Aurrekontuak. Nafarroa

Aizkora kolpea gastuari

UPNk eta PSNk aurtengo aurrekontuetan 190 milioi euroko murrizketa egin dute, baina oraindik beste 60 milioi zehazteke dituzteAutokritikarik gabe, «egoera ekonomiko zailari» egotzi diote 294 milioiko zuloa

Jimenez Nafarroako lehen presidenteordea, Barcina presidentea eta Miranda bigarren presidenteordea. I.U. / ARP.
joxerra senar
Iruñea
2011ko irailaren 29a
00:00
Entzun
«Behartuta gaude neurri gogorrak eta ausartak hartzera». Horrelaxe azaldu du Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak 190,6 milioi euroko gastu murrizketa. «Erabaki mingarria da, baina bestela etorkizunean erabaki zailagoak hartu beharko genituzke», gaineratu du, berriz, Roberto Jimenez lehen presidenteordeak. Biek gobernuaren batasuna irudikatu nahi izan zuten, eta kontseilari guztiak alboan zituztela eman zuten atzoko prentsaurrekoa. Iragarritako 190 milioi horietatik 73,8 milioi 2012ra atzeratuko dira eta beste 116 milioi inoiz ez dira gauzatuko. Hala ere, lehen aizkorakada baino ez da izango, hurrengo asteetan beste 61,76 milioi euro murriztuko dituztelako. Ez zuten esan bigarren aizkora kolpea non joko duten.

Egoera horretara nolatan iritsi diren azaltzerakoan, autokritikarik ez da izan. Yolanda Barcinak «egoera ekonomiko zailari» egotzi zion finantza publikoen desoreka. «Doikuntzak egitera behartuta egon gara», ondorioztatu du. Jimenezen arabera, Europak eta Espainiak uneotan zor merkatuetan duten presioak bere isla du Nafarroan: «Ezin gara besoak gurutzatuta egon». Defizitaren muga betetzea «ezinbestekotzat» jo dute Barcinak eta Jimenezek.

1. 294 milioiko zuloa

Irailaren hasieran, gobernuak aipatu zuen gastuen eta diru sarreren arteko zuloa 327 milioi eurokoa zela. Hiru asteotan, Ekonomia Sailak ikuskatu du zerga berezi bidez 22 milioi euro gehiago bildu direla eta kontabilitatean beste 11 milioi euroko egokitzapena dagoela Nafarroaren alde. Hartara, 294,3 milioi eurokoa da azken zuloa.

Zergatik sortu dazulo hori? Batetik, aurreko UPNko gobernuak (PSNren babesarekin) aurreikusi zuen 3.535 milioi euro bilduko zituela zerga eta tasa bidez, baina abuztuko azken datuen arabera, 3.348 milioi eurorekin itxiko du urtea; hots, uste baino 187 milioi gutxiago. Dena den, zalaparta handia dago datuokin, gobernuak zifra horiek hainbat aldiz aldatu dituelako.

Bestetik, Bideko autobidea eta Nafarroako Ubidea finantzatzeko itzalpeko bidesari formula erabili du urteotan, eta azpiegitura horiek esleituak dituzten enpresei urtero ordaindu beharreko kuota aurrekontuetatik at ordaindu du gobernuak. Eurostat Europako estatistika erakundeak berriki diru horiek aurrekontuetan islatzera behartu du. Horrekin batera, azken urteetan zerga-pizgarriak gastu publiko gisa neurtu ditu. Kontabilitate trikimailu horiek egokitzeak beste 107 milioiko zuloa sortu dio. Guztira, 294 milioi.

Autokritikarik zergatik egiten ez den galdetuta, gobernuak «egin beharrekoa» egin duela argudiatu du Alvaro Miranda Ekonomia kontseilariak. Haren hitzetan, ekainera arte zerga bidez iaz baino %13 bildu zen eta igoera hori aurreikuspenen barruan sartzen zen; abuztuaren 13n, ordea, zergen bilketa jaitsi egin dela antzeman omen zuen lehen aldiz. Kontabilitate irizpideak egokitzera behartzen dituen Eurostaten gutunak, berriz, abuztuaren 2an eta 12an jaso zituzten. «Autokritika izan edo ez, gobernuak behar den unean erreakzionatu du».

2. Azpiegiturak

Atzo iragarritako 190 milioi euroetatik 55 milioi euro inbertsio publikoari dagozkio, eta gehienbat azpiegituren atzerapenari. Gobernuak ez du zehaztu noiz arte atzeratuko den herrilana; gutxienez, urtea amaitu bitarte atzeratuko da. Azpiegitura handien artean, Abiadura Handiko Trena da geldituko ez den proiektu bakarra. Espainiako finantza publikoen egoera kaskarraren aurrean, ikusteke dagoEspainiako Gobernu berriak Nafarroako AHTrekin aurrera jarraitzen duen edo ez. Etorkizunera begira bermerik baduen galdetuta,Barcinak erantzun du Nafarroako Gobernuak «beti» betedituela Espainiako exekutiboarekin hitzartutako akordioak. «Hauteskundeetan gertatzen dena gertatzen dela, Nafarroako Gobernuak sinatutakoa defendituko du».

Geratuko diren lanen artean garrantzitsuena Nafarroa Erresuma Arena kiroldegia da —14,5 milioiko murrizketa—. Errepideen artean, Irurita eta Elizondoko saihesbideko obrak bertan behera geratuko dira (3,5 milioi); errepideen mantenimenduak 5,6 milioiko murrizketa izango du (horietatik 4,8 milioi 2012ra atzeratzen dira); Bideko autobidea A-12rekin lotzeko obrak bertan behera geratuko dira, eta Pirinioko autobidearen aurtengo bi milioiko aurrekontutik 541.000 gutxituko dira.

3. Gizarte murrizketak

Gobernu koalizioaren akordioa sinatu zutenean, UPNk eta PSNk esan zuten gizarte gastutik ez dutela ezer ukituko. Orain, berriz, diote «gizarte gastuek murrizketa txikiena» jasan dutela. Argudio hori sostengatzeko, murrizketen portzentajeari soilik erreparatu diote; aitzitik, Hezkuntzak, Osasunak eta Ongizate departamenduen gastutik 25,5 milioi euro bertan behera geratuko dira; eta, guztira, 54,5 milioi gutxituko dira aurten—murrizketa osoaren %28,6—.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurrekontuetatik lau milioi euro bertan behera geratuko dira; aldiz, Nafarroako Unibertsitate pribatuari 450.000 milioi atzeratu egingo zaizkio 2012ra.Hezkuntzan, ikastetxe berrien eraikuntzarako aurrekontutik 715.000 euro etengo dira, eta garraio eskolatik 550.000 euro.

4. Beste murrizketak

Beste murrizketen artean, aipagarria da, udalek 11,7 milioi euro gutxiago jasoko dutela aurten, eta Estatuari egin beharreko ekarpenetik 18 milioi gutxiago ordainduko direla. Landa Garapenerako sailean laborarientzako Feader EBren laguntzetatik 1,3 milioi euro murriztuko dira. Kultura da portzentajean gastu jaitsiera handiena duena: guztira, 9,3 milioi. Adibidez, tokiko telebistei 636.000 euro ez die gobernuak pagatuko. Etxebizitza zaharberritzeko laguntzak ere bertan behera geratzen dira.

Ezin da ahaztu, gainera, 190 milioi euroez gain beste 104 milioi euro murrizteke direla. Gobernuak dio kontuak ixterakoan gastuaren %5 inguru gauzatu gabe geratu ohi direla urtero eta aurten espero du gauzatzeke 41,9 milioi geratzea. Hori egia den ikusteke badago ere, 61,7 milioi geratuko lirateke oraindik gutxitzeko. Azalpenak azalpen, esanguratsua bada bigarren murrizketa hori lotu gabe izatea. Egoera horrek 2012ko aurrekontuetan ere eragina izango du. «Nahikoa lan badugu 2011ko aurrekontua ixteko. Dena den, aurrekontuak prestatzen dihardugu».

5. Erreakzioak

NaBaiko Patxi Zabaletaren ustez,«patetikoa da aurrekontuak onartu dituzten bi alderdiek orain murrizketak egitea». Bilduk dio Ongizate Estatuan eragingo dutela eta ez direla krisirako irtenbidea. ELAren ustez, «gardentasun eta zentzu demokratiko falta» dute murrizketek. LABen irudiko berriz, Ogasunaren «kudeaketa txarraren ondorioak» herritarrei igorri nahi dizkie gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.