Bizkaiko metalgintzaren hitzarmenaren negoziazio mahaiaren bederatzigarren bilera egin dute gaur, eta negoziazio mahaian ordezkaritza duten sindikatuek —ELA, CCOO, UGT eta LAB— hitzarmenerako plataforma bateratu bat aurkeztu dute. «Horrekin, FVEMi aitzakiak amaitu zaizkio», esan du LAB sindikatuak; «dagoeneko ezin du esan sindikatuen artean plataforma desberdinak daudela». Urrats hori egin eta gero, sindikatu abertzaleak uste du agerian geratuko dela patronalaren «benetako borondatea» zein den sektoreko 57.000 langileren baino gehiagoren lan baldintzak hobetze aldera.
Sindikatuen eduki nagusiak jaso ditu plataformak: KPItik gorako soldata igoerak, lanaldiaren murrizketa, antzinatasunaren hobekuntza eta izoztutako antzinatasunaren lokarria askatzea; prekaritatearen eta behin-behinekotasunaren aurkako neurriak; berdintasunean, lan osasunean eta prebentzioan aurrera egitea; kontziliaziorako eta eskubide sozialetarako neurriak; lantokietan euskararen erabileran eta ezagutzan aurrera egiteko neurriak; eta erretiroa aurreratzeko koefiziente murriztaileak eta deskarbonizazio planak.
FVEMek adierazi du aurkeztutako plataforma aztertuko duela eta enpresekin kontrastatuko dituela eskaera horiek. LABentzat, «hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia» da. «Patronalak badaki zeintzuk diren mahai gainean ditugun aldarrikapenak, eta, beraz, negoziatzea eta sektoreko lan baldintzak hobetuko dituzten neurriak proposatzea dagokio».
Lokarria askatzeko urratsa
Sindikatuak, ordea, onartu du plataforma bateratu bat ez dela nahikoa FVEM mugitzeko, «esperientziak erakusten duenez». Horregatik, LABeko ordezkari batzuk lantokietara joango dira beharginei informazioa ematera. «Antolatu egingo ditugu, eta sektorea aktibatuko dugu, hitzarmen hau ez baita negoziazio mahai batean bakarrik lortuko: sektorea mugitu behar dugu, eta langileak prozesuaren protagonista izatea behar dugu».
Antzeko mezua eman du, halaber, UGTk. «Benetan negoziatzeko garaia» heldu dela azpimarratu du, eta patronalarentzat «aitzakiak bukatu» direla ziurtatu. «Gaur urrats garrantzitsua egin dugu denbora gehiegi korapilatuta daraman egoera hau askatzeko».
Negoziazio mahaiaren hurrengo bilera urriaren 29an izango da.