Arabako Mahastiak sor-markari oniritzia eman dio Jaurlaritzak

Atzera bota ditu aurkakoen alegazioak, horien artean Errioxa ardoaren kontseiluarena. Azken erabakia Europako Batzordeak izango du

JAIZKI FONTANEDA / @FOKU.
Iker Aranburu.
2021eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Euskal Herriak zazpigarren ardo sor-marka izateko urratsa egin zuen atzo. Eusko Jaurlaritzak atzera bota ditu Arabako Mahastiak sortzearen aurkako alegazioak, eta ontzat eman du jatorri izena sortzea. Azken hitza, ordea, ez da harena, Europako Batzordearena baizik, eta han ez du lan erraza izango. Izan ere, sor-marka Gasteizen trabatzen huts egin ondoren, Errioxa Jatorri Izenaren Kontseilu Arautzaileak iragarri du Bruselan ere «borroka» egingo duela gaur egungo bere eremuan beste marka bat ez eratzeko. EBk haren kexuei erreparatzen ez badie, auzitegietara ere jotzeko prest dago.

2016an eskatu zuten Arabako Errioxako 40ren bat upeltegi txikik Arabako Mahastiak-Viñedos de Alava sor-marka sortzea. Azken urteetan asko handitu dute ekoizpena Errioxa jatorri izeneko upeltegi handiek, eta euren produktua bereizteko aukera faltarekin gogaituta zeudelako eta negozioa arriskuan ikusi zutelako eman zuten marka berria eskatzeko pausoa.

Matxinada bat zabaltzeko arriskua ikusita, Errioxako kontseiluak amore eman zuen pixka bat, eta haren araudia moldatu zuen, ardoa zer herritakoa edo eskualdekoa zen nabarmentzeko aukera handiagoa emanez. Keinu horrek tramitazioa etetera eraman zituen Arabako Mahastiaren bultzatzaileak, baina berriro abiatu zuten, Errioxak promesa guztiak betetzen ez zituela ikusita.

Kutsu politikoa

ABRA Arabako upeltegi txikien elkarteko kideak dira eskatzaileak, haien izenak jakinarazi ez badira ere, baina ez dira ABRAko kide guztiak —120 inguru ditu—. Are gehiago, ardogile gutxi batzuk elkartetik atera dira, babes horren kontura.

Sor-marka berriaren inguruko eztabaidari kutsu politikoa eman diote Errioxa erkidegoan. «Separatismoa» eta «proiektu nazionalista» ohiko esamoldeak dira lurralde horietako erakundeen eta hedabideen aldetik proiektuari buruz hitz egiteko, eta ez dute ezkutatzen upeltegi batzuk Errioxa ardoaren aterkitik ateratzeak min eman diela.

Euskal Herrian, berriz, gaiari buruzko eztabaidan osagai politikoak indar txikiagoa izan du, baina alderdiak behartu ditu iritzia ematera. Marka berriaren aurka azaldu dira PP eta PSE-EE, eta alde EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Dugu. EAJn, berriz, zatiketa dago: Jaurlaritzak, Arantxa Tapiaren taldearen eskutik, ez dio trabarik jarri, baina uzkurrago jaso du ekinaldia Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak. Arabako ardoak Errioxaren barruan gehiago bereizi ahal izatea da haien apustua, eta horretan dabiltza neurri erdiko upeltegiak ere.

Jaurlaritzaren oniritziaren ondoren, orain Arabako Mahastiak sortzeko eskaera Espainiako Nekazaritza Ministerioak jasoko du, eta hark bidali beharko du Europako Batzordera. Hark egiaztatu beharko du Arabako Mahastiak jatorri izenak betetzen ote dituen marka berezitu bat izateko baldintzak, eta, hala bada, Europako Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko du. Hori egiten denean, bi hilabeteko epea zabalduko da edozein estatu kidek edo gaian bidezko interesa duen edonork helegitea aurkezteko. Hor iritsiko dira berriro Errioxako kontseiluaren kexuak. Haren argudio nagusia da Arabako Mahastiak bultzatzen dutenen eremu propioa Arabako Errioxa bera dela, eta hari dagozkion ezaugarri berak izango lituzkeela ardoak.

Edonola ere, Madrilek bere tramitea betetzen duenetik «babes nazional iragankorra» jaso ahal izango du Arabako Mahastiak sor-markak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.