Dermatosiaren aurkako txertaketa Arabara eta Bizkaira ere hedatzeko eskatu dute aldundiek eta abeltzainek

Salatu dute Espainiako Gobernuaren estrategiatik kanpo geratu direla bi lurralde horiek. Nafarroan, berriz, ontzat jo du txertaketa hegoaldera ere zabaltzea.

Esnetarako behi bat, Lacturale etxaldean, Etxeberrin, Nafarroan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Esnetarako behi bat, Lacturale etxaldean, Etxeberrin, Nafarroan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko martxoaren 18a
15:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta nekazaritza sektoreko erakunde nagusiek —Bizkaiko EHNEk, ENBAk eta UAGAk— kezka agertu dute Espainiako Gobernuak dermatosi nodular kutsakorraren aurka ezarritako txertaketa estrategiatik kanpo geratu direlako Araba eta Bizkaia. Egoera hori «ulertezina» dela adierazi dute, eta behi aziendak babesteko txertoa bi lurralde horietara ere zabaltzeko eskatu.

Azken asteotan Europako hainbat lekutan atzemandako fokuek eta bereziki Huescan (Aragoi, Espainia) agertutako kasuek piztu dute berriz ere alarma. Gaitz horrek behiei erasaten die; birus batek eragiten du, eta intsektu ziztatzaileen bidez hedatzen da; ez da gizakietara transmititzen.

Espainiako Gobernuaren txertaketa estrategian eremu jakin batzuk lehenetsi dituzte, eta, gaur-gaurkoz, Araba eta Bizkaia kanpoan geratu dira. Hori garai bereziki delikatuan gertatu da, nekazarien erakundeek eta aldundiek ohartarazi dutenez: aziendak mendiko larreetara igotzeko garaia hastear da, eta Euskal Herriko abeltzaintza eredu estentsiboan ohikoa da larreak partekatzea; horrek arriskua handitzen du, posible baita txertoa hartutako aziendak eta hartu gabekoak elkarren ondoan egotea.

Aldundiek eta sektoreko eragileek adierazi dute prest daudela txertaketaren kostua beren gain hartzeko baldin eta modua ematen bada neurri hori lurralde guztietara zabaltzeko. Bien bitartean, ustiategietan biosegurtasun neurriak zorrozteko deia egin diete abeltzainei: ibilgailuen eta instalazioen desinfekzioa indartzea, animalien mugimenduak kontrolatzea eta intsektuen kontrako babesak handitzea, besteak beste.

Nafarroan, beste %49ri 

Nafarroan, berriz, jarrera aldatu Espainiako Gobernuak. Baimena eman du aurreko txertaketa kanpainatik kanpo geratu ziren 277 ustiategietako 60.000 behi ingururi txertoa jartzeko —lurraldeko behi guztien %49 —. Pirinioen beste aldean zenbait kasu atzeman ondoren, Nafarroako iparraldeko eskualdeetan baino ez zuten abiatu txertaketa; sektoreak, ordea, hasieratik eskatu zuen neurria lurralde osora zabaltzeko. Orain iritsi da Madrilen erabakia, Huescan bi kasu baieztatu eta hamabost egunera, eta datozen egunotan hasiko dira txertaketa prestatzen, Zangozako merindadetik eta Nafarroa hegoaldetik hasita.

Neurria indarrean jartzeko, hala ere, Europako Batasunaren baimena beharko da. Behin onartuta, Espainiako Gobernuak banatuko ditu txertoak, eta Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko du horiek jartzearen kostua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA