Makroekonomia

Alemania atzeraldi teknikoan dago

Euroguneko ekonomia handienaren BPGa uzkurtu egin da azken bi hiruhilekoetan, familien gastuen beherakadaren ondorioz.

Volkswagen autoak Zwickauko fabrikatik ateratzen, atzo. MARTIN DIVISEK / EFE
Iker Aranburu.
2023ko maiatzaren 25a
11:25
Entzun

Futboleko VAR epaile laguntzailearen modura, Destatis Alemaniako estatistika erakundeak zuzendu egin du duela aste batzuk emandako epaia: orduan esan zuen Alemaniak ozta-ozta egin ziola ihes atzeraldiari, 2022ko lehen hiruhilekoan %0,5 uzkurtu ondoren, 2023ko lehenengoan %0ra iritsi zelako. Datu gehiago pilatu eta aztertu ondoren, ordea, Alemania atzeraldi teknikoan dagoela ziurtatu du: aurtengo lehen hiruhilekoan %0,3 txikitu zen barne produktu gordina.

Atzeraldi teknikoa dago herrialde bati BPGa bi hiruhilekoan jarraian txikitzen bazaio.

Alemania eta Espainia dira, euroguneko kideen artean, 2019 amaierako BPGra iritsi ez diren bakarrak.

Destatisek azaldu duenez, kontsumo pribatuaren beherakada izan da Alemaniako ekonomia txikitu izanaren arrazoi nagusia. Ā«Familiak gauzak erosteko uzkur aritu dira: gutxiago gastatu dute janarian eta edarian, jantzietan eta oinetakoetan, eta altzarietanĀ». Halaber txikitu dira auto salmentak ere; besteak beste, auto elektrikoak eta hibrido entxufagarriak erosteko laguntzak apaldu direlako.

Alemaniako ekonomiaren beste indargune nagusiak, industriak, urteko lehen hiruhileko gorabeheratsua izan du. Destatisek azaldu du %2 hazi dela iazko azken hiruhilekoarekin alderatuta, baina gaineratu du martxoan eten egin dela hazkunde hori.

Kezka areagotu du atzo jakinarazitako datu batek: Alemaniak Txinara egiten dituen esportazioak %11,3 txikitu dira urteko lehen lau hilabeteetan. Neurri handi batean ustekabea da, espero baitzen Alemaniako industria esportatzaile indartsuak abantaila aterako ziola Txinak pandemiaren ondoren bere mugak zabaltzeari.

Jaitsieraren arrazoietako bat da apaltzen ari dela txinatarrek Alemaniako autoak erosteko duten grina. Gero eta gehiago, Txinako gidariak tokiko markak erosten ari dira, eta alde batera uzten ari dira atzerriko markak. Joera hori batez ere auto elektrikoetan ikus daiteke, Txinako autogileen eskaintza asko ugaritu baita, eta Europako lehiakideenak baino merkeagoak baitira.

Eurogune osoan ere bai?

Alemaniaren datuak ondorioa izan dezake eurogune osoan, eta Eurostat eraman dezake baieztatzera 2023ko lehen hiruhilekoan euroa duten herrialdeetako ekonomia ere txikitu egin zela. Izan ere, apirilaren amaieran aurreratu zuen %0,1 hazi zela, baina orduan kontatzen zuen Alemanian ez zela atzeraldirik izan. Alemaniak pisu handia du euroguneko ekonomian, %28tik gorakoa, eta haren gorabeherek eragin handia dute taldean.

Ekainaren 8an da Eurostat euroguneko BPGaren datu osatua ematekoa, eta agian berak ere esango du eurogunea atzeraldi teknikoan sartu zela urtearen hasieran, 2022ko azken hiruhilekoan %0,1 egin zuelako atzera.

Halakorik ez dago Euskal Herrian, nahiz eta Eustatek eta Nastatek oraindik berrikusi behar dituzten duela aste batzuk aurreratutako datuak. Haien arabera, Nafarroako BPGa %0,3 hazi zen urtarriletik martxora, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoa, berriz, %0,4.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.