Luzaroago lan egitea eta finantza merkatuetan inbertitzea. Modu sinple batean esanda, hori proposatu du aditu talde batek Alemaniako pentsio sistema publikoari eusteko. Zehazki, bizi itxaropenaren bilakaerarekin lotu nahi diote erretiroaren adin ofiziala, eta horrek berekin ekar dezake XXI. mendearen amaieran 70 urte bete arte itxaron behar izatea lan bizitzari adio esateko. Gainera, pentsio plan pribatuak derrigorrezkoak izatea nahi dute, eta langileek halabeharrez soldataren %2 gordetzea finantza merkatuetan inbertitu eta etekinekin osagarri bat jasotzeko.
Proposamen sorta gaur goizean aurkeztu diote Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrari (CDU), eta oso harrera beroa egin dio. «Gobernu koalizioan ados gaude: plana bere osoan jarriko dugu indarrean». Hitz horiek berretsi ditu Baerbel Bas Lan ministro sozialdemokratak (SPD); ziurtatu du adituen plana «erabateko artelana» dela eta proposatutako neurriak ezin direla zatitu. Azaldu dutenez, legearen moldaketak urtearen bigarren erdian hasi nahi dituzte.
Merzek ziurtatu du plana indarrean jarriz gero pentsioak ez direla txikitu beharko, eta erretiroa jasotzen dutenek beren azken soldataren %70 inguru jaso ahal izango dutela pentsioan. Are gehiago, nabarmendu du gaur egungo gazteentzat pentsioak handitu egingo direla, pentsioaren atal publikoan aurrezteko aukera izango dutelako.Â
Horretarako, Suediako eredua hartu dute oinarri Alemaniako adituek. Herrialde hartan, pentsio publikoen zati bat ez dator aurrekontuetatik edo Gizarte Segurantzatik, baizik eta langile bakoitzak duen kontu batetik. Hori egin nahi dute Alemanian ere: 2028tik aurrera, langileek eta haren enplegatzaileek finantza merkatuetan inbertitu beharko dute soldataren parte bat —%0,5 2028an, %2 2031tik aurrera—, estatuak kudeatutako funts baten bidez. Neurri horrek ekonomiari mesede egingo diola argudiatu dute adituek, urtean 30.000 milioi euroren inbertsioak eragingo dituelako.
67 urterako bidean
Gaur egun, erretiroaren adina urratsez urrats atzeratzen ari da Alemania, eta 2031rako 67 urtera iritsiko da, 1964an jaiotakoentzat. Adituek uste dute adina 67 urtean uzteak pentsioak txikitzera behartuko lukeela, zeren hurrengo urteetan, baby boom-aren belaunaldia zahartzarora iristen denean, 13,3 milioi lagunek hartuko baitute erretiroa 2040rako, gaurko hiru langiletik batek.
Hori aurre egiteko, erretiroaren adina bizi itxaropenera egokitzea proposatu dute. Horrek, gaur egungo biztanleriaren bilakaerarekin, ekarriko luke hamar urtean behin beste urte erdi atzeratzea erretiroa; hortaz, 67,5 urteraino iritsiko litzateke 2041ean, eta 68 urteraino 2051n. Demografiaren gaur egungo bilakaerak berdintsu jarraituz gero, 2092. urterako 70 urtean izango litzateke erretiroa; bizi itxaropena gutxiago haziz gero edo murriztuz gero, berriz, ez litzateke 70 urteraino iritsi beharko.
Proposamenak aurrera egingo balu, desagertu egingo litzateke 63 urterekin erretiroa hartzeko aukera 45 urte edo gehiago kotizatu dutenentzat, eta horrek industria sindikatuen kexua eragin du, bereziki zigortuko baititu lan gogorrak egiten dituzten langileak.Â