ELAk, LABek eta ESKk salatu dute Mercedes Benzen 1.400 lagun ari direla lanean aldi baterako enpresen bidez

Enpresa halako kontratazioak egiten hasi zenetik, urtebete eskasean langile taldearen ia laurdena bihurtu dira. Sindikatuek diote atzerapausoa ekarri duela lan baldintzetan.

ELA, LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariak gaur, Gasteizen, Mercedes Benzen fabrikako atarian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
ELA, LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariak gaur, Gasteizen, Mercedes Benzen fabrikako atarian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Irune Lasa.
2026ko uztailaren 10a
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mercedes Benzek Gasteizko lantegian furgoneta elektriko berriarekin egindako apustua, haren inguruko inbertsioak, «begien bistakoak» dira herritarrentzat, baina horiek «positiboak» izanagatik ere, ELA, LAB eta ESK sindikatuek uste dute sortutako enpleguaren lan baldintzak ezin direla alde batera utzi.

Fabrikan langileen ordezkaritzaren gehiengoa dute hiru sindikatuek —hemezortzi ordezkari 29tik—, eta, azaldu dutenez, urtebete baino gutxiago da konpainia ABLE aldi baterako laneko enpresen bidez kontratazioak egiten hasi zela, lehen aldiz Mercedes Gasteizen ezarri zenetik. Eta jada 1.400 pertsona ari dira enpresa horien bidez lanean, lantaldearen laurdena.

«Enpresak egoera justifikatu du esanez haien lan baldintzak gainerako langileen berberak direla, baina hilabete hauetan ikusi da hori ez dela horrela, ezta gutxiago ere», esan dute sindikatuek.

Hainbat desberdintasun zerrendatu dituzte: «Askotan ez dute kobratzen beharko luketena, ez zaie arropa egokirik ematen, ezta norbera babesteko ekipamendurik ere. Ez daukate ordezkaritza sindikalik haiengana joan ahal izateko. Gero, egun batetik bestera kontratatzen dituzte, ez dute prestakuntza egokirik jasotzen, eta haien kontratuak goizetik gauera deuseztatzen dituzte. Mehatxu egiten diete, ez dietela berriro deituko, eta bederatzi orduko txandetan lan egiten dugunean ere aparteko orduak sarrarazten dizkiete».

«Prekarizazioa»

ELAren, LABen eta ESKren ustez, nahiz eta «haien baldintzak beste enpresa batzuetakoak baino hobeak izan», ABLEak sartu izanak «atzerapauso handia ekarri du Mercedesen; lan baldintzen prekarizazio argia».

Egoera horretan, «inbertsioetarako dirua eta laguntzak jartzeko arazorik ez duten administrazioek —udalak, aldundiak, Jaurlaritzak— ikusi beharko lukete herritarren prekarizazioan ere inbertitzen ari direla», salatu dute sindikatuek.

Gaineratu dute lan ikuskaritzak badaukala aldi baterako laneko enpresen bidez lan egiten dutenen egoeraren berri. «Baina araudia betetzen den aktiboki zaindu beharrean, Mercedesi mesede egiteko edozein aitzakia bilatzen du, beste enpresa batzuetan egindakoaren kontrakoa eginez ere. Baliabide nahikorik ez duela aitzakia jarrita ikuskaritzaren jardunbide batzuk berandu iritsi direla ere gaitzetsi dute ELAk, LABek eta ESKk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA