Arabako Foru Aldundiko langileek mobilizazio fase bati ekingo diote datozen asteetan, lan baldintzen okertzea salatzeko eta negoziazioei ekiteko eskatzeko. Batzar orokorrean hartu dute erabakia, gaur; langileen batzordeak proposatutako mobilizazio egutegia gehiengoz babestu dute, eta, hala, berehala hasiko dira mobilizatzen. Hasteko, martxoaren 11n, 18an eta 25ean txistu protestak egingo dituzte kafearen orduan, Probintzia plazan. Horrez gain, bi orduko lanuzteetara deitu dute hiru egunetarako: apirilaren 15erako eta 22rako, baita maiatzaren 6rako ere.
Langileen ordezkaritzaren arabera, azken hilabeteetan ez da aurrerapausorik eman administrazioarekin izandako negoziazioetan. Hori ikusita, protesten bidez presioa egitea erabaki dute, lan gatazkan «mugarria» ezartzeko.Â
Hauek dira beharginen eskakizun nagusietako batzuk: azken urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzea, enplegu baldintzak eguneratzea eta karrera profesionala garatzeko plan eraginkor bat abian jartzea. Halaber, urte sabatikoa ezartzea, lanpostu batzuk berrikustea eta hutsik dauden lanpostuak betetzea ere eskatu dute.
Administrazioari eskatu diote elkarrizketak abiatzeko, bi aldeentzat egokia izango den akordioa lortzen saiatzeko eta arabarrei eskaintzen zaizkien zerbitzu publikoen kalitatea bermatzeko.