Merkataritza elektronikoa

Apple, Amazon eta Meta, Bruselaren zerrenda beltzean

Merkataritza elektronikoaren lege berrira egokitzeko eskatu die Europako Batzordeak sei enpresa erraldoiri. Sei hilabeteko epea izango dute baldintzak betetzeko edo helegitea aurkezteko.

Appleren logoa haren denda bateko sarreran. MICHAEL REYNOLDS/EFE
aitor biain
2023ko irailaren 6a
13:09
Entzun

Europako Batzordeak argitu du zein den Interneteko enpresa erraldoien bere zerrenda beltza: merkataritza elektronikoari buruzko arau berriak bete beharko dituzten enpresak zeintzuk diren jakinarazi du. Denera, sei enpresa sartu ditu zerrendan: Alphabet, Amazon, Apple, ByteDance, Meta eta Microsoft. Bruselak uste du enpresa horiek nahikoa indar badutela merkatuaren oreka baldintzatzeko. Bada, sei hilabeteko epea eman die legeak ezartzen dituen baldintzak betetzeko edo arauaren aurkako helegitea aurkezteko.

Urtebete da Europako Batzordeak merkataritza elektronikoari buruzko arauak eguneratu zituela. Bi lege onartu zituen zehazki Interneteko atari handiek merkatuan duten «kontrol egoera» murrizteko eta lehia orekatzeko: Zerbitzu Digitalen Araua (ZDA) eta Merkatu Digitalen Araua (MDA). Lege horiek aukera ematen diote batzordeari isunak jartzeko, uste badu enpresa batek merkatuaren lehia oztopatzen duela. Monopolio jarduna duela berretsiko lukeen ikerketarik gabe zigortzeko ahalmena ematen dio, gainera. Haien mundu osoko fakturazioaren %20 ere izan liteke isuna.

Izan ere, orain arte ez bezala, enpresek aurretiaz bete beharko dituzte aurkako baldintza batzuk. Esaterako, azken hiru urteetan 7.500 milioi euroko fakturazioa izatea Europako Batasuneko herrialdeetan, edo gutxienez 45 milioi erabiltzaile aktibo izatea, eta 10.000 enpresa erabiltzaile. Arestian aipatutako enpresek betetzen dituzten baldintzak horiek guztiak.

Gaurtik, Europako Batzordeari jakinarazi beharko diote konpainiek beste enpresa bat erosi nahi dutenean, eta Bruselarekin harremana izango duen bitartekari bat izendatu beharko dute. Izan ere, gehienak AEBetakoak dira, eta Europako egoitza Irlandan izan ohi dute.

Zehazki, atari horiek ematen dituzten 22 zerbitzuk bete beharko dituzte monopolioaren aurkako legearen baldintzak: Facebook, Instagram, Tiktok eta Linkedin sare sozialek, Whatsapp eta Messenger mezularitza sistemek, Youtube bideo plataformak, Google bilatzaileak edota Chrome eta Safari nabigatzaileek. Baita iOS, Android eta Windows sistema operatiboek, aplikazioak erosteko atariek (App Store, Google Play), eta Googleren, Amazonen eta Metaren publizitate tresnek ere.

Aldiz, arautik kanpo geratu dira Bing bilatzailea, Edge nabigatzailea, Apple iMessage mezularitza zerbitzua, Appleren tabletako sistema operatiboa, edota Gmail eta Outlook posta zerbitzuak. Dena den, ikerketa bat abiatu du jakiteko ea horiei ere arauaren baldintzak betearazi behar zaizkien edo ez.

Merkataritza elektronikoaren arauak debekatu egiten die enpresei beren zerbitzu jakin baten bidez eskuratutako datuak beste zerbitzuekin lortutakoekin bateratzea. Alegia, Metak ezingo du Facebook bidez eta Whatsapp bidez lortutakoa bateratu. Era berean, ezingo dituzte erabiltzaileak behartu konpainiaren aplikazio jakin batzuk beren gailuetan instalatuta izatera. Finantza erakundeek ordainketa zerbitzu alternatiboak eskaini ahal izango dituzte, halaber.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.