«Berandu baino lehen, gutxieneko soldata propioa lortuko dugu»

ELAk eta LABek aldarria «oso bizirik» dagoela nabarmendu dute Bilboko Kale Nagusian bildutako milaka lagunen aurrean. Gobernuei harekiko jarrera aldatzeko eskatu diete; alderdi abertzaleei, bultza egiteko, eta patronalei, negoziatzera esertzeko.

Milaka lagun elkartu dira manifestazio nagusietan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko martxoaren 17a
16:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Google Mapsen arabera, Plaza Eliptikotik Jesusen Bihotzera kilometro bat dago, eta greba eguneko Bilboko manifestazioan elkartu den jendetzak osorik estali du tarte hori. Martxako burua Eusko Jaurlaritzak duen egoitzaren parera iritsi denean, irten berri ziren beste muturrean zeuden manifestariak. Kale Nagusiaren erdia da, lau erreikoa, eta, hala ere, asfalto gutxi ikusten zen hizlarien oholtzatik.

Jendetza hori ikusirik —deitzaileen arabera, 45.000 pertsona—, sindikatuek ezin izan dute beren poza ezkutatu, munduan ultraeskuina indartzen ari den garai honetan Euskal Herrian hari aurka egiteko prest dagoen herri bat ikusi dutelako. Arrakastatzat jo dute protesta eguna, eta adierazi «berandu baino lehen» Hego Euskal Herriak bere soldata propioa izango duela.

Jarraipen datuen hoztasunaz gain, greba egunak Bilboko erdigunea erabat desnaturalizatu du. Alboko kaleetan denda gehienak irekita egon arren, Kale Nagusiak ez du izan egunerokoaren antzik. Piketeen eraginez, denda guztiak itxita egon dira goizean, eta pare batek kalteak izan ditu. Bilboko trafikoan eta hark sorturiko zaratan asko nabaritu da protesta, eta isiltasun horretan are ozenago entzun da goiz osoan zeruan bueltaka ibili den Ertzaintzaren helikopteroa. Tira, helikopteroa eta oihuak, batez ere manifestazioa hasi denean.

Greba orokorra, Bilbo
Bilboko manifestazioko amaierako ekitaldia. Lau emakumek Zutik emakumeak, Internazionala eta Eusko Gudariak abestu dituzte. Aurrean, jendetza. M. RAMIREZ  / FOKU

Milaka lagun bildu dira protestan, eta, azken greba orokorreko deialdietan gertatu bezala, mobilizazioak oso jendetsuak izan dira. Eguzkipean egin da, eta bidea irekitzen zuten bi traktorerekin. Haien hauspoarekin, soldata propioaren aldarria «oso bizirik» dagoela nabarmendu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, grebak auzia eztabaida politikoaren erdian jarri duelako. Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak bide beretik jo du: «Greba honekin, bi bideak ireki ditugu berriz: negoziazio kolektiboa eta politikoa».

Haien agerraldietan hiru hartzailerentzako mezuak izan dituzte: Eusko Jaurlaritzarentzat eta Nafarroako Gobernuarentzat, EAEko eta Nafarroako patronalentzat, eta Madrilen ordezkaritza duten alderdi abertzaleentzat. Azken horiei, EAJri eta EH Bilduri hain zuzen, mintzatu zaie Lakuntza: «Herriak nekez ulertuko luke Espainiako Gobernuarekin egin daitezkeen akordioetan gutxieneko soldataren ingurukoa ez jasotzea». Halaber gogoratu du EH Bilduk, ERCk eta BNGk soldata propioaren auzia Espainiako Kongresura eramateko konpromisoa hartu dutela.

«Herriak nekez ulertuko luke Espainiako Gobernuarekin egin daitezkeen akordioetan, alderdi abertzaleek gutxieneko soldataren ingurukoa ez jasotzea»

MITXEL LAKUNTZA ELAko idazkari nagusia

Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, berriz, «jarrera zentralista» egotzi die, haien autogobernua sendotuko lukeen eskumen baten alde borroka egiteari uko egin diotelakoan: «Ateak itxi dizkigute. EAJk, PSEk, eta PSNk Voxekin eta PPrekin bat egin dute, guri oztopoak jartzeko».

Confebaski ere mintzatu zaio, eta haren argudio bati erantzun dio: «Lau aldiz egin dio uko gurekin biltzeari. Esaten du gutxieneko soldatak igotzeak beste soldatak igotzea eragingo lukeela. Bada, bai, besteak beste, horixe nahi dugu».

Enpresariak, «urduri»

Arroyok asko sakondu du erakundeei eginiko kritika. Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariari mintzatu zaio: «Aukeratu egin behar duzu: maizterrekin zaude edo putre funtsekin; soldata prekarioa duten emakumeekin edo haiek esplotatzen dituen patronalarekin; Tubos Reunidoseko langileekin edo Josu Jon Imaz edo Jose Antonio Jainaga enpresari oligarkekin. Aldaketaren gobernua izan behar zuena Urkullurenaren ordezko bihurtu da».

«Autogobernua eskuzabala da enpresariekin eta zekena langileekin. Nola da posible zergak hobetzeko aukera izatea eta ez gutxieneko soldata ezartzeko?»

IGOR ARROYO LABeko koordinatzaile orokorra

Autogobernua aldatu behar dela nabarmendu du, haren ustez «partziala» delako: «Autogobernua eskuzabala da enpresariekin eta zekena langileekin. Nola da posible zergak hobetzeko aukera izatea eta ez gutxieneko soldata ezartzeko?». Gai berean, gehitu du burujabetza nahia eta nazio aitortza langileen eskubideen alde jarri behar direla.

LABeko koordinatzaileak esan du enpresariak «urduri» ikusten dituela, eta horren isla dela negoziazio mahaietan soldatak igotzen ari direla. Martxoaren 24an bilera bat dutela gogoratu dio Confebaski, eta jakinarazi dio aurretik emandako ezezkoek sindikatuak indartu baino ez dituztela egin.

Halaber, ohartarazi du Euskal Herrian negoziatzea ez dela Espainian negoziatzea bezala: «Han, sindikatu batzuek atzera egiten dute ezezkoa jasotzean. UGT eta CCOO ezertarako balio ez duen negoziazio mahai batera kateatuak daude, ez dute aurre egiteko indarrik; baina hemen bai, hemen sindikalismo ahaltsu eta duin bat dago, borroka egiten dakiena eta borrokarako prest dagoena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA