Etorkizuna gero eta beltzago ikusten dute Arcelor Mittal altzairutegiko Legasako (Nafarroa) langileek. Erregulazio espedientearen kontsulta epean ez dira ados jarri enpresaburuak eta beharginen ordezkariak, eta zuzendaritzak hamabost eguneko epea dauka orain azken erabakia aurkezteko. ELAk argi dauka ebazpena zein izango den: «Legasan diharduten 33 beharginak kaleratuko dituzte, eta lantegia itxiko dute». Hori dela eta, Espainiako Auzitegi Nazionalera jotzea erabaki du.
Sindikatuek joan den apirilean jakinarazi zuten Arcelor Mittal altzairutegiak Legasan duen lantegiko ekoizpen lerroa itxi nahi duela. Enpresak urteak daramatza planta txikiak ixten, eta oraingo honetan ekoizpen lerro hori Aguraingo lantokira eramango dute. Legasako langileen kopurua erdira murriztu da azken hamarkadan: 2016an 120 langile zituen.
Arcelor Mittalek lan erregulazio espedientea aurkeztu du bi lantokietan: Legasan diharduten 33 langileri eta Aguraingo zazpiri eragingo lioke neurriak, beharginen ordezkariek orduan zehaztu zutenez.
Hogei eguneko soldata
Espedientearen kontsulta epea amaitu berri da, baina enpresaburuek eta langileen ordezkariek ez dute akordiorik lortu. ELAk jakinarazi duenez, zuzendaritzak joan den ekainaren 16an egin zuen azken proposamena: «Borondatezko kaleratzeak ez daude bermatuta, ezta beharginen bizilekuetatik gertu dauden plantetan lanean jarraitzeko aukera ere». Enpresako langile batzordeak hiru ordezkari ditu Legasan, UGTko bi eta ELAko bat.
Sindikatu abertzalearen ustez, legeak ezarritako gutxienekoa izango litzateke kaleratutako langileek jasoko luketen kalte ordaina, hogei eguneko soldata, urtebeteko soldataren mugarekin, alegia. Bestalde, zuzendaritzaren proposamenak «ez du bermatzen Aguraingo lantokiaren bideragarritasuna, epe ertainera»: «Ez dute industria plan sendorik aurkeztu».
«Erregulazio espedientea justifikatzeko arrazoiak ere egiaztatu». Hori dela eta, Arcelor Mittaleko buruen proposamenari uko egin dio ELAk, eta horren kontrako helegitea aurkeztuko du Espainiako Auzitegi Nazionalean.