komunikazioa

Amazonen jabeak 'The Washington Post' egunkaria erosi du

'Watergate auzia' , Pentagonoaren paperak eta Obamaren espioitza programa ezagutarazi dituen egunkaria saldu du Graham familiak, 1933az geroztiko jabeak. "Bizirik iraun zezakeen gure eskuetan; irabaziak ere izan zitzakeen. Baina hori baino zerbait gehiago nahi genuen", esan dute orain arteko jabeek.

jon ordonez garmendia
2013ko abuztuaren 6a
16:50
Entzun

Ezustean atzo gauean jakinarazi zuen The Washington Post AEBeko egunkaria editatzen zuen konpainiak, The Post Company-k, Jeffrey P. Bezosek erosi duela AEBeko egunkari historikoa. 60 egunetan gauzatuko da salmenta, eta Amazoneko jabeak 190 milioi euro inguru ordainduko ditu. Horrekin batera The Washington Post-i lotutako beste zenbait aldizkari ere eskuratuko ditu Bezosek.

Graham familiaren azken lau belaunaldien esku egon da The Washington Post 1933tik. "Iritsi da nik eta nire familiak inoiz iritsiko ez zela uste genuen eguna. The Washington Post Company-k salgai jarri du azken zortzi hamarkadetan jabe izan den eta landu duen egunkaria", esan du Katharine Weymouth-Grahamek, sortzailearen iloba eta egunkariaren editore eta zuzendariak.

Arduradun aldaketarik ez

Bezosek iragarri du egunkariaren kudeaketan orain arte aritu diren arduradunek jarraituko dutela, eta Seattletik ez eramateko konpromisoa hartu du. "Noski, aldaketak izango dira hurrengo urteetan. Beharrezkoa da eta hori gertatuko zen lehengo jabeek saldu izan ez balute ere", adierazi die Amazoneko jabeak egunkariko langileei. Iragarri du, aldi berean, egunkarian Amazon ez dela tartean izango.

2012. urtean 53,7 milioi dolarretako galerak izan zituen AEBetan zer esan handia izan duen egunkariak, 2011n baino bi bider baino gehiago. The Post konpainia sekretuan ari zen erosle baten bila. "Azken hamarkadan egunkari hau ez da gai izan egunkariek jasan dituzten finantza gora-beherei aurre egiteko". Ezegonkortasun hori Interneten gorakadari eta paperetik digitalera izan den eraldaketari leporatu dio.

"Asmatu beharra"

Bezosek eman du pausoa. 49 urte ditu, eta hemeretzi daramatza Amazonen buruan. Bere helburua papereko egunkariari haize berria ematea da. "Asmatu beharra daukagu, eta horrek esan nahi du esperimentatu egin behar dugula". Aitortu du Bezosek kazetaritzaren munduan ezjakina dela, baina gogotsu dagoela esan du, eta optimista dela.

Mackenzie Bezos idazlearekin ezkonduta dago eta Washingtonen homosexualen eskubideen alde agertu dira, tartean, 2,5 milioi dolar emanez horien ezkontzaren alde lan egiten duen elkarte bati. Princetongo Unibertsitatean ikasi zuen Jeff Bezosek, eta Wall Streeten hasi zen lanean. Lan hori utzita, ordea, buru belarri hasi zen bere etxeko garajetik Interneten liburuak saltzen.

1994an Amazon.com sortu zuen, eta hiru urte geroago burtsara atera zen konpainia. 2001a arte ez zuen irabazirik izan, baina gaur egun Interneteko salmentaa konpainia handiena da. Adituek diote epe luzeko arrisku handiko proiektuak nahi izaten dituela. Pasa den martxoan Neil Armstrong eta Buzz Aldrin astronautak ilargira eraman zituen Apolo 11 suziaren motorrak atera zituen Atlantikotik, 1969tik urpean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.