Ampok balbula lantegi bat ireki du Saudi Arabian, Ekialde Hurbilean hazteko

Idiazabalgo kooperatibak hidrogenoan eta energia garbietan sartu nahi du. Artechek Turkiako Esitas taldea bereganatu du

Amporen lantegi berria, Dammam hirian. AMPO.
Iker Aranburu.
2021eko uztailaren 10a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Neurria irabaztea eta nazioartean merkatu gehiago lortzea: helburu horiek dituzten bi euskal enpresa atzerrian hedatu dira; organikoki Ampo, Saudi Arabian fabrika bat irekita, eta erosketen bidez Arteche, Turkiako Esitas enpresa bereganatuta.

Ampok Dammam hiria hautatu du Ekialde Hurbilen dituen merkatuak egonkortzeko eta negozio berriak erakartzeko. Saudi Arabiako ekialdean dago Dammam, Persiar golkoan, eta Qatarretik eta Arabiar Emirerri Batuetatik ez oso urruti. Teknologia handiko balbulak egingo ditu han, ez soilik hidrokarburoen energia indartsurako, baita beste sektore batzuetarako ere: kimika, petrokimika, ura eta meatzaritza.

Ibon Imaz kooperatibako koordinatzaile nagusiak ziurtatu du kanpora ateratzeak Idiazabalgo egoitza nagusiko enpleguak sendotuko dituela, bezero berriak lortuko dituelako eta haiek izan daitezkeelako Gipuzkoan egiten dituen produktuen erosleak. Izan ere, Idiazabalen jarraituko dute «zerbitzu zorrotz eta konplexuenetarako balio erantsi handiagoko balbulak» diseinatzen eta ekoizten.

Enpresaren nazioartekotzea ez da Saudi Arabian bukatuko, hori baita 2021-2022ko plan estrategikoaren helburuetako bat. Afrika eta Kaspiar Itsaso ondoko herrialdeak begiz jota ditu Ampok.

Ikusita azken urteetan petrolioan eta gasean inbertsioak gutxitzen ari direla, Ampok parte hartu nahi du energia trantsizioan, eta espresuki aipatu du hidrogenoaren inguruan sortzen ari den mugimendua. Indartu egin nahi du Ampo Service adarra ere: hau da, bere bezeroei mantentze eta konponketa zerbitzuak ematen dizkien adarra.

2020. urtea gogorra izan den arren hidrokarburoen industriarako, Ampok %20 handitu ditu salmentak, 153 milioi euroraino. Horietatik %95 Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo saldu du. Gaur egun, 800 langile ditu Ampok.

Ampok 2016-2021eko epean egindako 48 milioi euroren inbertsioekin lotu ditu zuzenean iazko emaitza «onak». Diru horrekin fabrika bat ireki zuen Indian; mekanizazioko planta handitu zuen Idiazabalen; digitalizazio plan bat abian jarri zuen, eta aldaketa teknikoak egin zituen balbulen fabrikazioan.

Arteche, Turkiara

Duela hilabete baino gutxiago burtsara atera zen Arteche, bere hedapena finantzatzeko kapitalaren bila. Ez du asko itxaron lehen erosketa egiteko: Turkiako Esitas (Elektrik Sarrayi ve Ticaret Anomin Sirketi) enpresa erosi du. Tentsio txikiko eta erdiko transformagailuak egiten ditu Esitasek 1984. urteaz geroztik; 350 langile baino gehiago ditu, eta bi ekoizpen planta: bata, Istanbulen, eta bestea, Jakartan (Indonesia). Iaz 11 milioi euroren salmentak egin zituen, eta bi milioi euroren irabazi operatibo bat izan zuen.

Artechek transformagailu eta gailu elektrikoak ekoizten ditu, eta iaz 265 milioi euroko fakturazioa lortu zuen. 2.000 langile ditu munduan dituen 11 plantetan, eta horietatik 600ek Mungiako eta Gasteizko lantegietan dihardute. Artechek 170 herrialdetan saltzen ditu bere produktuak. Burtsara irten ondoren, Artetxe familiak akzioen erdiei eutsi die —lehen %66 zituen—, eta beste bi akziodun handi ditu: Damaso Casado enpresaria (%24) eta Eusko Jaurlaritza (%7).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE