Ezbeharrak beharrezko direla batzuetan, hori esan daiteke apirilaren 28ko itzalaldiaz, aste honetan Espainiako Gobernuak argindar sistemari buruz onartutako dekretuari begira. Zero elektrikoa txinparta bat izan dela Iberiar penintsulako argindar sistemaren berritzea eta eguneratzea bizkortzeko.
Paperak hori erakusten du behintzat. Dekretuak, berez, Espainiako Kongresuaren oniritzia beharko du hemendik hilabete batera, eta Pedro Sanchezenen gobernuak hor hari muturren bat aske dauka oraindik —Podemosekin—, gehiengoak lortzeko derrigorrezko dituen brodatze lanetan.
Dekretuak aldaketa asko dakartza. Horietako bat zuzen-zuzenean da itzalaldiaren ondorio: hemendik aurrera ikuskapena izango da argindarra garraiatzeko eta banatzeko sistemen parte diren eta tentsioaren kontrola ezartzeko betebeharra duten zerbitzu emaileen gainean.
Alegia, besteak beste Iberdrola, Endesa eta Naturgy konpainien zentral handiek eta laster zerbitzu hori eskaintzeko modua izango duten berriztagarrien konpainiek hiru hilean behin erakutsi beharko diote CNMC Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeari gai direla tentsioaren kontrolerako obligazioak betetzeko. Itzalaldia eragin zuten faktoreetako bat izan zen lan hori zegokien termiko handiek ez zutela egitekoa behar bezala bete, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren eta Red Electricaren bi-bien txostenen arabera.

Argindar konpainia handiak ukitzen dituen beste neurri bat ere bada. Red Electricaren funtzioei —argindarra garraiatzen aritzen da, eta, aldi berean, argindar sistemaren kudeatzailea da— beste lan bat gehituko zaie: argindar merkatuaren funtzionamendua hobetzeko xedez, azken argindar kontsumitzaileen datuen sarbide bakarra REE izango da; beraz, orain hirurehun bat banaketa konpainiaren artean banatuta dauden 30 milioi kontagailu adimendunetako datuak izango ditu REEk. Argindar konpainiaz aldatzea errazagoa eta argiagoa izango da, orduan? Ikusiko.
Argindar sare osoan gertatzen denari buruzko informazio egokia izatea berebizikoa bihurtu da gaur egun. Oraintsu arte, sistemaren funtzionamendua, funtsean, sinplea zen: argindarra sortzen zen urtegi batean, zentral nuklear batean edo ziklo konbinatuko batean; haientzat espresuki jarritako lineen bidez garraiatzen zen, eta, gero, banaketa sareen bidez kontsumitzaileengana eraman. Sorkuntzan argindar konpainia handiak aritzen ziren; garraioan, Red Electrica, banaketan, argindar konpainien banatzaileak, eta azken buruan, konpainia horien merkaturatzaileak zeuden.
Baina aldaketa handiak eta bizkorrak gertatu dira, haize errotak eta batez ere eguzki panelak direla medio. Orain, argindar sorkuntza banatua da. Argindarra sor daiteke zentral nuklear batean, baina baita mendi tontor haizetsu batean edo etxe ondoko kiroldegiko teilatuan ere. Horri guztiari buruzko informazioa izatea oso inportantea da.
Laster kontsumitzaile-sortzaileei ezaguna egingo zaie agregatzaile independenteen figura, zerbitzuak eskaintzera etorriko zaizkie eta
Eta argindar hori guztia garraiatzeko, linea berriak behar dira, eta lehendik daudenek prest egon behar dute, garraio sarean, eta baita banaketa sarean ere. Izan ere, orain, autokontsumoaren arloan, kontsumitzaileak sortzaileak ere badira, eta banaketa sareek segurtasun handienarekin eman behar diote bide horri.
Sorkuntza banatuak dakartzan aldaketa handien adierazle da agregatzaile independentearen figura, dekretuaren bidez sortuko dena. Figura horrek modua izango du kontsumo anizkunak, sortzaileek eta kontsumitzaileek sortutako argindarra eta biltegiratutako argindarra konbinatzeko, izan salmentarako, izan erosketarako, edo izan sistemaren zerbitzuetarako —adibidez, tentsioa kontrolatzeko—. Laster kontsumitzaile-sortzaileei ezaguna egingo zaie figura hori, zerbitzuak eskaintzera etorriko baitzaie.

Itzalaldirik egon ez dadin lortzeaz gain, argindar sareen ezinbesteko hobekuntzak badu beste helburu bat ere, handinahiagoa. Espainiako Gobernuak uste du berriztagarrien bitartez trantsizio energetikoak sekulako aukera dakarrela herrialdea berrindustrializatzeko.
Euskal industria
Euskal industriarentzat, deskarbonizatzeko eta lehiakorrago izateko, aukera paregabea da argindar berde merkea izatea. Baina, elektrifikatzeko, iritsi egin behar zaio argindar hori. Eta bai EH Bilduk eta bai EAJk itzalaldiaren txinpartak bizkortutako dekretu hori baliatu dute; izan ere, euskal industriarentzat baliagarriak izango diren neurriak lortu dituzte dekretuaren alde bozkatzearen truke.
Adibidez, EH Bilduk azaldu duenez, koalizioak egindako negoziazioei esker 250 milioi euroko laguntzak berreskuratu dira argindar asko kontsumitzen duten industrientzat; argindar labeen baldintzak gasezko labeek dituztenekin parekatu dira; Red Electricak bere plangintzak malgutzea ere lortu dute, eta horrela proiektu berriei bizkorrago erantzungo die, plangintza bi urtera begira eginez eta ez bostera begira, orain arte bezala.
EAJren arabera, haiek ere izan dute zeresana plangintza epe motzago horretan. Horrez gain, jeltzaleek azaldu dute lortu dutela potentzia gehigarria beharrezkoa zuten proiektuek megawatt libreak baliatzea eragozten zuten mugak kentzea ere, eta udazkenean hasiko dela hori aplikatzen.
Beste neurri mordo bat ere jasotzen du dekretuak itzalaldiak eragozteko, baina batez ere sare elektrikoa berriztagarriek dakarten sakoneko transformaziora egokitzeko. Eta horrela, itzalaldia pizgarri bihurtu da.