Errenta aitorpenaren kanpainen berri eman dute gaur Arabako eta Bizkaiko aldundiek. Arabako Ogasunaren autengo kanpaina apirilaren 7tik ekainaren 17ra izango da. Bizkaian, berriz, bi fasetan abiatuko dute: apirilaren 15ean hasiko da pertsona fisikoen gaineko zergaren aitorpena aurkeztu behar dutenentzat, eta maiatzaren 4an, ondarearen gaineko zergaren eta fortuna handien gaineko zergaren aitorpena aurkeztu behar dutenentzat; bi prozesuak ekainaren 30ean amaituko dira. Bizkaiko Foru Aldundiak ohar bidez azaldu duenez, kanpainako lehen hogei egunak errentari soilik eskaini nahi dizkiote, «herritarrek Bizkaian onartu berri den berrikuspenaren ondoriozko berritasun fiskalak ezagutu eta uler ditzaten errazteko».
Ohi bezala, ogasunek prest izango dituzte errenta aitorpenen zirriborroak kanpainak hasten direnerako, eta herritarrek aldundiaren egoitza elektronikoetan kontsultatu ahal izango dituzte. Bizkaiko Ogasun eta Finantzetako Sailak xehatu duenez, jakinarazpen horretan herritarrei adieraziko die aitorpena aurkeztu behar duten ala ez, zein duten tributazio aukerarik onena (banaka edo batera), eta aitorpena itzultzekoa edo ordaintzekoa den. Zirriborroa osatzeko datu ekonomiko guztiak eduki ezean, jakinarazpenean ez da aitorpenaren emaitza zehaztuko, eta zergadunak osatu beharko du zirriborroa.Â
Orain arte, 14.000 euroko edo gutxiagoko lan etekin gordinak zituztenek ez zuten aitorpena aurkeztu behar, baina aurten 20.000ra igo dute gutxieneko muga hori. Azken urteetan, 14.000 eta 20.000 euro arteko diru sarrerak zituztenek kasu batzuetan soilik aurkeztu behar zuten aitorpena, baina orain denak egongo dira salbuetsita. Era berean, iaz bezala, herritarrek aitorpena aurkeztu beharko dute 2024ko zergaldian aurkeztu baldin bazuten, eta itzulketa 300 eurotik gorakoa bada, betiere 65 urte baino gutxiago badituzte.
Gainera, aldundiek gogora ekarri dute hainbat aldaketa egin dituztela zerga erreformaren ondorioz, eta kenkarietan hobekuntza ugari egin dituztela, besteak beste etxebizitzaren, kontziliazioaren, berdintasunaren eta ibilgailuen alorretan. Â
Bizkaian, modu digitalean, telefonoz eta aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira errenta aitorpenak. Araban, berriz, apirilaren 13an hasiko dira aurrez aurreko arreta ematen, ogasunaren Gazteizko, Laudioko eta Guardiako bulegoetan. Eta aldundiak azaldu duenez, hiru modalitate izango dira egoitza elektronikoan aitorpena aurkezteko: batetik, Rentafacil programaren bidez, ogasunaren proposamena onartu ahalko dute herritarrek; bestetik, Rentared programaren bidez, zergadunek eurek igo ahalko dituzte aitorpenak; eta azkenik, Rentaraba programaren bidez, errentaren eta ondarearen gaineko zergen aitorpenak aurkeztu ahalko dituzte aholkularitzek.
BIZKAIAN ERRENTAÂ AITORPENA AURKEZTEKO MODUAK
- Digitala. 'www.bizkaia.eus/errenta' webgunearen edo Renta Bizkaia Errenta aplikazioaren bidez.Â
- Telefonoa. 94-608 3000 zenbakian, 08:30etik 19:00etara lanegunetan.
- Aurrez aurre. 08:30etik 19:00etara lanegunetan, Bizkaiko Ogasunaren bulegoetan eta aldundiaren Gertu zerbitzuaren hamabi bulegoetan: Balmasedan, Barakaldon, Basaurin, Bermeon, Bilbon, Gernika-Lumon, Getxon, Igorren, Markina-Xemeinen, Mungian, Durangon eta Portugaleten. Aurretiaz ordua eskatu behar da 'www.bizkaia.eus/errenta' webgunean edo 94-94 406 6600 telefonoan.