kontakizun maltzurra»
Isabel Busto Adegiko presidentearen iritzian, Gipuzkoako enpresek «produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzea» izan behar dute helburu nagusia, eta horretarako ezinbestekoa dute merkatu berriak bilatzea, teknologia berrietara egokitzea eta «estrategia malguak» garatzea. Bide horretan administrazioen babesa beharko dutela nabarmendu du.
Nazioarteko gorabeherei aurre egiteko gobernuek iragarri dituzten «premiazko neurriak» txalotu ditu Bustok, baina gehiago behar direla adierazi du; besteak beste, honako hauek aipatu ditu: komunikazio eta energia azpiegiturak handitzea, berrikuntzarako laguntzak gehitzea, enpresek Gizarte Segurantzan langile bakoitzarengatik egiten dituzten ekarpenak murriztea, eta zerga politika «lehiakorrago» bat ezartzea.
Kazetarien galderei erantzunez, Aierzak gogoratu du Adegi kritiko azaldu dela Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako azken zerga erreformarekin, eta aurrerantzean egingo diren berrikuspenetan patronalaren eskaerak jasotzeko «esperantza» dutela azaldu du. «Polemika hori» gehiago elikatzeko asmorik ez duela adierazi du Adegiko zuzendariak, baina ohartarazi du instituzioen partetik ere «kontakizun maltzur» bat zabaltzen ari dela gizartean, zeinak «deabrutu» egiten dituen enpresen mozkinak. «Lehiakortasunean hobetu nahi badugu, inbertsioak beharko dira, eta, horretarako, ezinbestekoak dira irabaziak», aldarrikatu du Aierzak.
«Lan istripuak asko murriztu dira»
Aste hasiera honetan 24 orduko epean Euskal Herrian hiru langile hil izana deitoratu dute Adegiko buruek. Hala ere, Aierzak nabarmendu du azken 25 urteetan «asko murriztu» direla lan istripuak eta lanean hildakoak. Gipuzkoako patronalaren datuak gogoratu ditu: 1999. urtean, 1.000 pertsonako 77 istripu egon ziren lurraldean, eta 77 langile hil ziren guztira; 2023an, intzidentzia tasa 30 istripurena izan zen, eta 30 hildako egon ziren. «Azken 25 urte hauetan, enpresek apustu sendoa egin dute segurtasun eta osasun arloan; langileek ere arduraz jokatu dute, eta konpromiso handia erakutsi dute istripuak murrizteko. Hala ere, inoiz ez da aski izango», adierazi du Adegiko buruak.