Glovo, lehengo lepotik motxila

Iruñerrian laurehun 'rider' inguru daude, eta hango langile batzordea aitzindaria da nazioartean. Azaroan akordio bat egin zuten enpresarekin, baina salatu dute haren jokabidea abusuzkoa dela oraindik, eta ez dute baztertu mobilizazioei berriz ekitea.

Glovoko banatzaileen protesta bat Iruñean, uztailean. JESUS DIGES / EFE
Glovoko banatzaileen protesta bat Iruñean, uztailean. JESUS DIGES / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko otsailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Langileak kontratatu ditu, baina jarrera ez du aldatu Glovok. Udan, urteetako borrokaren ostean, janari banaketako enpresa horrek autonomo faltsuen bidez funtzionatzeari utzi zion Hego Euskal Herrian, baina langileak lan baldintza duinak izatetik urrun daude oraindik. «Soldatez hitz egiten dugu gehien, baina beste mila kontu ere badaude: kaleratze eta zigor bidegabeak, algoritmoaren funtzionamendu iluna, lokalik ez izatea, ibilgailu eta sakelako propioekin aritu beharra...».

Pablo Diaz da egoeraren berri eman duena, Nafarroako langile batzordeko presidentea (CCOO); 37 urte ditu, Venezuelan jaioa da, eta ia hamar urte daramatza motxila horia soinean hartuta. Soldatapeko bihurtzeak aukera eman die langileei antolatzeko eta ordezkaritza izateko, eta, hain zuzen, Glovoko lehen langile batzordea Iruñean osatu zuten, irailean. 250 lagunek zuten botoa emateko eskubidea, baina denera 400 behargin inguru dira, CCOOren esanetan. Grebara deitu zuten urrian, eta, egun baten buruan, enpresarekin akordio bat egin eta bertan behera utzi zituzten lanuzteak.

«Udan, banatzaile guztiak kontratatzen hasi zen enpresa, baina oker aplikatu zien erabiltzen ari garen lan hitzarmena. Hura zuzen aplikatzea izan zen gure lehen eskaera», azaldu du Diazek. 2006ko mezularitzako Espainiako hitzarmena darabil Glovok; langileak dioenez, legez kanpokoa da hori, baina hori bera aplikatzea ere ez dute lortu.

«Algoritmoa manipulatzen dute ezartzen dizkiguten erronkak bete ez ditzagun. Hori da errealitatea»

PABLO DIAZ Iruñerriko Glovoko langile batzordeko presidentea

Horregatik deitu zuten lanuzteetara, eta horri esker erdietsi zuten lehen akordioa. «Konpainiaren gehiegikeria gehienak» zuzentzea lortu arren, soldata igoera oso eskasa zen: lantaldearen herenari soilik eragiten zion. Izatez, SMIa da Glovoko banatzaileen oinarrizko soldata, eta ez dute gehigarririk jasotzen euren ibilgailu propioa erabiltzeagatik, erregaiagatik edo eguraldi txarrarekin banatzen aritzeagatik.

Akordio hura hilabetez egon zen indarrean, eta, azaroan, beste hobekuntza batzuk lortu zituzten, tartean beste ordainsari bat, bizikletan edo patinetean dabiltzanen %99k jasotzen dutena eta motorrean edo autoan dabiltzanen %76k. Horrela daude orain, abenduan enpresa saiatu zen arren baldintzak berriz okertzen. Langile batzordeak ez zuen onartu proposamen hura: «Haientzat banatzen aritzeko, gure sakelakoak eta ibilgailuak erabiltzen ditugu oraindik, eta, hala ere, jokaldi zikin hori egiten saiatu ziren».

Ortzi muga: hitzarmen propioa

Azaroan adostutako akordio hori aplikatuta ere, ohikoa da langileei dagokiena ez ordaintzea. «Jendea oso bero dago», eman du abisua Diazek. Banatzaileak etzi dira biltzekoak, eta batzordeak bilera bat du enpresarekin hilaren 10ean. Litekeena da berriz ere mobilizazioetara deitzea, eta argi dute zein den helburu nagusia: lan hitzarmen propio bat negoziatzea.

«Agerikoa da enpresak ez duela inongo asmorik langileen baldintzak benetan hobetzeko. Alde batetik ematen dizuna bestetik kentzen dizu», azaldu du Diazek. Lanerako erabiltzen duten aplikazioaren algoritmoa da horretarako ohiko baliabidea.

Adibide bat jarri du: «Hitzeman zigutenetik banaketa bakoitzean egiten genuen distantzia ordainduko zigutela, algoritmoak ezberdin funtzionatzen du. Lehen, gertu genituen jatetxeetako eskariak bidaltzen zizkigun, baina, orain, hiru edo lau kilometro mugitzera behartzen gaitu gero 600 metro eskaseko entrega bat egiteko. Guk badugu eskarmentua, egunero aritzen gara lanean, eta berehala nabaritzen ditugu horrelako aldaketak».

'Rider' bat Iruñean. Han eratu dute Glovoko lehen langile batzordea. JESUS DIGES / EFE
'Rider' bat Iruñean. Han eratu dute Glovoko lehen langile batzordea. JESUS DIGES / EFE

Diru gehixeago irabazteko, Glovok erronkak jartzen dizkie banatzaileei, «baina algoritmoa manipulatzen dute bete ez ditzagun. Hori da errealitatea».

Dena den, Diazek adierazi du Nafarroan lan handia egin dutela rider-en eskubideen alde, eta horri esker beste toki askotan baino hobeto daudela. Lan hitzarmen bat lortzea urrun ikusten du, baina. Kontatu du ezinezkoa dela Glovorekin horretaz eztabaidatzea; enpresak, izatekotan, Espainiako lan hitzarmen bat negoziatuko lukeela, baina oraingoz ezinezkoa dela hori, langile batzordeak leku gutxitan baitaude eratuta. «Denbora irabazi nahi dute».

UBER EATS-ek ere autonomo faltsuen eredua utziko du

Janari banaketako beste plataforma erraldoi batek ere, Uber Eats-ek, autonomo faltsuen bidez funtzionatzeari utziko dio, iragarri duenez. Enpresak adierazi du dagozkion ardurak hartzeko erabaki duela eredua aldatzea, baita zintzilik dituen auzibide guztiak amaitzeko eta epe luzera jasangarria den eredu bat ezartzeko ere. 

Azken urteetan eredu mistoa erabili du Uber Eatsek: langile batzuk autonomo faltsuak ziren, eta beste batzuk, berriz, soldatapekoak. 

Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak esan du Uber Eats etxearen erabakia «oso berri ona» dela, eta jada ez dagoela legez kanpo diharduen gisa horretako plataformarik. Aurreikusi du Uber Eatsen eredu aldaketari esker 50.000 autonomo faltsu agerian geratuko direla.

Batzordea osatzeari esker, enpresaren ordezkariekin aurrez aurre bildu ahal izan da Diaz, baina kontatu du «nekagarria» dela haiekin negoziatzea, ez baitute fede onez jokatzen: «Dena eraisten saiatzen dira etengabe, edo dena atzeratzen. Adi egon behar duzu une oro, ea tranpa non dagoen: algoritmoan, distantzietan, ordainketetan...».

Langileak batzea sekulako lana izan dela ere kontatu du, Glovok ez baitu lokalik Iruñean. Iruñerrian dabiltzan laurehun rider-ekin banan-banan egin behar izan dute harremana. «Gainera, behin-behinekotasuna handia da, eta etengabe kaleratzen eta kontratatzen dute jendea. Berriek, askotan, ez dakite langile batzordea badenik ere».

Nafarroa, erreferente

Langile asko egoera oso zaurgarrian daude, eta askok, «beldurragatik edo», entzun ere ez diete egiten, Diazen esanetan. Gainera, oraindik badaude lan egiteko kontua alokatzen dutenak ere. Langileak soldatapeko bilakatzeari esker praktika hori zertxobait murriztu delakoan dago Diaz, baina uste du bereziki hiri handietan oso ohikoa dela oraindik.

Batzordeko presidenteak argi du zerbait indartsua lortzeko ezinbestekoa dela Nafarroatik kanpoko lankideekin batera antolatzea. Berak zenbait bidaia egin ditu Nafarroako esperientzia kontatzeko eta CCOOren beste hiri batzuetako hautagaitzei babesa emateko: «Hemen laurehun gara, eta hori oso gutxi da Espainiako hitzarmen bat negoziatzeko orduan».

Gainera, beldur da beste lurralde batzuetan enpresak ez ote dituen langileak eta sindikatuak «erosiko», haren interesen alde egin dezaten: «Horri aurre egiten ez badiogu, gerra galduko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.