Arabako Glovon martxoaren 13an egingo dituzte hauteskunde sindikalak

Joan den maiatzetik, CCOOk zortzi salaketa jarri dizkio enpresari EAEko Lan Ikuskaritzan. 318 langile identifikatu dituzte.

Glovoko banatzaile bat. MAIALEN ANDRES / FOKU
Glovoko banatzaile bat. MAIALEN ANDRES / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko otsailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako rider-ek ere laster izango dute langile batzordea. «Duela bi urte baino gehiagotik kalean egindako lanaren emaitza da», Carlos Rodriguezen arabera. CCOOren Arabako koordinakundearen albokoa da, eta iragarri du martxoaren 13an egingo dituztela hauteskunde sindikalak. «Soldatapeko langileak dira, eta legezko ordezkaritza izan behar dute. Oinarrizko eskubide bat da».

CCOOk Glovoko 318 behargin gutxienez zenbatu ditu Araban, eta sindikatua aspaldidanik ari da haiekin asanblada informatiboak antolatzen. Han jasotakoak baliatuta, EAEko Lan Ikuskaritzan zortzi salaketa jarri dizkiote iazko maiatzetik: autonomo faltsuen bidez funtzionatzeagatik, lokalik ez izateagatik, algoritmoaren opakutasunagatik, laneko arriskuen prebentzio faltagatik...

«Nik uste dut mafia bat dela. Ez dute nahi ez eskubiderik, ez sindikaturik, ez isunik, ez legerik. Zer nahi dute orduan?»

CARLOS RODRIGUEZ CCOOren Arabako koordinakundearen albokoa

«Gure asmoa ez da ezer blokeatzea, enpresak funtzionatzea baizik, baina arau argiekin eta eskubideak bermatuta», esan du Rodriguezek. «Ez gara gauza arraroak eskatzen ari: benetako kontratu bat izatea, soldata duin bat, kotizazio zuzena, arriskuen prebentzioa, eskubide kolektiboen errespetua eta gestiorako tresnen gardentasuna».

Berak argi du azken hori dela Glovoren arazo nagusia: algoritmoaren gardentasun falta. Kontatu du rider asko oso egoera prekarioan bizi direla, migratzaileak direla eta beldur handia dietela zigorrei, eta «dena algoritmoaren mende dagoenean» beldurra ere «automatizatu» egiten dela. «Hark erabakitzen du nork egiten duen lan gehien, nork irabazten duen diru gehien, nork jasotzen dituen eskari gehiago... baina inork ez die azaltzen nola funtzionatzen duen». Horregatik, enpresak jarritako isunen aurrean, esaterako, egoera zaurgarrian daude langileak. «Ez dute nagusiari deitu eta euren burua defendatzeko aukerarik», zehaztu du Rodriguezek.

Hedatzeko ahaleginak

«Burua altxatu nahi dute, eta eskubideekin lan egin. Demokrazia batean horrek ez luke albiste izan beharko, baina Glovok aberasten segitu nahi du informazio falta duten langileen kontura, algoritmoaren eta adimen artifizialaren tranpak baliatuta», laburbildu du CCOOkoak. «Nik uste dut mafia bat dela. Ez dute nahi ez eskubiderik, ez sindikaturik, ez isunik, ez legerik. Zer nahi dute orduan?».

Nafarroan bezala, Araban ere argi dute helburu nagusia enpresako lan hitzarmen bat lortzea dela. Iruñerrikoa da Euskal Herriko lehen langile batzordea, Arabakoa izango da bigarrena, eta Rodriguezek esan du Bizkaira eta Gipuzkoara hedatzeko ahaleginetan dabiltzala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.