Amurrioko Tubos Reunidoseko langile batzordeak bost egunetan greba egitera deitu du, enpresak Amurrioko (Araba) eta Trapagarango (Bizkaia) lantegietan 301 langile kaleratu nahi dituela eta. Bost greba horiek egun osokoak izango dira; otsailaren 17an, 23an eta 26an, eta martxoaren 4an eta 9an. Langile batzordeak espero du enpresako zuzendaritzarekin batzartzea egun horietan.
Ikusi gehiago
Gainera, lau orduko beste hainbat lanuzte ere egingo dituzte, langile batzordeak  jakinarazi duenez. Atzo egun osoko greba egin zuten, eta ostiralean ere hala egitekoak dira. Hain zuzen, ostiralean sindikatuetako ordezkariak Eusko Jaurlaritzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin bilduko dira.
Hodigintza enpresak atzo iragarri zuen Amurrioko eta Trapagarango lantalde osoaren ia laurdena sartuko duela lan erregulazioan; 274 Amurrioko lantegian eta 27 Trapagarangoan. Ordurako protestan ari ziren Amurrioko lantegiaren aurrean. Berrehun langile inguru bildu ziren han, «Kaleratzerik ez, erregulazio espedienterik ez» zioen pankarta batekin.