Makina-erremintari eskari zorroa husten ari zaio

Iaz, sektoreari %23 gutxitu zitzaizkion eskaerak, eta aurten ere antzera, autogintzaren egoeragatik bereziki. Fakturazioa %10 apaltzea aurreikusten du urte honetarako.

Xabier Ortueta eta Jose Perez Berdud AFM klusterreko buruzagiak, asteazken honetan Donostian egindako agerraldian. JON URBE / FOKU
Xabier Ortueta eta Jose Perez Abud AFM klusterreko buruzagiak, asteazken honetan Donostian egindako agerraldian. JON URBE / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko maiatzaren 14a
13:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Azken urteetako olatutik jaitsi behar izan du makina-erremintaren sektoreak Euskal Herrian. Ez da erori, aurreikusia baitzuen merkatuak indarra galduko zuela, hala erakusten baitzuten iaz eskaeretan izandako jaitsiera handiek. 2025a antzera hasi dute; eskaerek, oro har, behera egin dute, eta, geratzen diren hilabeteetan egoerari buelta ematea espero badute ere, merkatuak erakusten du aurtengoa trantsizio urte bat izan daitekeela sektorearentzat. Gainera, urteetako joera irauliz, oso litekeena da fakturazioan behera egitea.

AFM makina-erremintaren klusterraren arabera, iaz, diru sarrerei dagokienez, inoizko urterik onena izan zuten, aurreko urteetan betetako eskari zorroan zeuden makinak saltzeari esker: %7,7 handitu zuten fakturazioa, baina izugarri hoztu ziren datozen urteetarako eskaerak: %23 jaitsi ziren. Horrek eragina izango du aurtengo fakturazioan, makinak eskatu, amaitu eta ordaindu arte batez beste 10-12 hilabeteko epea pasatzen baita. Klusterreko zuzendari Xabier Ortuetaren aurreikuspenen arabera, sektoreko enpresen diru sarrerek %10 inguru egin dezakete behera aurten.

Makina-erremintaren sektoreak pisu handia du Hego Euskal Herriko sare industrialean, Gipuzkoan nagusiki. Klusterrak 126 bazkide ditu, enpresa horiek denak 8.000 langile inguru dituzte, eta bereziki bi sektorerentzat egiten dituzte makinak: autogintzarentzat eta aeronautikarentzat.

Kolperik handiena deformaziorako makinak egiten dituzten enpresak hartzen ari dira —piezak tolesteko-eta erabiltzen diren makinak egiten dituzte—: %40,8 gutxitu zitzaizkien eskaerak iaz. Bereziki autogintzarako egiten dituzte tresna horiek, eta sektorearen «etenaldia» asko baldintzatzen ari da haien lana. Hobeto eutsi zion beste azpisektore nagusiak: harroketarenak —piezetan zuloak, irudiak, errailak eta beste egiteko makinak—. Baina hark jasotako eskaerek ere behera egin zuten: %8,8.

Dena den, gertatzen ari dena aurreikus zitekeela nabarmendu du Ortuetak. «Nondik gentozen ikusita eta egungo egoera zein den kontuan hartuta, normala da». Eta lasaitasun mezua bidali nahi izan du. «Bi azpisektoreek eskaera zorro interesgarria dute oraindik [aurreko urteetan lortutakoa], eta, kasu askotan, urteko lehen hilabeteetan babesgarria ari da izaten».

Hodei beltzak

Aurrera begira kezkatuago azaldu da Ortueta. 2025a iazkoaren antzera hasi dute: deformazioa eskari berriak lortzeko zailtasun handiekin dabil; harroketa, aldiz, «joera positiboa» erakusten ari da. «Uste dut aurten galga jarri ahal izango diogula fakturazioan aurreikusten dugun beherakadaren parte handi bati. Nolanahi ere, askoz gehiago dira ziurgabetasuna eta kezka sortzen duten faktoreak, industriaren egoera egonkortu egingo dela aditzera ematen duten adierazleak baino».

«Askoz gehiago dira ziurgabetasuna eta kezka sortzen duten faktoreak, industriaren egoera egonkortu egingo dela aditzera ematen duten adierazleak baino»

XABIER ORTUETA AFM klusterreko zuzendaria

«Mehatxu» horiei buruz mintzatu da erakundeko presidente Jose Perez Berdud. Haren ustez, nagusiki hiru dira. Batetik, elektrifikazioa dela-eta autogintza «aldaketa garai» batean dagoela nabarmendu du. Hala ere, haren ustez, sektoreak «egoerari buelta» emango diolakoan dago, bereziki Alemanian. «Gobernu berriarekin pizgarriren bat egongo dela espero dugu», gaineratu du Ortuetak. Dena den, Euskal Herriko makina-erremintak beste bezero garrantzitsu batzuk dituela gogoratu du Perez Berdudek: aeronautika eta trengintza. Eta beste batzuetan hazteko aukera handiak dituela: defentsa eta energia.

Beste oztopo nagusia muga zergen auzia da: gogoratu du AEBak direla makina-erreminten lehen inportatzaileak munduan eta ezin duela bere ekonomia garatu horiek gabe. «Horretan gakoa izango da gure [Europako ekoizleen] lehiakideei zer muga zerga jartzen dizkien. Itxaropentsu gaude».

Beste arazoa «etxean bertan» kokatu du klusterreko presidenteak: Europan. «Halako ataka korapilatsu batetik airoso irteteko» Europa «gehiago eta indartsuagoa» behar dela adierazi du. Eta sektoreak eta industriak oro har arau esparru berri bat behar duela, munduko beste ekoizleekin lehiatu ahal izateko. «Berehala hasi behar dugu ezinbestekoak diren sektoreak, teknologiak eta produktu eta zerbitzuak zehazten, eta horiek nola indartu, berreskuratu edo eraiki planifikatzen. Europako industriak arau esparru berri bat behar du, baldintza berberetan lehiatzeko aukera emango diona».

Gorabeherak esportazioetan

Sektore bereziki esportatzailea da makina-erremintarena. Iaz, %8,5 egin zuten gora, baina aldaketa batzuk izan ziren herrialde hartzaileen zerrendan. Mexiko izan zen lehen eroslea, baina klusterreko buruek azaldu dutenez, inbertsio «puntual» batengatik izan zen hori. Bestela, ohi bezala, AEBak egongo lirateke lehen postuan. Txinako merkatuak izan zuen igoerarik handiena iaz, %25ekoa. Baina merkatu horren eskaerak «izugarri» jaitsi dira, eta ezinezkoa egiten dute emaitza horiek berriz lortzea. Bestalde, uzkurtze handiena Italiako merkatuak izan zuen, %50ekoa, hango gobernuak industriari emandako laguntzak eten dituelako. Aurrera begira, merkatu bat dute begiz joa sektorearen arduradunek: India.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.