Ardogintza eta mahastizaintza ez daude garairik onenean: kontsumoaren jaitsierak, muga zergek eta kalitatearen ordez kantitatea hobetsi izanak ataka estuan jarri du sektorea. Arabako Errioxan kezka piztu du egoerak, eskualdearen garapen ekonomikoa alor horri zuzenean lotuta dagoelako, eta etorkizuna gero eta ilunagoa delako. Bada, erronka horri erantzun asmoz, plan bat ondu dute Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak eskualdeko eragileekin batera. Abian jarri diote izena, eta hamazazpi proposamen jarriko dituzte martxan.
Gaur arratsaldean aurkeztu dizkiote plan horren nondik norakoak eskualdeko eragileei eta herritarrei Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, Ekoran egindako ekitaldi batean. Izan ere, erakundeek ondutako diagnostikoari askotariko enpresa, elkarte nahiz norbanakoek egindako ekarpenak erantsi dizkiote, eta horiek aintzat hartuta osatu dute gero hurrengo bost urteetarako bide orria.
Edonola ere, ardogintza sektoretik harago doa plana, Arabako Errioxak eskualde gisa dituen erronkei eta herritarrek dituzten beharrei ere erantzun asmo baitie. Hala, hiru ardatzetan egituratzen da: lurraldea eta gizartea, mahastizaintza eta ardogintza, eta ekonomiaren eta turismoaren dibertsifikazioa.
Hain zuzen ere, Abian plana «herri apustua» dela nabarmendu du Barredok: «Arabako Errioxarekiko etorkizuneko konpromisoa da». Ildo beretik, Gonzalezek azpimarratu du plana ez dela «dokumentu tekniko soila», eskualdearen geroan erakundeek duten «konfiantza adierazpena» baizik: «Arabako Errioxak badu etorkizuna, eta bertan bizi eta lan egiten dutenek eraikiko dute».  Â
Geroa, gazteen esku
Erronka demografikoari aurre egiteko proposamenak jasotzen dira lehen multzoan, eskualdeak etorkizuna izango badu gazteei esker izango baita. Horiek hala, gazteak bertan errotzeko, etxebizitza eskuratzeko eta osasun nahiz gizarte zerbitzuak indartzeko neurri jakin batzuk bildu dituzte. Horien artean daude etxebizitzak partekatzeko formulak aztertzea eta osasun zentroak eraikitzea, baita herrien arteko mugikortasuna hobetzea ere. Â
Ardoari lotutako neurriak biltzen dira bigarren ardatzean. Arabako Errioxa «mundu mailako mahastizaintzako eta ardogintzako eskualde liderra» izatea nahi dute, eta erakundeek argi dute horretarako «balio handiko eta errentagarritasun jasangarriko» negozio ereduaren alde apustu egitea dela biderik onena. Hala, Arabako Errioxa marka indartzeko eta sektorea garai berrietara egokitzeko neurriak aurreikusi dituzte, Errioxa sor-markaren barruan edo kanpoan izango den zehaztu gabe.Â
Horrez gain, ardogintzako kluster bat ere eratuko dute eragileen koordinazioa eta lankidetza sustatzeko, eta sektorean belaunaldien arteko erreleboa bermatzeko programak ere antolatuko dituzte. Ildo horretan, bereziki eraldatzaile izatea nahi dute EDA Drinks & Wine Campusa, Basque Culinary Centerrek Guardian eraiki asmo duena.
Mahastiekin eta, oro har, ardoarekin lotutako ostalaritza turismoa dibertsifikatzea ere jarri dute erronka gisa. Horretarako, negozio berriak sustatzeko eta inbertsioak erakartzeko estrategiak landuko dituzte, eskualdea erreferentziazko enogastronomia helmuga izan dadin.