Eusko Jaurlaritzak erronka gisa jarri du adimen artifiziala enpresa txiki eta ertainetara hedatzea

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bost enpresatik batek adimen artifiziala erabiltzen du, eta horietatik %87k horretan inbertitzen dute.

Azketa, Ganzarain eta Marron, Spriren Bilboko egoitzan, gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Azketa, Ganzarain eta Marron, Spriren Bilboko egoitzan, gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2026ko urriaren 14a
13:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak eta BAIC erakundeak urtero egiten duten azterlanak agerian utzi du adimen artifizialak aurrera egiten jarraitzen duela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresetan. Hala ere, aurrerapen hori ez da neurri berean ematen sozietate mota guztietan: SPRI agentzia publikoak plazaratutako txostenaren arabera, enpresa handien %47,5ek adimen artifiziala erabiltzen dute; ertainen eta txikien kasuan, ordea, %23,7k eta % 8,7k, hurrenez hurren. Horiek horrela, BidaIA egitasmoa abian jarri dute, industriako ETEei laguntzeko: «Adimen artifiziala zertan erabili, zer aukera lehenetsi eta horiek praktikan jartzeko zer pauso eman dezaketen identifikatzeko».

Hamar langile edo gehiago dituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bost enpresatik batek adimen artifiziala erabiltzen du, hau da, 2025ean baino %20 gehiago, eta horietatik %87k horretan inbertitzen dute. Hori da BAIC Adimen Artifizialaren Euskal Zentroak 163 enpresa erabiltzaile eta hornitzaile aztertu ondoren egindako azterlanaren ondorio nagusia. Adimen Artifizialaren Euskadiko Hirugarren Diagnostikoa 2025-2026 izeneko txostena gaur aurkeztu dute Jaione Ganzarain Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak, Joana Azketa CAFeko Datu eta Adimen Artifizialeko arduradun korporatiboak eta Laura Marron BAICeko zuzendari nagusiak.

«Beldurra baino gehiago, errespetu handia ematen digu; beraz, beharrezkoak diren babesak izan behar ditugu. Hala ere, produktibitatean eta lehiakortasunean irabazten lagun diezaguke»

JAIONE GANZARAIN Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea

«Adimen artifiziala gure industriara iristen ari da, eta gure enpresen benetako arazoei eta beharrei erantzutea lortu behar dugu», laburbildu du Ganzarainek.

Teknologia berri horrek «beldurra baino gehiago, errespetu handia» ematen duela aitortu du sailburuordeak, «eboluzionatzen jarraituko duelako. Beharrezkoak diren babesak izan behar ditugu. Hala ere, produktibitatean eta lehiakortasunean irabazten lagun diezaguke», azpimarratu du.

«Bilakaera positiboa»

BAICen diagnostikoak erakusten du adimen artifizialak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresetan duen ezarpen mailak «bilakaera positiboa» izan duela, azken urtean. Eustaten datuen arabera, %21ekoa da teknologia hori erabiltzen duten hamar langile edo gehiagoko enpresen ehunekoa. 2025ean, ordea, %17,4 baino ez ziren. Beraz, %20ko igoera izan da. «Europa mailan, ehuneko hori %20 ingurukoa da», nabarmendu du Marronek. Jarduera sektoreei dagokienez, gehienbat manufaktura industrian erabiltzen da adimen artifiziala.

Bestalde, aztertutako enpresen %86,9k egiten dituzte inbertsioak adimen artifizialean, eta %95ek horretan jarraitzea aurreikusten dute. Gainera, enpresen %25ek adierazi dute urtebete baino gutxiagoan berreskuratu dutela beren proiektuetan egindako inbertsioa.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA