Applek dirutza jarriko du Nokiarekin bakea egiteko

Nokiarekin akordioa lortuta haren patenteak iPhonerako baliatu zituela aitortu du AEBetako enpresak

Iker Aranburu.
2011ko ekainaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Auzitara jo gabe amaitu dute beren arteko gatazka Applek eta Nokiak. Horrelako kasuetan ohikoa denez, diruaren bidez itxi dute jabetza intelektualari buruzko norgehiagoka. Galtzailea Apple izan da, milioika dolar pagatuko dizkiolako Nokiari, iPhone sakeleko telefonoan haren patente batzuk baimenik gabe erabili zituelakoan.

Zehazki Applek zenbat diru jarri beharko duen ez dago garbi. Nokiak zabaldutako agiriak dio Applek ordainketa bat egingo diola orain, eta gero, hiru hilean behin beste kopuru bat emango diola saldutako iPhone kopuruaren arabera. Financial Times-ek aipatu duenez, patenteen truke iPhone bakoitzaren %1 edo %2 emanez gero eta salmentei eutsiz gero —18,65 milioi aparailu urtarriletik martxora—, Applek 110 milioi dolar pagatu beharko dizkio Nokiari, hiru hilean behin.

Kopuru hori ez da oso handia Applerentzat, urteko lehen hiru hilekoan 4.100 milioi euro irabazi zituela kontuan hartuta. Nokiari, berriz, primeran datorkio, Appleren beraren eta Asiako telefono ekoizleen (Samsung eta HTC nagusiki) lehia gogorrak ezerezean uzten ari delako bere nagusitasuna, eta dirua galtzeko zorian dagoelako. Gainbehera horri aurre egiteko batu da Nokia Microsoftekin.

Bi urteko borroka

Nokiak 2009an jo zuen Appleren aurka AEBetako Nazioarteko Merkataritzako Batzordean, kexu baitzen iPhone telefonoak bere patente batzuk erabiltzen zituela, besteak beste, ukimenezko pantailari, argiztapenari eta wifi loturari buruzkoak. Salaketa horri beste batekin erantzun zion Applek. Enpresa bakoitzak bere aurkakoak ukatu dituen arren, orain gerra bukatzeko dirua Applek jarri behar izateak erakusten du nork zuen arrazoi. Elkarri iPhone dela eta egindako salaketa guztiak artxibatuko ditu atzo iragarritako akordioak, baina ez dago hain garbi iPad-ek eragindakoak ere estaltzen ote dituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.