ELA sindikatuko idazkari nagusia

Mitxel Lakuntza: «Alternatiba bat planteatu eta eragileekiko elkarlana lortzen saiatuko den ezkerreko indar bat behar dugu»

Konfrontazioaren bidea defendatu du Lakuntzak, eta harro dago Hego Euskal Herrian izandako greben «errekorrarekin», lan itun onak lortzeko bide bakarra delakoan. Kritiko mintzatu da, ordea, EH Bilduren jokaeraz, EAJra gehiegi hurbildu dela uste baitu.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, sindikatuaren Bilboko egoitzan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, sindikatuaren Bilboko egoitzan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2025eko maiatzaren 31
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Astelehenean eta asteartean egingo du ELAk bere XVI. Kongresu Konfederala, Bilboko Euskalduna jauregian, Langileak antolatu, gizartea eraldatu lelopean. Mitxel Lakuntza (Iruñea, 1976) 2019ko apirilean izendatu zuten sindikatuko idazkari nagusi, kargua berritu zuen 2021eko otsailean, eta hura da buruzagitzan jarraitzeko hautagai bakarra. Aldaketa handirik ere ez da espero ELAren estrategian: konfrontazioa hitzarmenak lortzeko tresna egokia dela uste du Lakuntzak: «Aldaketa sozial bat bultzatu nahi dugu: politikan, erabateko edo, hobeto esanda, funtsezko aldaketak exijitzen ari gara. Eta, bide horretan, mobilizaziora jotzea defendatzen dugu».

«Langileak antolatu, gizartea eraldatu». Zer esan nahi du horrek?

Lan zentroetatik harago, gizartea eraldatzeko tresna bat da sindikatua. Ideia horrekin bat datoz herri honetako eragile asko. Botere ekonomiko eta politiko batzuen ustez, ordea, politikan eskua sartzea da hori: ELA lan zentroetatik ez ateratzea nahi dute.

Hortaz, ELA ere politikan aritzeko eskubidea aldarrikatzen duzue?

ELAk politika egin du, egiten du eta egingo du, langileek ematen dizkioten zilegitasuna eta babesa baliatuz. Euskal Autonomia Erkidegoan %40ko ordezkaritza daukagu; lehenengo sindikatua gara. Nafarroan, berriz, lehenengo edo bigarren indarra izatetik gertu gaude, %23ko ordezkaritza izanik. Beraz, Hego Euskal Herrian batez beste langileen %36ren babesa dauka ELAk: guk ezin badugu politikarik egin, nork egin dezake?

Orduan, zein da arazoa?

Botere ekonomikoak —patronalak eta alderdi politiko batzuek— ezartzen ditu politikan aritu ahal izateko mugak: sistema horrek uzten dituen zirrikituak ez dira nahikoak ELArentzat. Ekintza sindikala eta politikoa horietatik kanpo garatzen ahalegintzen gara. Baina, hori egiten dugunean, egurra ematen digute.

Egurra, zer zentzutan?

Begi bistan da: azken asteetako egunkariak irakurtzea besterik ez dago. ELAri buruz gezurrez betetako kontakizun bat zabaltzen ari dira patronala, lehen aipatutako alderdi politikoak —batez ere EAJ eta PSE-EE— eta [Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako] lehendakaria bera, sindikatua errealitatetik kanpo egongo balitz bezala. Negoziazioa ahalbidetu beharrean ELAk konfrontazioa baino ez duela nahi ere esan izan dute.

«Euskal Herrian, sindikalismoan, ez gaude denok krisian: ELAk ez du babes faltarik. Bitartekaritza mahai horietara batu diren langile erakundeak daude izena guztiz galtzeko bidean»

Ez al da egia?

Konfrontaziorako gaitasuna dagoenean egiten dira benetako negoziazioak. Bestela, patronalak nahi duena sinatzera baino ez lirateke mugatuko sindikatuak. Besteak beste, [EAJren EBBko presidente] Aitor Estebanek hitzarmenak lortzeko gaitasunik ez duela aurpegiratu zion ELAri, joan den astean. Gezur borobila. Gurea da akordio gehien lortzen duen sindikatua, ordezkaritzaren gehiengoa duelako. Urtero, 250 hitzarmen baino gehiago izenpetzen ditugu.

Zerk ematen die amorrurik handiena?

Batetik, guk lehen aipatu dizkizudan muga horietatik kanpo jokatzeak. Baina, batez ere, ELAk daukan babesak  ematen die amorrurik handiena; langile klasearen mesederako jartzeko, sindikatuko 103.000 afiliatuek ematen diguten sendotasunak eta erakundeak berak garatu dituen tresnek eta indar horrek guztiak, alegia.

Elkarrizketa Sozialeko Mahaia ez al da tresna egokia lan gatazkak bideratzeko?

Ez, inola ere ez. Konfrontazioaren aldeko hautua egiten dugunok eta kontraboterean kokatu garenok irabazi dugu eredu sindikalen arteko lehia. Batetik, elkarrizketa sozialaren alde egin duten sindikatuek babesa galdu dute Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan; Hego Euskal Herri osoan, alegia. Bestalde, Nafarroa da Espainian elkarrizketa sozialera diru gehien bideratzen duen erkidegoa. Patronalak, UGTk eta CCOOk sortzen dituzten mahaiei buruz ari naiz. Hala ere, adibide bat jartzearren, behin eta berriz ikusten ari gara lan istripuak gora doazela. Izan ere, prekaritateak eta langileen arazoak ez daukate lekurik [elkargune] horietan: mahaiok herren daude, edo hanka guztiak okertuta dauzkate.

Grebara errazegi deitzen duzuela aurpegiratzen dizuete batzuek. Zer duzu esateko?

Orain arte izenpetutako hitzarmenak aztertuz gero, argi eta garbi ikus daiteke horiek nola lortu diren: grebari eta konfrontazioari esker.

Sindikalismoa krisian dago?

Euskal Herrian, sindikalismoan, ez gaude denok krisian; ELAk ez du babes faltarik. Bitartekaritza mahai horietara batu diren langile erakundeak daude izena guztiz galtzeko bidean. Izan ere, zer langilek sinets dezake lan arazoei buruz mahai horien inguruan hitz eginda arazo horiek konpondu daitezkeela, gaur egungo egoeran? Patronala nola dabilen eta etekinekin zer gertatzen ari den ikusi baino ez dago. Bitartean, prekaritatea gora doa, eta, horri aurre egiteko, ez dabiltza ezertxo ere egiten gobernuak.

«Langileen artean indibidualismoa zabaltzea nahi dute enpresek, eta lantalde sendo bat izateak dena aldatzen du. Gure lorpenak hortik datoz. Izan ere, erantzun kolektiboa da modu bakarra enpresen beldur eta xantaia estrategia gainditzeko»

Aurreko buruzagitza, aurreko ildo politiko-ekonomikoa... Gauzak ongi egiten ari zareten seinale?

ELAk datorren astearen hasierako kongresuan berretsiko du bere sindikalismo eredua, eraginkorra delako eta langileen babesa duelako. Kontrabotereko eremu sindikal autonomo bat defendatzen jarraituko dugu, hori egin ezean ez legokeelako konfrontaziorako aukerarik. Ildo horretan, egia da Euskal Herrian azken urteetan greba eta mobilizazio errekor guztiak apurtu ditugula. Izan ere, beste biderik ez dago. Ondorio batzuk ere izan ditu horrek: inoiz baino hitzarmen gehiago izenpetu ditu sindikatuak. Bestalde, aurten afiliatu gehien batu duen langile erakundea da ELA: 3.000 kide gehiago ditugu, horietatik gehienak emakumeak eta etorkinak.

Garrantzitsua da langileen babesa lortzea, ezta?

ELAren hurrengo jauzia militante gehiago lortzeko bideak jorratzea izango da, lantokietan botere sindikala sendotu eta, momentu jakin batean, tokian tokiko langileek konfrontaziorako ahalmena izateko. Langileen artean indibidualismoa zabaltzea nahi dute enpresek, eta lantalde sendo bat izateak dena aldatzen du. Gure lorpenak hortik datoz. Izan ere, erantzun kolektiboa da modu bakarra enpresen beldur eta xantaia estrategia gainditzeko.

Diozuenez, ezkerreko indarrekin elkarlanean arituz izan dezakete babesa instituzioetan ELAren ildo nagusiek. Zentzuzkoa al da Sortu eta EH Bildu kritikatzea?

Koherentziaz eta zintzotasunez jokatzea ere bada haiei gaur egun egiten ez dutena egin dezatela eskatzea. Izan ere, erabat nabarmena da nola aldatu duten estrategia Sortuk eta EH Bilduk azken urteetan, moderaziora jo eta batez ere EAJrekin akordioak lortzeko, herri akordioak deitzen dituzten horien bitartez.

mitxel lakuntza
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, sindikatuaren Bilboko egoitzan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
EAJrekiko jarrerak oztopatzen al du ELAren eta ezkerreko indarren arteko elkarlana?

Beharbada, EAJk egiten dituen politiken inguruko interpretazioa izan daiteke gaur egun ezkerreko indarrekin daukagun desadostasun handienetako bat. Euskal Autonomia Erkidegoan, azken urteetan, EAJk eta PSE-EEk hauspotu dituzte patronalaren neurrira egindako fiskalitatea eta zerbitzu publikoen pribatizazioa. Gauzak nola dauden ikusi besterik ez dago: osasungintzan, adinekoen egoitzetan, hezkuntzan eta etxebizitza arloan, besteak beste. Baina, Eusko Jaurlaritzak ez ezik, hein handi batean Nafarroako Gobernuak ere babestu eta bultzatu du zerbitzu publikoen gainbehera, inbertsio faltagatik. Beraz, inozokeria da pentsatzea alderdi horiek egun batetik bestera bere estrategia alda dezaketela.

Zer egiteko prest zaudete osasungintzan, zahar etxeetan, hezkuntzan eta etxebizitza arloan?

Aldaketa sozial bat bultzatu nahi du ELAk: politikan, erabateko edo, hobeto esanda, funtsezko aldaketak exijitzen ari gara. Eta, bide horretan, mobilizaziora jotzea defendatzen dugu. Mobilizazioak areagotuko ditugu bidean aurkitzen ditugun aliatu guztiekin elkarlanean.

EH Bildurekin ere bai?

Eusko Jaurlaritzaren 2023ko aurrekontuak EH Bilduri esker onartu ziren; baita Arabako eta Bizkaiko foru aldundietako aurtengo kontuak ere. Bitartean, [EAEko gobernuarekin] gai horri buruz hitz egiteko prest agertu da EH Bildu, gatazkatsuak izan daitezkeen gaiak kanpoan utzita. Horiek horrela, zer ekarpen egingo du ezkerreko indarrak, EAJren jarreretara hurbiltzea ez bada? Trantsizio energetikoaren inguruko edota hezkuntza arloko hitzarmenak ere horrelaxe lortu dituzte.

Zer eskatzen diozue EH Bilduri?

Askotan esaten dugu: erresistentzia kutxa bat badaukagu, baina erresonantzia kutxa bat ere behar dugu instituzioetan. Alternatiba bat planteatu eta eragileekiko elkarlana lortzen saiatuko den ezkerreko indar bat behar dugu.

2021eko kongresuaren ingurumarian, Euskal Errepublikaren alde egitea erabaki zenuten, eta bide horretan sakondu duzue oraingo txostenean. 2025ean gertuago dago hori?

Espainiako Estatuak azken hamarkadetan zentralizazioa inposatzeko erabilitako tresnak jaso zituen Eusko Jaurlaritzak La erosión silenciosa txostenean. Hori onartzea abiapuntu bat bada. Hala ere, oso kezkatuta gaude herri honetako instituzioek autogobernuak jasandako higadurari emandako erantzun ahularekin. Txostenean argi eta garbi esaten da PPk eta PSOEk Madrilen onartutako oinarrizko legeen bitartez apaltzen aritu direla gaur egun betetzen ez den [EAEko] autonomia estatutua. Eta Nafarroan ere gauza bera egin dute. Auzitegi Konstituzionalaz ere baliatu dira, lege horien kontrako helegiteak atzera botatzeko.

Nolakoa izan beharko luke prozesu subiranista batek?

Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremanak aldebikotasunean oinarrituta egongo balira bezala gobernatzen aritu zen [Iñigo Urkullu] aurreko lehendakaria. Fikzioan bizi izan da. Izan ere, orain arte autogobernuaren inguruan indarrean ipinitako neurri bakarrak estatuak hartutako aldebakarreko erabakiak izan dira. Prozesu soberanistari eta autogobernuari buruz hitz egiten duenean, erabakiak hemen hartzeaz ari da ELA. Ildo horretan, balizko estatusaren eztabaidan, ez dugu inolaz ere onartuko aldaketa kosmetikoa edo azaleko aldaketa ekar lezakeen akordio bat.

Gizarte arazoek ere subiranismoaren inguruko eztabaidan tokia izatea nahi duzue?

Estatuak derrigorrez ezarri nahi dituen neurri guztiei erantzun behar zaie. Esate baterako, Espainiatik inposatzen zaigun gutxieneko soldatarekin ez dago bizitzerik Euskal Herrian: ez du balio egoera kaskarrean dauden langileak pobreziatik ateratzeko. Gutxieneko soldata handiagoak izatea eta horiek hemen erabakitzea aldarrikatzen du ELAk. Subiranismo soziala deritzon horretan, jendearen bizitzan eragina daukaten elementu horiek politikaren lehen lerrora eraman nahi ditugu.

«Askotan esaten dugu: erresistentzia kutxa bat badaukagu, baina erresonantzia kutxa bat ere behar dugu instituzioetan»

Gutxieneko soldata hemen erabakitzea aldarrikatzeko plataforma sortu duzue LAB sindikatuarekin. Batasun sindikalari berrekiteko bidean al zaudete?

Zerbait puntuala da. Izan ere, LABek ere esaten du gaur egun ez dagoela baldintzarik sindikatu bien arteko aliantza estrategiko bat osatzeko. Zintzotasunez jokatuz, ados egon gaitezkeen gaietan elkarrekin jarduteko prest dago ELA. Hala ere, argi daukagu biak ala biak bide ezberdinetatik goazela. Etorkizuneko aliantzak gai batean edo bestean izan dezakegun adostasunaren araberakoak izango dira.

Hurrengo lau urteetan zer ildo indartu nahi ditu ELAk?

Besteak beste, prekaritatearen kontrako estrategia bat aurrera eraman nahi dugu. Gainera, gai hori oso lotuta dago genero ikuspegiarekin, eta ELArentzat sindikalismo feminista garatzea beste ildo garrantzitsuetako bat da. Horrekin batera, zerbitzu publikoen defentsan jardungo dugu; eta, negoziazio kolektiboari dagokionez, gure helburuetako bat da KPItik gorako soldata igoerak lortzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.