Venezuelako petrolioa, altxorra baina ez pagotxa

Ekoizpena bikoiztu ahal izateko, gutxienez 100.000 milioi euro inbertitu beharko lirateke hurrengo urteetan. AEBetako konpainia handiak zuhur mintzo dira, dirua sartu aurretik segurtasun juridikoa eta egonkortasun politikoa behar baitituzte.

Herritar bat Maracaibo lakuaren ertzean, atzean petrolio plataformak dituela. HENRY CHIRINOS / EFE
Herritar bat Maracaibo lakuaren ertzean, atzean petrolio plataformak dituela. HENRY CHIRINOS / EFE
Iker Aranburu.
2026ko urtarrilaren 6a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trumpek alfonbra gorria jarri die Venezuelan AEBetako petrolio konpainiei. «Joan eta har ezazue» mezua zabaldu die, eta aberastasun handiak agindu dizkie herrialde hartako petrolio industria biziberritzen badute. Lehen begiradan —eta onartuta hidrokarburoen munduan etikak eta nazioarteko legediaren bortxaketak ez dutela askorako balio—, gonbidapen interesgarria dirudi: nola egin uko munduko erreserba handienak omen direnei? 

Baina errealitatea, noski, ez da Trumpek marrazten duen bezain erraza. Berez, AEBek Venezuelako petrolioaren behar handia izan balute eta AEBetako konpainiak haien atzetik ibili izan balira, nahiko erraza zukeen Etxe Zuriko maizterrak: nahikoa zuen Nicolas Madurorekin itun bat egitea. 

Bere karguari eustearren —eta Venezuelak ezinbestekoak dituen diru sarrerak handitzeko—, Maduro prest zegoen AEBetako konpainiei atea zabal-zabal irekitzeko. Are gehiago, petrolioa eta beste lehengai batzuk baldintza onuragarriekin —AEBentzat, uler bedi— ustiatzeko negoziazioetan aritu ziren, urrian The New York Times egunkariak eta beste hedabide batzuek kaleratu zutenez. Haien arabera, Madurok esan zuen Txinako, Errusiako eta Irango enpresekin egindako kontratuak hautsiko zituela estatubatuarrei lekua egiteko. Elkarrizketa horiek eten zituen Washingtonek, AEBetako hedabideen arabera, Marco Rubio Estatu idazkariak erregimena amaiaraztea hobetsi zuelako.

Maduro ekuaziotik kenduta eta Caracasko oraingo agintari chavisten ahultasuna ikusita, uler daiteke gauzak errazagoak izango direla aurrerantzean AEBetako enpresentzat eta, baldintza hobeagoak izanik, haietako asko Venezuelara itzuliko direla. Han aurkituko dute Chevron; Joe Bidenen garaian negoziatutako akordio baten ondorioz, AEBetako enpresa hori Venezuelako olioa ustiatzen ari da, eta AEBetako findegietara egunero 150.000 upel inguru bidaltzen ditu.

PdVSA
PdVSA konpainia publikoaren egoitza, Caracasen. RONALD PEÑA / EFE

 

Baina nekez izango da prozesu bizkor eta erraza, Trumpek bere lehen adierazpenetan iradoki zuen moduan. Eta, batez ere, ikusi beharko da AEBen erabat menpeko den industria bat sortzen ote den Venezuelan. Petrolioaren munduan gauza asko ez direla ez zuri ez beltz erakusten du Iraken aurrez gertaturikoak. AEBek, George W. Bush errepublikanoaren agindutara, Irak inbaditu zutenean, hango petrolioa AEBentzat izango zela ulertu zuten askok. Azken finean, ez al zuen horretarako konkistatu? Bada, arrazoi nagusia hori izan bazen, emaitza porrota izan zen. Gaur egun mundu osoko konpainiak daude han, baina Txinakoek kontrolatzen dute ekoizpenaren bi heren.  

AEBetako enpresak badaude Iraken, bai Kurdistango administrazio autonomoaren lurraldean, baita Bagdadeko gobernuak kontrolatzen dituen putzuetan ere, baina haien esku hartzea oso txikia izan da oraintsu arte. Berez, duela gutxi itzuli dira haietako batzuk, gobernuak baldintza hobeak eskaini dizkienean, besteak beste Trump goxatzeko. 

Erantzun zuhurra

Venezuelan gauzak ez dira egun batetik bestera aldatuko; hala erakusten du AEBetako petrolio konpainia handiek Trumpen mugimendu ausartari emandako erantzun herabeak. Financial Times-en iturrien arabera, haietako inork ez zekien zer asmo zuen AEBetako presidenteak, eta zuhur mintzatu dira denak Venezuelara itzultzeari buruz. 

Azken finean, Trumpen hitzak hitz, datuek erabakiko dute enpresek zer egingo duten. Gehien nabarmendu diren datuek diote Venezuelak munduko erreserbarik handienak dituela —350 bilioi upel —eta, gainera, jakina dela non dauden: Orinokoren ibarrean. 

Baina beste datu batzuek diote Venezuela azken hamarkadetan ez dela gai izan aberastasun handi horri etekina ateratzeko, inbertsio faltaren, AEBetako zigorren eta Petroleos de Venezuela (PdVSA) enpresa publikoaren kudeaketa txar eta klientelistaren ondorioz. Datu horiek diote Venezuelak 1970eko hamarkadan 3,7 milioi upel ekoizten zituela egunean, baina 2021ean 665.000 upel eskasera jaitsi zela.

2025ean, atzerriko inbertsio batzuen laguntzarekin, milioi bat upelera iritsi da, baina dirutza beharko da erreserba erraldoi horiei etekina ateratzeko. Kalkulu batzuen arabera, ekoizpena bikoizteko 100.000 milioi euro inbertitu beharko lituzkete 2030 bitartean. Ideia bat egiteko, Exxon Mobilek eta Chevronek iaz inbertitutakoa halako hiru da hori. Beste modu batera esanda, AEBetako enpresa handiek berek ere ezingo lukete dena egin, munduan zehar dituzten beste dozenaka proiektu alde batera utzita ere —eta hori ez dute egingo, enpresaren ikuspuntutik ez baitu inolako logikarik—. 

61,5

Brent upelaren salneurria. AEBek Nicolas Maduro bahitu zutenetik, gora egin dute nabarmen AEBetako petrolio konpainien eta findegien akzioek, baina ez da halakorik gertatu petrolioaren prezioarekin: operazioaren aurretik 60 dolarrean salerosten zen Brent upela, eta 61,5 dolarrean orain. Petrolioaren merkatua nahiko hornituta dago, eta ez da espero Venezuelaren ekoizpena bizkor handitzea. Gainera, handitzekotan, gehiegizko produkzioa eragingo luke.

Badira prezioari eragiten dioten zailtasun teknikoak ere. Petrolio astuna ekoizten du Venezuelak, sufre askokoa, eta putzu horiek ez dute asko irauten. Are gehiago, petrolio arinagoarekin edo gasarekin nahasi behar da oliobideetatik garraiatu ahal izateko. Ondorioz, produktu garestiagoa da, eta merkeago saldu behar da merkatuan lekua egiteko. Aukeran, ikuspuntu ekonomiko huts batetik, Iraken inbertitzea aukera hobeagoa da.

HUGO CHAVEZ
Hugo Chavez, presidente zela, Orinokoren arroko petrolio putzu bati bisita egiten, 2012an. MIGUEL GUTIERREZ / EFE

Baina badira beste faktore oso garrantzitsu batzuk AEBetako konpainiak erakarri ahal izateko: egonkortasun politikoa eta segurtasun juridikoa. Hau da, nekez jarriko dute diru asko argi ez badute inbertsio segurua dela eta etekina bermatua dagoela. Eta Venezuelarekin erreta daude aspaldi atzerriko konpainiak. 1970eko hamarkadan nazionalizatu zuten petrolioa, Carlos Andres Perez presidente zela, eta orduz gero PdVSArekin elkarlanean aritu behar izan zuten, Hugo Chavez presidenteak 2007an desjabetu zituen arte.

Caracasko gobernuak akordioak lortu zituen enpresa batzuekin —Chevronekin, esaterako—, baina beste batzuek auzitara jo zuten, eta oraindik zain daude arbitratzeak erabakitako konpentsazioak jasotzeko. Conoco Phillipsi hiru putzuren esplotazioa kendu zion Chavesek, eta 7.100 milioi euro jasotzeko ditu; Exxon Mobile, berriz, 1.100 milioi euro berreskuratzeko zain dago.  

5.100

Zenbat milioi euro zor dizkien Venezuelak Repsoli eta Eniri. AEBetako konpainiekin ez ezik, beste batzuekin ere zorretan dago Venezuelako Gobernua. Azken urteetan, Espainiako Repsolek eta Italiako Enik gasez eta petrolio arinez hornitu dute Venezuela, haren petrolio astuna errazago garraiatu ahal izateko, eta haren truke petrolioa jasotzen zuten. Baina martxoaz geroztik ez dute ezer eskuratu, eta Caracasek dagoeneko 5.100 milioi euro zor dizkiela ziurtatu dute.

Hortaz, inbertitu aurretik, ziurtasuna izan behar dute kontratua bete egingo dela, eta hori zaila da jakin gabe zer gobernu mota izango duen Venezuelak etorkizunean. Trumpen zaintzapeko chavismo erreformatu batek jarraituko al du, orain dirudien bezala? Oraingo oposizioak kontrola bereganatuko du? Gerrilla chavista bat sortuko da? Jokaleku berrian zer leku izango du PdVSAk? Oraingoz erantzunik ez duten galderak dira, baina ezinbestekoak Venezuelara inbertsioa iristeko. 

Azken finean, Venezuelako petrolio erreserbak ez dira pagotxa: hemendik urte batzuetara, baldintza jakin batzuk betetzen badira, baliteke fruitua ematea, asko inbertituz eta lan handia eginez. Eta Trumpek, agian, ez du ikusiko halakorik.

MEXIKO DA KUBAREN HORNITZAILE NAGUSIA

Hugo Chavezekin lehenik eta Nicolas Madurorekin ondoren, Venezuela izan da azken hamarkadetan Kubaren petrolio hornitzaile nagusia. Baina azken urtean Caracasek petrolio gehiago bideratu du merkatu beltzera, eta gutxiago Karibeko uhartera. Mexikok bete du haren tokia, haren hornitzaile nagusia bilakatzeraino. Financial Times-en arabera, uharteak jasotako petrolioaren %44 Mexikotik iritsi zen (+%56), eta %34 Venezuelatik (-%63). Aldaketa hori ez zaio oharkabean igaro Washingtoni, eta abenduan oharra egin zion Mexikori, «AEBetako atzerri politikako helburuekin bat egiten ez duen jokaera bat izateagatik». Claudia Sheinbaum Mexikoko presidenteak nabarmendu du «guztiz legezkoak» direla Kubari egindako salmentak.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.