LAN ERREFORMA. GREBA OROKORRA. ANALISIA

Egun bakarreko presioa

Iker Aranburu.
2010eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Greba bitxia izan da. Euskal Herritik begiratuta nabarmen, ez baita ohikoa -ezta praktikoa ere- gehi-engoa duten sindikatuen iritziaren aurka egitea. Emaitzak begi bistakoak dira, eta joko nuke ez dutela atsekabe handirik eragin ELAren eta LABen egoitzetan.

Greba batik bat Espainia aldean zegoen jokoan, eta handik begiratuta ere, sindikatuen eta gobernuaren arteko harremanak goitik behera markatu du. Greziatik iritsitako zorraren ekaitzak busti zuen arte, Zapatero goxo-goxo izan zen CCOOrekin etaUGTrekin, eta ezohiko adeitasunez tratatu ditu greba egin diotenean ere. Sindikatuek ere azken unera arte itxaron dute ahotsa altxatzeko, greba aurreko giro epelegia berotu behar izan zuten arte. Kalkulu elektoral ulergarria dago bien jarreraren atzean: PSOEk ezin du 2012ko hauteskundeak irabazteko itxaropenik gorde sindikatuekin gerra irekian badago, eta CCOOk eta UGTk ez dizkiote bozak PPri oparitu nahi, jakinda haiekin erreformak are mingarriagoak izango liratekeela.

CCOOk eta UGTk behin eta berriro esan dute grebaren helburua lan erreforma geratzea dela, artean badagoela atzera botatzeko tartea. Baina mezu horrek gehiago dirudi herritarrak grebara biltzeko lelo bat, aukera errealista bat baino. Zapaterok ez du zirkinik utzi erreformaren puntu bakarra ere zuzentzeko, nahiz eta erreforma bera gogo txarrez eta kanpoko indarrek -Europako Batasunak eta finantza merkatuek- bultzatuta egin duen.

Beste bi arrazoi ikus daitezke grebaren atzetik. Batetik, egin behar zelako egin dute. Sindikatuek kritika handiak entzun dituzte langabeziaren handitzearen aurka protesta ez egiteagatik -greba egiteagatik kritikatu dituzten askoren ahoetatik-. Eta nabarmena da lan erreformak kalte egiten diela langileen eskubideei. Nola ez da bada haserretzeko arrazoi izango aurrerantzean kalean geratzean kalte-ordain txikiagoa jasotzea? Edo enpresaburuek ateak zabaltzea lan baldintzak beren kabuz aldatzeko?

Sindikatuek argudiatu dute neurri horiek ez dutela balioko enplegua sortzeko, eta luze gabe behintzat, badirudi gobernua bera ere uste horretakoa dela: 2011ko aurrekontuetan %19,3ko langabezia tasa aurreikusi du, gaur egun dagoenaren oso antzekoa. Findu beharrekoa izanda ere, Madrilek badaki lan araudia ez dela Espainiaren arazo nagusia. Egitura ekonomikoan dago gakoa. Nola uler daiteke bestela, legedi berarekin, INEk %10,5eko langabezia tasa ematea Hego Euskal Herriari eta %27,8koa Andaluziari? Edo Espainiak bere auzoen halako biko langabezia izatea? Besteen legedia baino bi aldiz okerragoa al da enplegua sortzeko?

Grebaren beste arrazoia da etortzear dauden erreformak oztopatzea edo baldintzatzea. Zapaterok esan du pentsioei buruz negoziatu nahi duela sindikatuekin. Zalantzarik ez izan negoziazio horretan indar gehiago izan dezaketela sindikatuek dagoeneko gobernuari hortzak erakutsi badizkiote. Baina helburu hori lortu nahi badute, beharrezkoa izango zaie gobernuari presio egiten jarraitzea, Frantzian eta Ipar Euskal Herrian egiten ari diren moduan -arrakastarik gabe, oraingoz-. Hurrengo egunotan ikusiko da zein asmo duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.