Amodei: kanpoan uso, etxean...

Anthropiceko buruak hamarkada bat darama adimen artifizialaren arriskuen inguruan ikertzen, baina sektoreko zenbait adituk esan izan dute bere AA eredua ere ez dela arriskutik salbu.

Dario Amodei, otsailean AAren goi bilera batean, New Delhin. RAJAT GUPTA / EFE
Dario Amodei, otsailean AAren goi bilera batean, New Delhin. RAJAT GUPTA / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko azaroaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Film askotan gertatzen den moduan, badira doilorrek maneiatzen duten mundu batean horiei aurka egiten dieten agintariak ere, edo, behintzat, eginkizun hori hartu nahi dutenak. Horietako bat da Dario Amodei, Anthropic konpainiaren sortzailea (San Frantzisko, AEB, 1983). Hamarkada bat darama adimen artifizialak gizakiei eraso egiteko duen arriskuez ikertzen, eta esan izan du gizakiak sortutako tresna batek ez lukeela gizakiarentzat arriskutsu izan behar.

Hala, Amodeik adimen artifizialaren garapena moteltzeko eskatu zuen irail erdialdean, argudiatuta AA abiada bizian ari zela aurrera egiten, eta kontrolatu ezean konpainiek sistema horiek ulertzeko eta kontrolatzeko duten gaitasuna gainditu zezakeela. Anthropiceko ingeniari batek dimisioa eman ondoren egin zituen adierazpenok; hark salatu zuen AA gizateria amaiarazteko gai izan zitekeela hamarkada bukatu baino lehen, eta Anthropicen eredua ez zela salbu. Ingeniariak zera egotzi zion Amodeiri, jendaurrean gauza bat esaten zuela eta laborategian beste bat: jendaurrean segurtasuna eta lasaitasuna transmititzea, eta laborategian, berriz, kezka eta beldurra.

Erlazionatuta

AAren gainontzeko buruak ez bezala, Amodeik hamar urte inguru daramatza AAren arriskuez ikertzen. 2016an publikatu zuen lehen ikerketa, ChatGPT sortu baino zazpi urte lehenago, ikasketa automatikoak zituen arriskuen inguruan. Ordutik, beste hainbat ikerketa ere argitaratu ditu.

Fisika ikasketak ditu Amodeik, eta doktorea da biofisikan. Lan arloan, aurrena Txinako Baidu konpainian aritu zen, herrialde hartako bilatzaile nagusian, 2015ean. Hurrengo urtean, Googlera egin zuen jauzi, eta urte hartan iritsi zen OpenAIra, segurtasunaren alorrean egindako ikerketengatik goratuta. Ikerketako presidenteorde ere izan zen han, eta GPT-2 eta GPT-3ren garapena zuzendu zuen, hau da, OpenAIren lengoaia eredu handiak, geroago ChatGPTren motor bihurtuko zirenak.

Baina orduan jabetu zen Amodei OpenAI ez zetorrela bat AA arduratsu bat garatzeko bere helburuekin, eta hori esanda utzi zuen enpresa 2020an, konpainiako beste zenbait langilerekin batera. Horiek sortu zuten Anthropic, urte horren amaieran. Hasieran, Sam Altman OpenAIren buruak harreman ona erakutsi zuen konpainia sortu berriarekin, baina giroa kaskartuz joan zen Anthropic handitu ahala. Orain, OpenAIk baino fakturazio handiagoa du Anthropicek.

Bi agintarien arteko talkak irudi ikoniko bat utzi zuen Indian izandako AAren goi bileran. Elkarren ondoan zeuden Altman eta Amodei, eta gainontzeko guztiak elkarri eskua emanda eskuak altxatu bazituzten ere, OpenAIko eta Anthropiceko buruek ez zioten elkarri eskua eman.

Talka Trumpekin

Izan ere, Amodei ez da eskua erraz luzatzen duen horietakoa, eta orain arte ez da makurtu ezta agintari handienen aurrean ere. Horren adibide da Donald Trump AEBetako presidentearekin izandako talka. Urte hasieran, gobernuak baimena eskatu zion Anthropici haren Claude adimen artifiziala «helburu legitimo guztietarako» erabili ahal izateko, baina ezezkoa jaso zuen. Presidenteak «ezkertiar zorotzat» jo zuen Amodei, eta haren enpresa hertsatzen saiatu zen, administrazioarekin harremanak izatea debekatuz.

Hala eta guztiz ere, sektoreko hainbat adituk ez dute sinesten Amodei benetan gizalegez ari denik; kanpoan uso eta etxean otso dela diote. Adibidez, uztailean, Anthropicek jakinarazi zuen bere AAko agente batzuek teknologiaren kontrola galdu zutela proba batzuk egiten ari zirela. Eta Txinako eta Irango hainbat agentek ere erabili izan dute Claude legez kanpo.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA