Agregatu sintetikoak egiteko lantegi berri bat ireki dute Bilboko portuan

Petronorrek eta OCO Technologyk sustatu dute, eta 20 milioi euroko inbertsioa izan du. Plantak hondakinak eta Petronorreko findegian atzemandako karbono dioxidoa erabiltzen ditu lehengaitzat.

Agregatu sintetikoak ekoizteko lantegia, Bilboko portuan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Agregatu sintetikoak ekoizteko lantegia, Bilboko portuan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
Zierbena
2026ko maiatzaren 21a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi turbina handi biraka ari dira, soinu karraskaria ateraz. Eskailera batera igota, langile batek prozesua gainbegiratzen du, inguruan dituen kazetarien jakin-minak apur bat gogaiturik. Prozesuaren emaitza hodi batzuetatik zorura isurtzen da, lantegiaren aldameneko pabiloi batean. Lehen begiratuan, produktuak ez du oso ikusgarria ematen: gris koloreko bolatxo moduko batzuk dira, harri koskorrak iduri. Baina harri borobil horiek ez dira edozein harri.

BEA Biscay Eco Aggregates izeneko lantegia ireki dute Bilboko portuan (Zierbena, Bizkaia). Aste honetan hasi da beharrean, eta gaur izan da inaugurazio ekitaldi ofiziala. Agregatu sintetikoak egiten ditu. Hondarra, legarra, hartxintxarra eta antzeko lehengaiak dira agregatuak, eta asko erabiltzen dituzte eraikuntza arloan; adibidez, ezinbestekoak dira hormigoia egiteko. Normalean, baliabide naturalak dira, eta harrobietatik ateratzen dituzte, horrek dakarren eragin ekologikoarekin. Baina Bilboko portuko lantegi berrian egiten dutena sintetikoa da, eta, beraz, ez dio kalterik egiten paisaiari edo ingurumenari.

Agregatu mota horiek egiteko lehengai nagusia da hondakinak erretzearen ondorioz sorturiko errautsa: «Hondakinaren hondakina», Petronorreko arduradunen esanetan; bestelako erabilpenik izan ez eta, normalean, zabortegietara bideratzen dena. Errauts termiko horiei karbonatazio bizkorreko prozesu bat aplikatzen diete, eta, horretarako, karbono dioxidoa erabiltzen da, hots, erregaien konbustio prozesuan sorturiko gasa, bestela airera isuriko litzatekeena.

«Hondakinak berrerabili, airetik karbono dioxidoa erretiratu, eta baliabide naturalen ustiapena murriztu; teknologiari esker, arazo zirenak aukera bilakatzen ditugu»

AITOR ARZUAGA Petronorreko proiektu berrien zuzendaria

«Prozesu bakar batez, hiru arazori irtenbidea ematen diegu», adierazi du Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek, lantegiaren inaugurazio ekitaldian. Xeheago azaldu du Aitor Arzuaga Petronorreko transformazio proiektu berrien zuzendariak: «Hondakinak berrerabiltzen ditugu, airetik karbono dioxidoa erretiratzen dugu, eta baliabide naturalen ustiapena murriztuko duen produktu bat egiten dugu. Teknologiari esker, arazo zirenak aukera bilakatzen ditugu».

Oraingoz, Zabalgarbitik ateratako errautsak erabiltzen ari dira agregatu sintetikoa egiteko, baina ez dute baztertzen aurrerago errautsak beste iturri batzuetatik lortzea. Karbono dioxidoa, berriz, Petronorreko findegian atzematen dute. Kalkulatu dute hondakinak erre ondoren ateratako 50.000 tona errauts erabiliko dituztela urtean, eta karbonatazio prozesurako 6.000 tona karbono dioxido atzemango dituztela. Prozesuari esker lortuko dute agregatu naturalen erabilpena 170.000 tona murriztea urtero.

Egitasmoak 20 milioi euroko inbertsioa izan du, eta hogei lanpostu berri sortuko ditu.

Lehena Europako Batasunean

Petronorrek eta OCO Technology enpresak sustatu dute planta berria; Petronorrek ditu akzioen %75, eta gainerakoak OCO Technologyk izango ditu. Azken hori Erresuma Batuko enpresa bat da, 2010ean sortua, eta eskarmentu handia bildu du alor horretan. Orain zabaldu dutenaren moduko beste hiru lantegi ditu OCO Technologyk, den-denak Erresuma Batuan: Bilboko portukoa izango da mota horretako estreinako planta Europako Batasunean.

OCO Technologyren zuzendari exekutibo Steve Greig ere inaugurazio ekitaldian egon da. Esan duenez, errautsen karbonatazio prozesua «sinplea» da: «Naturan gertatzen den prozesu bat da. Desberdintasun bakarra dago: baldintza naturaletan milaka urte behar dituen prozesua guk minutu gutxiren buruan egiten dugu. Sinplea da, baina ez erraza: erraza balitz, edozeinek egingo luke».

Etxanobek, berriz, goraipatu egin du Bizkaiaren gaitasuna horrelako proiektuak erakartzeko: «Europako Batasunean, mota honetako lehenengo planta ez da Alemanian, Herbehereetan edo Suedian egongo, Bizkaian baizik. Hori gertatzen da hemen enpresak eta erakundeak elkarlanean aritzen direlako modu naturalean, eta deskarbonizazioan eta energia trantsizioan aitzindari izateko gogoa partekatzen dugulako».

Kontzertu ekonomikoa ere goretsi du Etxanobek, eta horren garrantzia nabarmendu du horrelako proiektuak garatu ahal izateko: «Kontzertu ekonomikoak balioa du zentzuz erabiltzen badugu, eta eraiki nahi dugun ereduaren zerbitzura jartzen badugu».

Petronorreko zuzendari nagusi Jose Ignacio Zudairek eskerrak eman dizkie erakundeei, eta aukera baliatu du eskaera bat ere egiteko: aurrerantzean, bultza dezatela horrelako agregatu ekologikoak erabiltzea eraikuntza arloan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA