Iker Aranburu.

Ormuz eta geografiaren garrantzia

2026ko apirilaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pakistanen dago Donald Trumpen negoziatzaileen dream team-a: isolazionista bat (JD Vance presidenteordea), higiezinen sustatzaile bat (Steve Witkoff) eta diplomazia negozio pertsonalekin nahasten duen bat, Trumpen suhia (Jared Kushner). Hirukote horrek eta Iranen negoziatzaileek erabakiko dute mundua beste energia krisi sakon baten amildegian eroriko den ala azken orduan saihestu egingo duen; Benjamin Netanyahuren agenda pertsonala berriro gailentzen ez bada, betiere.

Hurrengo egunotan su etena egonkortzeko akordioa lortuko balute ere, energiaren munduan aldaketa bat baino gehiago luzerako izango direla espero da. 

Batetik, Iranek ikasi du gerra batean badirela hegazkinek eta misilek bezainbesteko garrantzia duten elementuak. Oraingoan, geografia da elementu erabakitzailea, eta, zehatzago esanda, Ormuzko itsasartearen kontrola. Hura bere mehatxuekin eta droneekin itxi izanak eman dio, hein batean, negoziazio mahaian esertzeko aukera. Petroliontziak eta gasontziak normal ibili izan balira, Trump nekez eseriko zen ezer negoziatzera, Teheranek frogatu egin duelako lehen susmatzen zuen zerbait: Ormuz itxiz gero, mundu osoa hankaz gora geratzen da, handik igarotzen delako petrolioaren eta gasaren %20 inguru. Ikasgai bat etor daitezkeen gatazkei begira.

ras laffan
Qatarko Ras Laffan gas naturala tratatzeko planta, Iranen eraso baten ondoren. HANNIBAL HANSCHKE / EFE

Gainera, badirudi Teherango gobernuak gustua hartu diola Ormuzen kontrolari, eta ordainsari bat jarri nahi die handik igarotzen diren itsasontziei —bi milioi dolar petroliontzi bakoitzeko—. Lehen pasabide libre bat zena kutxak betetzeko tresna bat bihur daiteke, Trumpen estrategiarik ezaren ondorioz. Eta ez baztertu AEBetako presidenteak ere eskua jartzea bere zatia jasotzeko. 

Petroliobideen eskasia

Baina Iran ez da izan Ormuzen garrantzi geoestrategikoaz jabetu den bakarra. Orain, inoiz baino gehiago, Persiar golkoko herrialde ekoizleek badakite beste aukera batzuk behar dituztela beren likido eta gas preziatuak munduan zehar banatzeko. Saudi Arabiak lortu du bere ekoizpenaren zati bat Ekialde-Mendebalde petroliobidetik ateratzea, eta, neurri txikiago batean bada ere, baita Arabiar Emirerri Batuek ere, Habshan-Fujairah-ekin, baina argi geratu zaie gehiago eraiki beharko dituztela hurrengo batean Iranen erabakien menpe ez egoteko.

Petroliobideen aukera ez dute izan Kuwaitek eta Irakek, baina lezioa ikasi dute: litekeena da Kuwaitek, saudiarren laguntzarekin, bere petroliobide propioa eraikitzea, eta Irakek Turkiatik bilatuko du irtenbidea.   

Irak izan da, hain zuzen ere, gerraren albo kalte nagusietako bat. Ez soilik Iranek herrialdean oraindik duen pisu politikoak eta erlijiosoak aurrera begira desegonkortasun handia eragin diezaiokeelako, baizik eta petrolio ekoizpenaren %75 eten behar izan duelako, erasoen eta esportatzeko ezintasunaren ondorioz. Eta behin putzuak ixten direnean, ez da hain erraza berriro martxan jartzea.

Galtzaileak eta irabazleak

Beste herrialde askoren azpiegiturek ere oso kalte handiak izan dituzte, eta horrek erakusten du, Pakistanen erabakitzen dutena gorabehera, luzerako doazela petrolioaren eta gasaren prezio garestiak.

Saudi Arabiak aste honetan onartu du Manifa eta Khurais putzuetan jasandako erasoen ondorioz egunean 600.000 upel ekoizteari utzi behar izan diola. Hau da, bere 12 milioi upelen ekoizpenaren %5 galdu duela aldi baterako, eta horrek badu garrantzia, herrialde hark duelako ekoizpena handitzeko gaitasunik handiena merkatuan izan daitezkeen hutsuneak betetzeko.

Kuwaiten, kalte handiak izan dituzte Mina Al Ahmadi eta Mina Abdullah findegiek, eta, lanean jarraitzen duten arren, han egindako kerosenoa falta zaie Europako aire konpainiei. 

Gas hornidurari dagokionez, arazo nagusiak Ras Laffan du izena. Qatarren dago, eta hura da gasa likido egiteko —eta garraiatu ahal izateko— munduko planta nagusia. Bi erasoaldi jasan dituzte han, eta horren ondorioz ekoizpenaren %17 galdu duela aitortu du Qatar Energyk. Hiru eta bost urte artean beharko ditu konpontzeko. 

diesela
Dieselaren prezioa gasolinarena baino gehiago handitu da. FILIP SINGER / EFE

Eta nork irabazi du? Bat: Europako Batasuneko herrialdeek bost milioi tona gas natural likidotu erosi dute urteko lehen hiru hilabeteetan Errusiako Yamal plantatik, iaz baino %17 gehiago, eta ia 3.000 milioi euro sartu dituzte Vladimir Putinen kutxetan. Bi: 68 petroliontzi huts AEBetako bidean doaz, ohikoa dena halako bi. Hiru: gasolina garestiak auto elektrikoen salmenta puztu du, eta Txina ari da etekin handiena ateratzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA