Maderas de Llodioko (Araba) enpresako langile batzordeak zuzendaritzari eskatu dio atzera egin dezala eta ez dezala aurkeztu enplegu erregulazioko espedientea. Laudioko lantegiko produkzioaren zati bat (%40) Garnica taldearen beste zentro batzuetara eraman nahi du, eta 39 langile kaleratu. Irailaren 22tik greba mugagabean daude langileak, eta hala jarraituko dutela berretsi dute.
Aurreko ostegunean amaitu zen espedientearen kontsulta aldia, baina langile batzordeak uste du aukerak badaudela zuzendaritzak atzera egin dezan. «Denbora dago oraindik. Garnicako zuzendaritzari eskatzen diogu erabakia berriro azter dezala eta ez dezala espedientea aurkeztu»
Langile batzordeak azaldu du bost proposamen aurkeztu dizkiola zuzendaritzari Laudioko plantaren egungo ekoizpenari eta langile guztiei eusteko, baina salatu du hark ez duela baloraziorik egin nahi izan, eta «eskaintza bakarra» jarri duela mahai gainean: lau langile gutxiago kaleratzea eta kalte ordainak «pixka bat handitzea». Langile batzordearen arabera, proposamen hori «onartezina» da, «enpresan eta eskualdean lan egiten duten pertsona guztien etorkizuna arriskuan jartzen jarraitzen duelako».
Enpresak «produktibitate eta antolaketa arrazoiak» argudiatu zituen bere erabakiaren berri eman zuenean. Arabakoaz gain, beste sei planta ditu taldeak, lau Espainian eta bi Frantzian. Maderas de Llodio egurrezko xafla kontratxapatuak ekoizten ditu, pinuzkoak gehienbat. Errioxako Garnica taldearen barruan dago 2018az geroztik. Gaur egun, Carlyle AEBetako funtsak du Garnicaren kapitalaren %70 inguru, baina Garnica familia oraindik akziodunen artean dago. 2022an, Garnicak Laudion bost milioi euro inbertituko zituela agindu zuen, xaflen ekoizpena handitzeko.
Erakundeen «demagogia»
Zuzendaritzari ez ezik, langile batzordea Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari ere zuzendu zaie, eta «gutxieneko inplikazioa erakutsi ez izana» leporatu die. «Erantzun instituzionala hutsaren parekoa izan da».
Salatu duenez, aldundia ez da behin ere bildu haiekin gertatzen ari dena bertatik bertara ezagutzeko, ezta bitartekotza egiteko eta enplegua babesteko eskura dituzten mekanismoak eskaintzeko ere. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, berriz, azaldu du lehen bilera baten ondoren, beste hitzordu bat eskatu ziotela, baina ez zuela erantzun. Larritzat jo dute hori. «Demagogia eta diskurtso hutsak alde batera uzteko garaia da», salatu dute.
Langile batzordeak nabarmendu duenez, Maderas de Llodio «ibilbide luzea» du eskualdean, eta eragin zuzena du enpleguan, produkzio sarean eta lehen sektorean. Enpresa horrek ez ezik, Aiaraldeko ekonomiak ere izan du beste kolperik azken hilabeteotan: apirilean itxi zuen Laudioko lantegia Guardian Glassek, eta 171 langile kaleratu zituen.
Maderas de Llodioko langile batzordeak adierazi du aurrera begira lanpostuak eta etorkizuna defendatzeko «mekanismo juridiko eta sindikal guztiak» baliatuko dituztela. Irailaren 22tik beharginak greba mugagabean daude.