Antxoarekin bukatu eta hegaluzetan hasi dira Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleak

Antxoaren kuotaren %93 arrantzatu dute dagoeneko. Gustura azaldu dira lonjako prezioarekin, handiena izan baita 2013az geroztik.

Baxurako arrantzontzi bat, Hondarribiko portuan, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Baxurako arrantzontzi bat, Hondarribiko portuan, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iker Aranburu.
2026ko ekainaren 15a
11:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uda ate joka dabil, eta, urtero bezala, hegaluzearen arrantzaldia ere bai. Azken bizpahiru hilabeteetan antxoa arrantzatzen aritu diren Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziek, sareak alde batera utzi, eta kanaberak atera dituzte, Thunnus alalunga preziatua arrantzatu ahal izateko. Normalean, uda osoa iraun ohi du kanpainak, eta hura da baxurako arrantzaleen urteko diru iturririk handiena.

Lehen hegaluzea dagoeneko deskargatu dute Bermeoko eta Hondarribiko portuetan, baina gutxi izan dela aitortu du Kofradia Itsas Etxeak. Hurrengo egunetan eta asteetan deskargak handitzea eta arrantzaldi ona izatea espero dute arrantzaleek, azterketa zientifikoek esaten baitute arraina egon badagoela.

Antxoari dagokionez, Kofradiek azaldu dute Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek beren kuotaren %93 arrantzatu dutela, zortzi milioi kilo hain zuzen ere. Geratzen zaien kuota osatzeko hiru ontzi geratu dira antxoa arrantzatzen, eta besteek asteburuan hasi dute hegaluzearen kostera, prestakuntza lanak amaitu ondoren.

Prezioak, gora

Kofradia oso gustura azaldu da antxoaren arrantzaldiarekin, kiloaren batez besteko prezioa 1,89 eurora iritsi baita lonjan. Halakorik ez zen ikusten 2013az geroztik, eta horren arrazoia zera dela diote arrantzaleek: aurten, bigarren aldiz, kuotak itsasontzika banatzen dituztela eta horrela patroiek hobeto erabaki dezaketela noiz arrantzatu eta noiz ez, merkatuak gainezka egin gabe. Sistema horren alde egin dute Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradiek, aurrekoarekin ―sistema olinpikoa deitutakoarekin― itsasontziak ahalik eta antxoa gehien bizkor arrantzatzen saiatzen zirelako, portura lehenik iritsi eta prezio hobea lortzeko.

antxoa
Antxoa deskargatzen, Hondarribiko portuan. ANDONI CANELLADA / FOKU

Berdelaren kosterak, berriz, «emaitza oso kezkagarriak» utzi dizkiela aitortu du Kofradia Itsas Etxeak, batez ere amu eta inguraketa arte txikiko ontzietan, horiek oso gutxi arrantzatu ahal izan baitute, haien urteko diru sarrera iturri nagusietako bat izan arren.

Berdel asko gutxiago dago azken urteetan Ipar Atlantiko osoan, zenbait herrialdetako arrantzaleek gehiegi harrapatu dutela eta. Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleak saiatu ziren berdelaren arrantza debekatzen, baina azkenean itsasora atera ziren, ikusita haiek soilik geratzeak ez zuela ondorio handirik izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE