Beroa eta lehortea direla eta, aurten inoiz baino gehiago aurreratuko da mahatsa biltzeko sasoia. Nafarroako Erriberako zenbait lekutan dagoeneko hasi dira langintza horretan, eta Arabako Errioxan ere ez dira atzetik ibiliko: UAGA elkarteak eskualdean duen presidente Juanjo Garcia Berruecok azaldu duenez, abuztuaren 24an ekingo diete estreinako lanei. «Historikoa da, inoizko uztarik goiztiarrena izango baita», azaldu du.
Uzta goiz etorri den urteetan, irailaren bigarren astean ekin izan diote mahatsa biltzeari. Aurten, berriz, lehenengo lanak hamabost egunez aurreratuko dira. Garcia Berruecok kalkulatzen du irailaren 15erako bete-betean ariko direla lanean mahasti guztietan, baina gogorarazi du duela hogei urte urriaren 10aren inguruan izaten zela bilketaren garai goren hori.
Epeei ez ezik, mahatsaren kalitateari ere eragin dio eguraldi lehorrak. Garcia Berruecoren esanetan, «bikaina» izango da uzta, eta mahastiak «oso egoera onean» daude. Hezetasunak lagundu egiten du mahastietan onddoak eta bakterioak ugaltzen, baina aurten ia ez da hezetasunik egon, eta horrek ekarri du horrelako arazorik ez egotea: «Oraindik apur bat itxaron beharko dugu, baina oraingoz aurreikuspenak ezin hobeak dira».
Langile premian
Uzta jasotzeko sasoia aurreratzeak, baina, beste arazo bat ekarri du: beste fruitu eta barazki batzuk jasotzeko denboraldia ez da amaitu oraindik, eta horretan diharduten jornaleroak beharrean ari dira oraindik. Beraz, litekeena da mahatsa biltzen hasten direnerako langile nahikorik ez izatea. Garcia Berruecok esan duenez, lan baldintzak hobetu dituzte jornaleroak erakartzeko, eta, esaterako, hitzarmenak ezartzen duena baino %12 gehiago igo dituzte soldatak. UAGAk kalkulatzen du bostehun langile inguru kontratatuko dituztela. Aurten, hektarea bakoitzeko 5.850 kilokoa da jaso daitekeen gehieneko mahats kopurua Arabako Errioxan.