Amazoneko langile finko guztiek egin dute greba bigarren egunean

Langile batzordeak enpresaren jarrera salatu du, Trapagarango biltegiko langile bat kaleratu eta hiruri isuna jarri dietelako.

Amazon
Amazonen langileen protesta Trapagarango biltegiaren aurrean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko abenduaren 18a
15:10
Entzun

Amazonek Trapagaranen duen biltegia geldirik egon da bigarren egunez jarraian. Fardel mugimendua hutsaren hurrengoa izan da, aldi baterako lan enpresen bitartez kontrataturiko langile gutxi batzuk bakarrik sartu baitira lanera. «Bi greba egunetan, langile finko guztiek babestu dugu protesta [110 dira]. Kamioiak deskargatu gabe gelditu dira», azaldu du Fernando Ortega langile batzordeko kideak. Bihar itzuliko dira lanera, baina beste hiru greba egun dituzte deituta: urtarrilaren 3rako, 4rako eta 5erako.

Langileak «animoz eta haserre» daudela azaldu du Ortegak. Azken egunetan zuzendaritzak hiru langileri isuna jarri die, eta beste bat kanporatu du, baina azken horrek helegitea jarriko du erabakiaren aurka. Haserrea, dena den, ez dute erabaki horiek bakarrik eragin. Ortega: «Ostiralean bildu ginen azkenekoz enpresarekin, eta lotsagarria izan zen. Ez zuten eskaintzarik egin. Enpresak dio lan hitzarmena badaukagula jada, eta ezin dela ezer egin».

Bizkaiko garraioko lan hitzarmena da hori, eta Amazonekoek biltegiko langile kategoria dute, guztietan apalena. Ortegak esan du enpresak hainbat hedabidetan gezurra esan duela lan baldintzak zertan diren azaltzeko orduan, eta «benetako baldintzak» zerrendatu ditu: «Gutako gehienek 1.400 inguruko hamabi soldata jasotzen ditugu, plusak barne. Gauez eta askotan jaiegunetan lan egitearen truke. Gainera, gutako gehienek ez dugu lanaldi osoz kotizatzen». %75eko eta %80ko lanaldiak dira ohikoenak.

Egoera konpontzeko bidea aurkitzeko asmoz, langile batzordeak eskaera sorta bat bidali dio zuzendaritzari. Besteak beste, eskatu dute soldata KPIaren arabera igotzeko, 22 eguneko oporraldia bermatzeko eta aldi baterako kontratuak gutxienez asteko 24 ordukoak edo hileko 96 ordukoak izateko.

Banatzaileak kontratatu ditzatela

Ortegak gehitu du ez dutela soilik biltegiko langileen alde protesta egiten: banatzaileak ere kontuan har ditzatela nahi dute, eta subrogazio eskubidea aitortzea gutxienez. Gogoratu du biltegiko langileek baino baldintza kaskarragoak dituztela, eta gehienak azpikontrataturikoak dira. «Amazoneko langile gisa onartzea nahi dugu, eta baditugu itxaropenak». Oiartzungo biltegian salaketa bera egin zuten, eta EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen «langileen lehen kanpoko lagapena» zela. Amazonek gidariak kontratatu beharko ditu.

Urtarrilerako beste hiru greba egun antolatu dituzte, Errege egunaren aurreko kanpainarako. Egun horien «arrakasta» ikusita, langileak itxaropentsu daude. Mobilizazioak iazko Gabonetan hasi zituzten, eta aurten ere lanuzteak egin zituzten black friday egunaren aurretik. Enpresak bere eskaintza hobetu ezean, udaberrian protesta egun gehiago antolatuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.