Amiantoaren biktimek kalte ordainak eskatu ahal izango dituzte bihartik aurrera

Urte luzeetako borrokaren ostean jarriko da martxan funtsa. Biktimen elkarteek eta sindikatuek, ordea, salatu dute ez dituela biktima guztiak aintzat hartzen, eta kalte ordainak ez direla epaitegietan lortzen dituztenen parekoak.

Amiantoaren biktimen protesta bat, Donostian, 2023an. ANDONI CANELLADA / FOKU
Amiantoaren biktimen protesta bat, Donostian, 2023an. ANDONI CANELLADA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko irailaren 17a
15:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Behingoz iritsi da eguna: amiantoaren biktimek Espainiako Gobernuaren funtsetik kalte ordainak jasotzeko eskariak egin ahalko dituzte bihartik aurrera. Albisteak, ordea, zapore gazi-gozoa utzi die biktimen elkarteei eta sindikatuei, funtsak ez dituelako aintzat hartzen biktima guztiak, eta kalte ordainak ez direlako epaitegietan lortzen dituztenen parekoak.

Dirua jasotzeko, biktimek ziurtagiri bat eskatu beharko dute. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, Amiantoaren Biktimen Balorazio Taldea sortu du eskari horiek balioztatzeko eta kudeatzeko, eta gehienez ere hiru hilabeteko epean erantzuteko. Talde hori osatuko dute osasun publikoko teknikari batek, laneko osasunean aditua den Osalaneko mediku batek eta ingurumeneko osasunean aditua den teknikari batek.

Haiek erabakiko dute Gizarte Segurantzak zehaztutako kalte ordainetako zein jasotzea dagokion biktima bakoitzari: asbestosia diagnostikatua dutenek 32.207 euro jasoko dituzte; laringeko minbizia dutenek, 48.310 euro; biriketako minbizia dutenek, 64.414 euro; eta mesotelioma dutenek, 96.621 euro. Gaixotasun bat baino gehiago izanez gero, kalte ordainik handiena duena hartuko da kontuan.

«Ezgaitasun aitortua dutenentzat eta bizirik daudenentzat dira kalte ordainak, baina ordainik gabe uzten ditu biktimekin bizitzearen ondorioz gaixotutakoak eta hildakoen oinordekoak»

JON GARCIA Fedavicako bozeramailea

Gaur, funtsa indarrean sartu bezperan, agerraldia egin du Madrilen Jon Garciak, Fedavica Amiantoaren Biktimen Elkarteen Federazioko bozeramaileak. Alboan izan ditu Unai Sordo CCOOko idazkari nagusia eta Pepe Alvarez UGTkoa. Espainiako Gobernuari esan diote funtsean jasotako kalte ordainak berandu iritsi direla, eta ez direla nahikoak.

Lehenik eta behin, Garciak argi utzi du funtsa martxan jartzea «gertakari oso garrantzitsua» dela, baina, jarraian, salatu du ez dituela biktima guztiak aintzat hartzen: «Ezgaitasun aitortua dutenentzat eta bizirik daudenentzat dira kalte ordainak, baina ordainik gabe uzten ditu biktimekin bizitzearen ondorioz gaixotutakoak eta hildakoen oinordekoak. Biktima horiek estatuaren etorkizuneko aurrekontuen zain geratuko dira».

2e2796c397b9a4b06ad9caf081f694a8000001
Jon Garcia, erdian, UGTko eta CCOOko ordezkariekin, gaur, Madrilen. CCOO

Horrez gain, Garciak gogorarazi du Gizarte Segurantzak emango dituen kalte ordainak epaitegietan lortu ohi dituztenak baino apalagoak direla; kasu askotan, hiru bider apalagoak. «Ulertezina iruditzen zaigu, urte luzez zain egon ondoren, Madrilek ez errespetatzea legearen espiritua; inolako bereizketarik gabe biktima guztientzako konpentsazioak sortzea proposatzen zuen hark», adierazi du.

Hego Euskal Herrian Espainian baino hobea da egoera, zerga salbuespena lortu dutelako kalte ordainak jasoko dituztenentzat: «Horrek esan nahi du ia bi halako poltsikoratuko dutela biktimek, bestela ia erdia kentzen baitie ogasunak». 

Gizarte Segurantzaren datuen arabera, Hego Euskal Herrian eta Espainian, denera, 700 inguru dira funtsaz baliatu daitezkeenak. 25 milioi euroko funtsetik kanpo geratu dira, beraz, azken hamarkadetan hildako guztiak.

Borroka ez da amaitu

Arrazoi horiengatik, borrokan segituko dute biktimen elkarteek eta sindikatuek, Espainiako aurrekontuetan aldaketak eragin eta funtsa eurek eskatu bezalakoa izan dadin. «Parlamentuko talde guztiak» konbentzitzen saiatuko direla adierazi dute, estatua egindako kaltearen erantzule delakoan baitaude: «Funtsaren bidez duen erantzukizuna aitortzen du estatuak, eta, bide batez, eragindako kaltea onartzen du».

Amiantoaren funtsa lortzeko borroka aspalditik dator. Eusko Legebiltzarrak 2013an sortu zuen lantalde bat aukera hori aztertzeko; gerora, hiru aldiz erregistratu zuen funtsa sortzeko eskaria Madrilen, eta, azkenean, Espainiako Kongresuak 2022ko urrian onartu zuen hura sortzeko legea. Ministroen Kontseiluak, ordea, aurtengo ekainaren 17ra arte ez zuen onartu funtsa abian jartzeko dekretua. Bihar sartuko da indarrean, baina ez dirudi istorioaren amaiera izango denik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.