Errautsetatik berpizteko bidean da Gasteizko LEA lantegia. Iragan ekainaren 20an sute batek erabat kiskali zuen Arriaga industrialdean zuen fabrika, eta orain, Jundizko industrialdean eraiki nahi du berria, Gasteizko Udalak utzitako lurretan. Erabaki hori ez da denen gustukoa izan, ordea, kexu azaldu baitira Margarita, Lermanda, Ariniz eta Krispiñako herribatzarrak. Salatu dutenez, lantegi berria Jundizen eraikitzeak kalte handiagoa egingo dio jada kaltetuta dagoen landa inguruneari.
Herribatzar horiek ordezkatzen dituzten administrazio batzarrek salatu dute Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala kontzejuak existituko ez balira bezala ari direla jokatzen. Izan ere, adierazi dute «landa eremutik urruti dauden bulegoetan» hartutako erabakien ondorioz, herri txikietako «bizi kalitatea» ez ezik bertako «nekazaritza, natura ondarea, historia eta harreman sare komunitarioak suntsitzen» ari direla.
Azpimarratu dute Gasteizko bizitoki auzo batean «inoiz» ez luketela onartuko tankera horretako proiekturik, besteak beste, bere jardueraren ondorioz usain txarra zabaltzen baita. LEAk bi produktu mota ekoizten ditu batez ere: alde batetik, produktu kosmetikoak, bereziki bizarra egiteko xaflak eta aparra, eta desodoranteak; eta, beste aldetik, gantz azidoak, garbigarriak eta leungarriak egiteko erabiltzen direnak.
Kontzejuek salatu dute ezen, isuri horiek sortzeaz gain, fabrika berriak trafiko astuna, argi eta soinu kutsadura eta ingurumenaren narriadura areagotzea eragingo duela, eta erakundeek ez dutela hori aintzat hartu. Eta gogorarazi dute erakundeen ardura dela horiek neurtzea eta legeak agindutako balioak errespetatzen direla bermatzea. Hala, «errespetu instituzionala» galdegin dute, eta kontzejuen hitza kontuan izateko ezein erabaki hartu aurretik: «Ez diegu gure herriei isilean hiltzen utziko».
2027rako prest
Udalak joan den astean iragarri zuen Gilsa sozietate publikoa prest dagoela Jundizko industriagunean dituen hiru lursail LEAri uzteko, fabrika berria bertan ezar dezan. A-1 errepidearen eta trenbidearen artean kokatuko lukete, Margarita herriaren alboan, 45.000 metro koadroko orube batean. Trukean, udalaren jabetzakoa izango da LEAk Arriaga auzoan zuen lantegiko lursailaren ia erdia (%47).

Dena den, ez da orubeen truke soil bat izango. Udalak ia bost milioi euro ordainduko ditu suteak kiskalitako lurren ordainetan; izan ere, orube horren balioa handiagoa da Jundizkoarekin alderatuta. Horiek horrela, Gasteizko Udalaren helburua da diru hori luze gabe berreskuratzea, lursaila beste enpresa bati salduta. Gilsak bihar egingo duen ezohiko kontseiluan onartu nahi dute proposamena.
Jundizko fabrika berria eraikitzeko lanak datorren urtean hasi nahi dituzte, eta LEAren helburua da 2027ko uda aurretik bertan ekoizten hastea. Suteaz geroztik, konpainiak Gamarrara lekualdatu zuen bere ekoizpena, behin-behineko lantegi batera. Horri esker, ez zuten hornidura eten, eta aldi baterako erregulazioan ziren behargin ia denak lanera itzuli ahal izan ziren.
Euskal Herriko enpresarik zaharrenetako bat da Gasteizko LEA, 2023ko urrian 200 urte bete baitzituen. Ziburun (Lapurdi) sortutako Juan Bernardo Laskaraik eratu zuen, kandelak egiteko hasieran. 1973an jarri zuten Abetxuku eta Arriaga auzoen arteko eremuan. Gaur egun, Laskarai familiaren bosgarren eta seigarren belaunaldiko kideak daude enpresaren zuzendaritzan, eta produktuen %30 esportatu egiten dituzte.