Gidari aldaketa Ulma taldean: Iñaki Gabilondok zuzendari izateari utziko dio urte amaieran, erretiroa hartuko baitu postu horretan hamasei urte egin eta gero. Haren ordez, Aitor Aiastui izango da Ulma taldearen zuzendari nagusia aurrerantzean, kooperatiba guztiak ordezkatzen dituen Kontseilu Nagusiak hura izendatu baitu Gabilondoren lekukoa hartzeko.
Ibilbide profesionala Ulma taldean egindakoa da Aiastui: 1995ean, berotegien ekoizpenaz arduratzen den Agricola atalean hasi zen lanean, eta, han bi urte igarota, eraikuntza atalera pasatu zen. Negozio lerro horren buru da 2008ko ekainaz geroztik. Ulma Constructioneko zuzendari gisa, kooperatibaren nazioarteko hazkundea eta proiektuaren sendotzea bultzatu ditu. 57 urte ditu, eta enpresa zientzietan lizentziaduna da (EHU); MBA International ikasketak ere baditu (The Robert Gordon University, Eskozia).
Ulmak ohar bidez adierazi duenez, datozen urteetan kooperatiba taldea gidatuko duenarentzat zehaztutako ezaugarriei erantzuten die Aiastuik. Izan ere, ibilbide luzea du kudeaketaren arloan, nazioarteko esperientzia du, eta eredu kooperatiboarekiko «konpromiso sendoa». Gainera, Ulma taldeko Zuzendaritza Kontseiluko kide izan da azken hamazazpi urteetan. «Haren ibilbideak erakusten du konpromiso sendoa duela Ulma taldearen kulturarekin eta izateko arrazoiarekin».
Kargu aldaketa urtarrilean egingo dute. Ordura arte, gaur egungo eginkizunei eutsiko diete biek, baina zuzendari nagusi gisa elkarrekin jardungo dute, Ulma taldearen jarraitutasuna ziurtatzeko. Modu horretan, kooperatiba taldeak urtea amaitzearekin bat itxiko du bere ibilbidearen etapa garrantzitsuetako bat. Aldi horretan, taldea hazi eta sendotu egin da, eta antolaketa eta harreman eredu berri bat ere garatu du, Mondragon taldetik irtetea erabaki eta gero.
Gaur egun, bederatzi industria kooperatibak osatzen dute Ulma taldea, eta kooperatiba horiek 5.700 pertsonari ematen diote lana. Oñatin (Gipuzkoa) du egoitza nagusia, baina lantegiak ditu mundu osoko 81 herrialdetan. Iaz 1.151 milioi euroko salmenta bateratua izan zuen taldeak.