Kontu publikoak

Araban %20 jaitsi da zerga bilketa

Urte bukaeran «egoera zuzendu» egingo dela espero du Ramiro Gonzalezek.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko abuztuaren 14a
10:41
Entzun

Aldundietako ogasunek bostetik bat galdu dute urtea hasi zenetik. Bizkaian %19,7 jaitsi da bilketa;Gipuzkoan, %19,9; eta Araban, berriz, %20,3. Kopuru osoetan, ia 1.700 milioi gutxiago.

Arabako Aldundia izan da bere datuak ematen azkena, gaur goizean. Guztira, 917,6 milioi jaso ditu zergetan urteko lehen zazpi hilabeteetan, aurreko urteko epe berean baino 234,4 milioi gutxiago.

Zerga guzti-guztien bilketa jaitsi da, baina batez ere BEZarena (-%28,9), kontsumoa asko murriztu delako. Itxialdiak eta ondorengo jarduera ekonomiko apalagoak ibilgailuen joan-etorria gutxitu duenez, hidrokarburoen gaineko zergak %19,9 gutxiago bildu du. 

Erorialdia pixka bat apalagoa da zerga zuzenetan, bi arrazoi direla eta. Batetik, enplegua ez da jarduera ekonomikoa bezainbeste txikitu, eta, horregatik, PFEZ errenta zergaren jaitsiera %15,1ean geratu da. Sozietate zergak, berriz, %6,3 gutxiago jaso du, baina zerga horrek iazko irabaziak zergapetzen ditu, eta ez aurtengoak.

Urtearen amaieran bilketaren jaitsiera motelduko dela iradoki du Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak: «Jarduera murriztearen eraginak kezkatzen gaitu. Hala ere, ogasunak onartutako zerga atzerapenekin ere badu zerikusia zerga bilketaren gutxitzeak. Horiek joera zuzenduko dute urteko azken hilabeteetan, eta, gainera, enpresa eta familia askorentzat lagungarri izaten ari dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.