Berdelaren kosterari eutsiko diote euskal arrantzaleek

Arrantzaldia bertan behera uztea aztertu dute Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, baina ondorioztatu dute neurri horrek ez duela zentzurik Europako iparraldeko herrialdeek erabaki bera hartu ezean.

Arrantzale bat berdela deskargatzen, Pasaiako portuan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Arrantzale bat berdela deskargatzen, Pasaiako portuan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko urtarrilaren 8a
21:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleak berdel bila irtengo dira udaberrian. Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak eta arrantza eskumenak dituzten Espainiako erkidego autonomoek arrantzaldia bertan behera utzi ala ez aztertu zuten atzo Madrilen, eta ordu luzez bildu ondoren hari eustea erabaki zuten. Europako Batzordeak kuota %73 murriztu izanak kosteraren bideragarritasun ekonomikoa kolokan jarriko duela ohartarazi dute arrantzaleek, baina uste dute sakrifizioak ez duela zentzurik Europako iparraldeko herrialdeek ere haien jarduna bertan behera utzi ezean. Haiei egozten diete berdel kopuruak azken urteetan izan duen beherakada handia. 

Ezusteko erabakia da, arrantzaleen nahia kostera bertan behera uztea baitzen, eta laguntza ekonomiko sorta bat aktibatzea. Duela hilabete azaldu zutenez, Europak ezarritako kuota eskasarekin —100 kilo eguneko— ezin dira ordaindu kosteraren berezko gastuak: soldatak, erregaia, konponketak… Are gehiago, gaineratu zuten eten biologiko bat onuragarria litzatekeela espeziearentzat. Dena den, Gipuzkoako kofradiak argitu duenez, EBk beste bilera bat deitu du urtarril amaierarako. Kuotaren zenbateko aberrikustea da asmoa, eta orduan berriz ere bilduko dira alde guztiak.

Europako Batzordeak berdel kuota %73 murriztea proposatu du; Erresuma Batuak, Norvegiak, Islandiak eta Feroe Uharteek, aldiz, %48koa adostu dute. Alde hori da erabakiaren arrazoi nagusia.

Izan ere, Kantauri itsasoan —eta Ozeano Atlantikoan, oro har—, oso berdel gutxi dago. EBko zientzialariek hala berretsi dute, eta horregatik murriztu du kuota laurden batera. Iazko arrantzaldia ere txarra izan zen amua erabiltzen duten Bizkaiko ontzientzat. Euskal arrantzaleek kuotaren %73 baliatu zuten bakarrik, arraina ur sakonagoetan ezkutatzen ari baita, sare eta arrasteontzien mesedetan.

Debeku orokorraren alde

Euskal arrantzaleen nahia, dena den, berdelaren arrantza Europa osoan debekatzea da. Kofradiek publikoki salatu dute Europako iparraldeko herrialdeek eragin dutela berdelaren gabezia, urteak daramatzatelako gehiegi arrantzatzen. Horren eredu da Erresuma Batuak, Norvegiak, Islandiak eta Feroe Uharteek —EBetik kanpo dauden lau herrialdek— iragan abenduaren 15ean adosturiko  kuotaren %48ko murrizketa. Europak gomendaturikoa baino nabarmen txikiagoa da. Bestea beste, bi kopuruen arteko alde handi horrek eragin du euskal arrantzaleen erabakia.

Eskaera egitean, Bizkaiko antxoarekin gertatutakoa oroitarazi dute arrantzaleek. Espezie hori ere gehiegi arrantzatu zuten, eta Bizkaiko golkoan haren arrantza debekatu egin zuten lau urtez, 2005etik 2009ra. Denbora horretan diru laguntzak jaso zituzten antxoa harrapatzera irten ezin izan ziren ontziek. Bost urte haiek espeziea berreskuratzeko balio izan zuten, eta iragan abenduan azken hogei urteko batezbestekoa halako bi antxoa gazte zeudela egiaztatu zuen Aztik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.