Imanol Magro Eizmendi.

Peter Parkerrek ondo ulertu zuen

2026ko martxoaren 17a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osaba Benek Peter Parkerri eman zion aholkurik ezagunenak horrela dio: «Botere handi batek ardura handia dakar berekin». Spidermanen jantziaren barruan zihoana iloba zela jakin zuenean esan zion. Erakunde publikoek ere botere handiak dituzte, eta gutxieneko soldataren ingurumarian Hego Euskal Herriko gobernu, alderdi politiko, enpresari elkarte eta sindikatuei gogorarazi dakieke. Mobilizazioen tamainak erakutsi du euskal gizarteak argi duela Espainiako Gobernuak ezartzen duen 1.221 euro gordineko gutxieneko soldata oso motz gelditzen dela Hego Euskal Herrirako, eta langa hori nola edo hala igo beharra dagoela. Eragileek ardura handi horri eutsi behar diote, Jaurlaritzarentzat eta Nafarroako Gobernuarentzat eskumen estrategiko bat lortzeko aukera da, eta badaude lortzeko bideak.

Eta orain zer? Greba orokorren ostean egiten den galdera da. Bada, gutxieneko soldataren partida bi zelaitan jokatzen ari da: arlo pribatuan, Confebaskekin; eta politikoan, bereziki Madrilen. Sindikatuek bietan daukate jarrita itxaropena, baina ez bata ez bestea ez dira samurrak izango.

Pribatuan sakontzeko, ELAk eta LABek bilera batera deitu dute EAEko patronala martxoaren 24rako. EAEko Auzitegi Nagusiaren otsailaren 4ko ebazpena besapean eramango dute. Haien arabera, epaileak berretsi egiten du patronalak baduela gutxieneko soldata ezartzeko ahalmena, eta sinetsita daude EAEn lortzeak bide emango diola Nafarroakoari.

m17ko greba
Gutxieneko soldataren aldeko manifestariak, gaur, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Ikusi beharko da Confebask hitzordura agertzen den ala azken bilerei uko egiteko jarritako arrazoiei eusten dien: hitz egiteko prest dagoela dio, betiere Elkarrizketa Sozialaren Mahaian bada, eta gai gehiago jorratzen badira, tartean absentismoarena. Mahai horretan Jaurlaritza, CCOO eta UGT ere esertzen dira, baina ez sindikatu abertzaleak, argudiatzen baitute ez duela balio erabaki garrantzitsuak hartzeko. Eta Eusko Legebiltzarrak aste honetan argitara atera duen informazioak arrazoia ematen die: 2024. eta 2025. urteetan mahai horretan ez zen lortu agiri publiko bihurtzeko moduko inolako akordiorik; eta aurreko urteei erreparatuta, foro horren ekoizpena oso txikia izan zen, eta akordio gehienak orokorkeriak ziren.

Mikel Torres Jaurlaritzako Enplegu sailburuak lan hitzarmen bidezko gutxieneko soldataren bidea aipatu izan du, hau da, lan hitzarmenetan soldata zoru bat ezartzea. Eragin ahalmen nabarmena izango luke, baina hark ere patronal-sindikatuen akordioa eskatu du onartua izateko. Era berean, kanpoan utziko lituzke lan hitzarmenik gabeko beharginak —etxeko langileak, adibidez—, Espainiakoa duten batzuk, eta lan hitzarmena aplikatzen ez zaienak —eraikuntzako azpikontrata askotan eta ostalaritzako langile ugari ez dira iristen beren sektoreetako hitzarmenak ezartzen dituen baldintzetara—.

Madrildik dator notizia

Joko zelai politikoko lehiak beste ezaugarri batzuk ditu, eta iragan astean Mitxel Lakuntzak BERRIAri emaniko elkarrizketan aitortu zuen itxaropentsu dela Madrildik etor daitezkeen mugimenduekin. Baikortasun harrigarria zerien ELAko idazkari nagusiaren hitzei. Orain arte, gutxieneko soldata propioaren auziaren foku politikoa Gasteizen eta Iruñean jarri da, baina Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute eskaria hauspotu, eta herri ekinaldi legegilearen bidea itxi zuten.

Lakuntzak, baina, iragarri zuen Madrildik beste ekimen batzuk etor daitezkeela, lan munduko beste eskakizun batzuekin batera. Helburua Espainiako Langileen Estatutuaren 27. artikulua aldatzea da, gutxieneko soldata ezartzeko eskumena autonomia erkidegoen esku gelditu dadin, eta aipatu zuen Espainiako Gobernuari eusten dioten alderdien artean inork ez diela ezetz esan —UPNk berak ez dio atea itxi eztabaidari—. Duela bi aste eginiko bilera horietan ikusi zuten Junts Per Catalunyak begi onez ikusten duela eskaera, Kataluniari ahalmen bera esleituko liokeelako, eta alderdi hori gaur egun giltzarri da Espainiaren gobernabidean. Aldiz, Sumarren jarreran ikusi zuten traba gehien.

Autogobernuak sendotzeko greba bat

Madrilgo bidea urratzen bada, ikusi beharko da zer bide hartzen duen EAJk, eta, bide batez, UPNk. Ikusi beharko da Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan izan duten jarrera hartzen duten Espainiako Kongresuan ere. Gutxieneko soldata legez ezartzeko eskumena lortzea jauzi handia litzateke autogobernuaren eragin ahalmenean.

Eskumen horrek, baina, gauzatzea dakar, eta, ziur asko, Espainian gertatu den bezala, enpresari elkarteekin talka egitea. Zenbaki jakin bat jartzera behartuko lituzke gobernuak, eta beren lurraldeetan bizitzeko behar den gutxieneko diru kopurua zehaztera, horrek eragin ditzakeen alderaketa eta galdera deseroso guztiekin.

m17ko greba
Denda bat itxita Bilboko Zazpi Kaleetan, gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Greba egunak, beraz, mugarri bat izan behar du soldata propioaren eskaeraren bidean. Eskaria bizi dagoela ikusi da, eta gai garrantzitsuegia da patronal-sindikatuen arteko harremanaren esku uzteko. Garrantzitsuak diren erabakiak legez ezartzen dira, eta erakunde publikoek defendatzen dituzte. Europa osoan horrela ezartzen da, eta Hego Euskal Herrirako ahalmen hori eskatzea langile prekarioenen alde egitea da. Peter Parkerrek ondo ulertu zuen aholkua; euskal eragileek ere hala egitea behar da orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA