Mugimendu garrantzitsua petrolio merkatuaren xake taulan. Ostiraletik aurrera, Arabiar Emirerri Batuek LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko kide izateari utziko diote, 59 urteren ondoren. Emirerriak aliantza horretako kide izan dira Saudi Arabia, Iran, Irak eta beste herrialde batzuekin batera. Talde horrek, Errusiarekin eta haren aliatuekin (LPEE + taldea), munduko petrolio ekoizpenaren erdia inguru kontrolatzen du, eta prezioak finkatzea da haien helburua.Â
Erabakiak aldaketa handia ekar dezake petrolioaren merkatura. Arabiar Emirerri Batuek askatasun handiagoa izango dute ekoizpena handitzeko, eta baliteke horrek eragina izatea prezioetan. Atzo, hala ere, etorkizuneko merkatuetan gora egin zuten: Brent upelak 111 dolarretan kotizatzen zuen, azken bi asteetako garestien.
Emirerri Batuen mugimendua ez da ezusteko bat izan. Azken urteetan, tentsio ugari izan dira LPEEren barruan herrialde horren eta aliantzako buru den Saudi Arabiaren artean ekoizpen kuoten inguruan. Bi herrialdeek interes ekonomiko eta estrategiko desberdinak dituzte. Emirerri Batuek beren ekoizpen gaitasuna handitu nahi izan dute, eta horrek talka egin du LPEEren estrategiarekin.
Desadostasun politikoak era izan dituzte Saudi Arabiarekin, Ekialde Hurbileko egoerarekin loturik. Bi herrialdeen arteko tentsio horiek ez dira berriak, eta azken urteetan behin baino gehiagotan azaleratu dira. Yemengo gerran, adibidez, aurkari diren talde politiko eta militarrak babestu dituzte.
Ez da lehenengo aldia, halaber, Abu Dhabik LPEEtik irteteko mehatxua egiten duena, baina orain benetan ari dela baieztatu du gobernuak. «Uste dugu garai egokia dela erabaki hau hartzeko. Gure interes nazionalak lehenesteko ordua iritsi da», adierazi du Suhail al-Mazruei Energia ministroak. Hala ere, nabarmendu du LPEEtik irten ondoren ere «jarrera arduratsua» izango dutela: ekoizpena «pixkanaka eta zuhurtziaz» handitzea dela haien asmoa, eta orain arteko bazkideekin modu batera edo bestera «lankidetzan» jarraituko dutela.
Dena den, haren ustez, gerrak eragindako eskasiak mundu osoko ekoizleei «malgutasun handiagoa» eskatuko die, merkatuaren eskariari erantzuteko, eta salatu du hori ez zela posible LPEEren barruan. «Joerek adierazten dute epe ertain eta luzera begira energia eskari globalak handitzen jarraituko duela. Munduko energia sistemaren egonkortasunak hornidura malgu, fidagarri eta eskuragarria eskatzen du». Al-Mazrueiren arabera, Emirerri Batuak «ekoizle fidagarriak» dira, eta munduko petrolio gordinik «lehiakor eta garbienetako bat» eskaintzen dute.
Frantzian adi
Emirerrien erabakia oso garai berezi batean gertatu da. Martxoan, LPEEko kideek eguneko ia 8 milioi upel murriztu zuten ekoizpena, otsailean baino %27,5 gutxiago, Ormuzko itsasartearen blokeoaren ondorioz. Analisten arabera, LPEEtik irten izanak eragin mugatua izango du epe laburrean, pasabidea blokeatuta jarraitzen duen bitartean behintzat, baina uste dute aurrera begira horren ondorioak nabarituko direla.
Gaur egun, Ormuzko itsasartearen blokeoa saihesteko, Emirerri Batuak Persiar golkotik kanpo duen portu bat erabiltzen ari dira, Fujairah hirikoa, eta hara oliobide bidez eramaten ari dira petrolioa.
Emirerri Batuak munduko petrolio ekoizle handienen artean bederatzigarrena da. Haiena da ekoizpen globalaren %3,5 inguru. Haien merkatu nagusia Asia da, eta produkzioaren %98 hara bidaltzen du: hango bezeroen artean Japonia da lehenengoa (%30), eta Txina bigarrena (%20).
Petrolio gordinaz gain, petrolio finduaren seigarren esportatzaile handiena da munduan, eta Frantzia bihurtu da azken urtean haren bezero nagusietako bat. 2022an, Frantziako Total Energiesek lehentasunezko akordio bat sinatu zuen ADNOC Emirerrietako petrolio konpainia nazionalarekin. Frantziak, Europa osoak bezala, diesel kopuru handiak inportatzen zituen Errusiatik, baina, Ukrainako gerra dela eta, Europako Batasunak hornidura hori moztea erabaki zuen; hala, Emirerri Batuak bihurtu ziren bazkide fidagarrienetako bat gasolio findua eta hegazkinentzako erregaia hornitzeko.
Â
Â