Akordiorik gabe jarraitzen dute Bizkaiko metalgintzan

Sindikatuen arabera, patronala «nahita» ari da negoziazioak gelditzen, eta luzatzen bada, erantzuna mobilizatzea izango dela ohartarazi dute.

Bizkaiko metalgintzaren bilera bat, irailean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bizkaiko metalgintzaren bilera bat, irailean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko azaroaren 18a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko metalgintzaren hitzarmenak blokeatuta jarraitzen du. 11. aldiz bildu dira gaur negoziazio mahaian sindikatuak eta patronala, eta adostasunera heldu gabe jarraitzen dute bi aldeek. Ia urtebete daramate hitzarmena berritzeko negoziatzen. Sindikatuek salatu dute FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak proposatutako neurriak ez direla nahikoak, eta horiek ezarrita, langileek erosahalmena galduko luketela. 57.000 langile baino gehiago daude sektorean.

Hain zuzen, patronalak soldatak %3 igotzea proposatu du 2026rako, aurtengo inflazioaren azpitik —%5,2 Bizkaian, urrian—. Horrez gain, 2030 arte soldata %10,5 handitzea izan da FVEMen proposamena: %2,5 2027an eta 2028an; eta %1,5 2029an eta 2030ean. Horrez gain, langileen malgutasuna areagotzeko ere eskatu du patronalak, baina sindikatuek ez dute proposamena onartu.

ELA, CCOO, UGT eta LAB sindikatuek dute ordezkaritza negoziazio mahaian. Plataforma bateratu bat eratu dute azken hiru bileretan aho batez jarduteko. Eta haien arabera, eskasa izaten jarraitzen du proposamenak. Hala, patronalaren «gelditasuna» salatu dute: «Nahita ari dira negoziazio prozesua geldiarazten».

Sindikatuak, batera

Bederatzigarren bilerara arte, patronalak argudiatzen zuen sindikatuen arteko ezberdintasunek egoera zailtzen zutela, eta plataforma bateratu bat aurkezteko eskatu zien. «Ikusi da eskaera horrek ez ziola akordioa lortzeko benetako borondateari erantzuteari, denbora irabazteko eta negoziazioa higatzeko maniobra bat baizik ez zen», adierazi du UGTk.

Bide beretik, ELAk salatu du FVEMek plataforma bateratua baztertzen jarraitzen duela, eta negoziazioa atzeratzen: «Patronalak aldaketa txiki batzuk egin dizkio hasierako proposamenari, baina mugimendu taktiko hutsak dira, garrantzirik gabekoak eta onartezinak». Eta interpretazio bera egin du LABek ere: «Onartezina da negoziatzen urtebete eman eta gero eta plataforma bateratu bat eratu eta gero FVEMek sektoreko aldarrikapenei uko egiten jarraitzea. Bere proposamenean langileek ordain dezaten nahi du».

Mobilizaziorako deia

«Patronalaren estrategia denborak luzatzen jarraitzea bada eta beste testuinguru batzuetan elkartu nahi badu, halaxe izango da. Sektorearen baldintzak duinduko dituen benetako aurrerapausorik ez badago, erantzuna mobilizazioa izango da», ohartarazi du CCOOk.

Eta mehatxu moduko batekin ere itxi du bere oharra LABek: «Aurreko hitzarmena 11 eguneko grebaren ondoren itxi zen. FVEMen jarrerak negoziazioa konfrontazio esparru batera gerturatzen du berriro. Patronalak presente izan beharko luke».

Abenduaren 14an egingo dute hurrengo bilera, hamabigarrena.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA