Trantsizio energetikoak ez ditu lozorroan harrapatu Arteche eta Mondragon taldeak: orain urtebete eskas izandako ametsa egia bihurtu, eta potentzia elektronikarako soluzio berritzaileak garatuko eta ekoitziko dituen konpainia berri bat eratu dute elkarlanean. Hain zuzen ere, Amets Power Electronics izango du izena enpresa berriak, eta haren produktuek elektrizitatearen garraioa eta kalitatea bermatuko dute energia sortu eta etxean argia pizten dugun arte. Produktuen diseinu fasean 55 lanpostu inguru sortzea espero dute.
Potentzia elektronikako soluzioak garatu eta merkaturatuko ditu sozietate berriak, eta sare elektrikoetan, energia berriztagarrietan eta industria astunetan aplikatu ahalko dira soluzio horiek.
30Salmentak, milioi eurotan. Produktuak ekoizten hasten direnerako 30 milioi euro fakturatu izana espero dute Artechek eta Mondragonek.
Lehengo fasean, produktuak diseinatuko dituzte. «Balidatuta daudenean erabakiko dugu ekoizpen prozesuari nola ekingo diogun», aurreratu du Alex Artetxek. Hura da energiaren sektorean diharduen Mungiako (Bizkaia) konpainiaren presidentea. Mondragon taldeko presidente Pello Rodriguezek gaineratu duenez, lehendabiziko soluzioak «hemendik bi urtera» diseinatuta egotea aurreikusten dute.
Mondragon taldeak Ikerlan zentro teknologikoaren bitartez ekingo dio lan horri. Hasierako fasean, bost milioi euro inbertituko dituzte Artechek eta Mondragonek —bakoitzak 2,5 milioi euro—. Enpresa berriaren izaerari dagokionez, sozietate mugatu gisa eratu dute, eta gobernantza orekatua izango du: bi ordezkari izango ditu talde bakoitzak. Lanpostuei dagokienez, 55 langile kualifikatu inguru kontratatzea aurreikusten dute.
Aliantza
Rodriguezek eta Artetxek, Mondragon eta Arteche taldeetako presidenteek, elkarri bostekoa emanez irudikatu dute bien arteko aliantza, gaur Bilbon egindako ekitaldian. «Amets aukera bat da muga teknologiko berriak esploratzeko eta bideak zabaltzeko, energiaren sektorearen abangoardian jarrai dezagun eta gizartearen erronkei aurre egingo dieten irtenbideak eskain ditzagun», Artetxek adierazi duenez.
«Amets aukera bat da muga teknologiko berriak esploratzeko eta bideak zabaltzeko, energiaren sektorearen abangoardian jarrai dezagun»
ALEX ARTETXEArteche taldeko presidentea
Rodriguezek, berriz, bi taldeen arteko elkarlana nabarmendu du: «Ilusio handiz ekin genion proiektu berri honi. Etorkizuneko sektore batean jarduera berri bat martxan jartzeko balioko du».