Suak ia guztiz txikitu du Gasteizko LEA lantegia

Sutea kontrolpean dute, baina ingurua bustitzen ari dira berriz piztu ez dadin. Felix Laskarai LEAko buruak azaldu du produktuak hornitzen jarraituko dutela, Gasteizko fabrika berreraiki beharko den arren.

Gasteizko LEA lantegian suak eragindako txikizioa, gaur. L.RICO/EFE
Gasteizko LEA lantegian suak eragindako txikizioa, gaur. L.RICO/EFE
Iker Aranburu - Gorka Berasategi Otamendi
2025eko ekainaren 21a
12:04
Entzun 00:00:0000:00:00

Bere 200 urteko historiako garairik latzenetako batean dago Gasteizko LEA lantegia. Ostiral eguerdian piztutako suak Gasteizko Arriaga industrialdeko lantegia txikitu du, eta negozioa berreraiki beharko dutela onartu du enpresako kontseilari ordezkariak, Felix Laskaraik. Edonola ere, ziurtatu du hornidura katea ez dela hautsi eta bizarra egiteko produktuak, xaboiak eta garbiketako beste produktuak banatzen jarraitu ahal izango duela.

«Bulegoetatik hasita industria lantegiraino, dena txikituta dago. Egitura erori egin da, eta nire ustez ezin da berreskuratu». Balantze gogorra egin du Laskaraik, fabrikara gaur goizean egindako bisitan. Azaldu duenez, suak edo hark eragindako bero «izugarriak txikitu ez duen bakarra eremu txiki bat da, eta hor lau silo eta ekoizpen atal txiki bat daude.

Laskaraik aitortu du goiz dela balorazio sakon bat egiteko, oraindik ez baitute aukerarik izan lantegian sartzeko: «Baina gutxi gorabehera imajinatzen dugu». Ziurtatu du lur jota daudela, Laskarai familia ez ezik —hark sortu zuen enpresa duela 200 urte, eta oraindik haren jabetzakoa da—, baita langileak ere. «Orain denoi elkarrekin lan egitea dagokigu, eta Gasteizen 200 urte daramatzan lantegi hori berreraikitzea. Lan egingo dugu gutxienez beste 200 urte irauteko».

sutea Lea fabrikan
Fernando Laskarai LEAko kontseilari ordezkaria, gaur, Gasteizen. L.RICO / EFE

Beharginen lana goretsi du enpresako buruak, suteen aurkako protokoloa zorrotz betearazi zutelako eta minutu batean fabrika osorik hustea lortu zutelako. Suhiltzaileen, polizien, bizilagunen eta agintarien ekarpena ere eskertu du.

Agintariei dagokienez, Cesar Fernandez de Landa Segurtasun zinegotzia izan da Arriaga industrialdean. Hor azaldu du sutea kontrolpean dagoela, baina suhiltzaileek lanean jarraitzen dutela. Ingurua urez blaitzen ari dira, inongo txokotan sua berpiztu ez dadin.

Fernandez de Landak bat egin du Laskarairen balorazio ezkorrarekin. «Egitura kolapsatu egin da, eta ia ezin da berreskuratu».

 

LEA lantegiko sutearen ke zutabea, atzo, Salburua auzotik. EBA BEGIRISTAIN

 

Sutea atzo arratsaldean piztu zen, 13:45 aldera. Zehazki zerk eragin zuen ikertzen ari da Ertzaintza, baina, lehen hipotesiaren arabera, LEAra produktu kimikoak garraiatzen ari zen tanga kamioi batean piztu zen sua. Horren ondorioz, beste leherketa batzuk eragin zituen inguruko biltegietan.

Sugar handiak sortu ziren, eta ke zutabe beltz bat, hiri osotik eta inguruetatik ikusteko modukoa. Hala ere, osasunarentzat arrisku handirik ez zela izan zehaztu du Fernandez de Landak, plantan soilik landare olioak zeudelako, eta ez zegoelako produktu kimiko kutsagarririk.

Udalak trafikoa moztu zuen Arriaga industrialdearen inguruan, baina gaur jarri da martxan berriz, 14:00 aldera. Hori bai, LEA ondoko espaloiak itxita daude, eta inor gerturatuz gero badaezpada ere maskara jartzeko eskatu du.

sutea Lea fabrikan
Cesar Fernandez de Landa Gasteizko Segurtasun zinegotzia. L.RICO / EFE

Sutearen berri izan eta berehala, Abetxuku auzoko eta lantegitik hurbilen dagoen Arriaga auzoko bizilagunak konfinatu zituen udalak, baina ordu gutxiren buruan kendu zuen etxetik ateratzeko debekua.

Enpresa historikoa

Euskal Herriko enpresarik zaharrenetako bat da Gasteizko LEA, 2023ko urrian 200 urte bete baitzituen. Ziburun (Lapurdi) sortutako Juan Bernardo Laskaraik eratu zuen, hasieran kandelak egiteko. 1973az geroztik dago Abetxuku eta Arriaga auzoen arteko eremuan.

Batez ere, bi produktu mota ekoizten ditu: alde batetik, produktu kosmetikoak, bereziki bizarra egiteko xaflak eta aparra, eta desodoranteak; eta, beste aldetik, gantz azidoak, garbigarriak eta leungarriak egiteko erabiltzen direnak.

Egun, Laskarai familiaren bosgarren eta seigarren belaunaldiko kideak daude enpresaren zuzendaritzan, produktuen %30 esportatu egiten dituzte, eta 95 behargin dituzte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.