Zenbaki gorrienak ere ez dira horren gorriak Araban, diputazioak «pixka bat» hobetu baitu zerga bilketaren aurreikuspena. Bilketan esperotako jaitsiera krisiaren hasieran kalkulatutakoa baino apalagoa izango da azkenean. Hala iragarri du Ramiro Gonzalezek gaur goizean Batzar Nagusietan egindako agerraldian.
Zehazki, erakundeak aurreikusi zuen 540 milioi euro gutxiago bilduko zirela aurten zergen bitartez Araban, hots, iazko diru bilketan baino %20 edo %22 gutxiago; eta, beraz, aurrekontua ere 100 milioi txikitu behar izango zuela iragarri zuen ahaldun nagusiak. Datuak berrikusi ostean, ordea, Gonzalezek iragarri du 82 milioi txikitu beharko dutela.
Ildo berean, kalkulatu dute Arabako toki erakundeen finantzaketan 53 milioi euroko jaitsiera izan daitekeela, eta ez 63 milioi eurokoa, hasieran aurreikusi bezala.
Zorpetzea handitzearen beharra aldarrikatu du Gonzalezek beste behin: «Berriz zorpetzeko baimena behar dugu», esan du. Eta iragarri du iaz baimendutako eta jaulki gabeko zorra erabiliko duela aurten krisiari aurre egiteko.
«Jarduera suspertzen ari da, baina denbora batez iraungo dute gure ekonomia ia guztiz itxita egon izanaren ondorioek», adierazi du Gonzalezek. Zuhurtziari eusteko eskatu du, ordea, haren hitzetan lurraldeko ekonomia «muturreko egoeran» dagoelako oraindik: «Egoera larria da, eta sakrifizioak egin beharko dira. Erakundeek baliabide gutxiago izango dituzte». Aurrekontuari eusteko konpromisoa erakutsi du ahaldun nagusiak.