Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Imazek etxean egin du presio

2023ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Egun gutxi behar izan ditu Repsolek oharretatik erabakietara igarotzeko. Iragan astean, Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak ohartarazi zuen energia enpresen gaineko zerga luzatzeak ondorioak izan zitzakeela konpainiaren inbertsioetan. Hots, inbertsio batzuk «Espainiatik kanpora» eraman zitzakeela eta beste batzuk geratu. Kolokan geratu diren proiektuei izena jartzen hasi da Repsol, eta Bizkaian egin du. Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidenteak astelehenean azaldu zuen stand by edo izoztuta geratu zirela Muskizko findegia hidrogenoz hornitu behar duen elektrolizatzaile handia eta erregai sintetikoak ekoizteko beste bat —Repsol da Petronorren akzioen %86ren jabea, eta gainontzekoa Kutxabankena da—.

Imaz ez da izan zerga horren aurka mintzatu den bakarra, baina bai, agian, sutsuena. Iazko udan, artean proposamen bat besterik ez zela, Imazek ohartarazi zuen zerga «demagogiko» eta «antikonstituzionala» zela, eta inbertsioei eta enpleguari kalte egingo ziela. Orduko ohar horrek ez zuen funtzionatu, 2022ko azaroan Espainiako Kongresuak ontzat hartu baitzuen gobernuaren proposamena. Eta zerga auzitegien esku egoteak ez ditu kikildu PSOE eta Sumar, beren gobernurako akordio berrian hitzartu baitute luzatu egingo dutela, formula zehatza jakinarazi ez badute ere.

Hortaz, uler daiteke beren botoekin zerga gera dezaketen alderdiei zuzenduta dagoela azken egunotako presioa. Eta agian kasualitate hutsa da geratu diren lehen proiektuak Euskal Herrikoak izatea, baina susmagarria ere bada, jakinda EAJk Kongresuan dituen bost botoak funtsezkoak direla luzapenak aurrera egin dezan.

Iaz ez ziren derrigorrezkoak, eta jeltzaleak ez ziren erabat busti. Esan zuten berez ez zeudela zergaren aurka, eta zerga arintzea negoziatu zuten PSOErekin. Baina, bozketaren egunean, abstenitu egin ziren, argudiatu baitzuten legea gaizki eginda zegoela, eta auzitegiek atzera botako zutela.

Orain, berriz, zailagoa dute erabaki garbi bat saihestea: kontrako botoa emanez gero, ez du aurrera egingo, eta abstenitzen badira, Juntsen aldeko botoa ezinbestekoa izango da.

Oraingoz, ulerbera

Lehen erreakzioak ikusita, badirudi Imazen oharrak eta Lopez Atxurraren iragarpenak ez dituela haizeak eraman. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburua, Itsaso Atutxa Bizkaiko Buru Batzarreko presidentea eta Iñigo Ansola EEE Euskal Energiaren Erakundeko zuzendaria ulerbera azaldu dira Repsol-Petronorrekin. Baina egia da, aldi berean, tentuz jokatu dutela, ez baitute modu garbi batean esan EAJk zeren alde bozkatuko duen.

Egoera konplikatua baita EAJrentzat. Batetik, ez ditu mindu nahi ogasunei diru asko ekartzen dieten enpresak —Petronor, Iberdrola, Kutxabank—, baina haren esku dauden ogasunek ez diete mespretxurik egiten zerga horrek ekartzen dituen diruei. Bada, gainera, kontuan hartu behar duen beste faktore bat: hauteskundeak. Eusko Legebiltzarra berrituko dute martxoan edo ekainean, eta oposizioari karnata emango lioke zergaren luzapenaren aurka agertzeak.

Bankuek eta energia enpresek beraiek badakite ez dutela oso ospe onik herritar gehienen artean. Are gehiago: haiek gehiago zergapetzearen babesa indartu egiten da emaitza ikusgarrien berri ematen duten aldiro, eta aurten halako asko izaten ari da. Markak haustekotan dira Iberdrola eta Kutxabank, eta iazko errekorretik nahiko hurbil geratuko da Repsol, nahiz eta aurten petrolioa eta gasa iaz baino merkeago dauden.

Imazen konpainiak 2.750 milioi euroren irabazi garbiak izan ditu urtarriletik irailera, eta, kalkulatu duenez, 450 milioi euroren kostua ekarriko dio aurten energia konpainien gaineko zerga bereziak. Tasa horri batu beharko dio sozietate zergan, ingurumen eta udal zergetan eta Gizarte Segurantzari bere langileen kotizazioetarako jarritakoa —4.544 milioi iaz—.

Ezin da ukatu dirutza izango dela, baina, kexuak kexu, badirudi Repsolek sosak aurkitu dituela aurten ere inbertsio handiak finantzatzeko —4.362 milioi urtarriletik irailera, iaz baino %82 gehiago—, baina, era berean, bere 52.000 akziodunak ederki saritzeko: dibidenduen eta kapital murriztuaren artean, 2.400 milioi euro jasoko dituzte aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.