Iberdrolak lehen aldiz jakinarazi du, mapa batean, bere menpeko sareak zenbateko kapazitatea duen elektrizitate kontsumo handiagoa hartzeko, eta sare elektrikoen panorama larria ikusgarri geratu da: banaketa sarea lepo dago gaur egun Hego Euskal Herrian.
Azken urteetan salatu izan da industriaren alorra deskarbonizatzeko eta enpresa berriak ezartzeko oztopo garrantzitsua bihurtu dela argindar sarerako entxufe falta, eta orain mapa batean ikus daiteke arazoaren neurria.
Mapa horren arabera, Araban eta Bizkaian ez dago batere nodorik Iberdrolaren banaketa sarean gaitasuna duenik maila jakin batetik gorako kontsumo handiagoa hartzeko —kilovolt batetik gorako tentsioan—.
Gipuzkoako sarean soilik lau lotunek dute kapazitatea: bik Altzoko azpiestazioan, nodo batek Ormaiztegin, eta beste batek Oiartzunen. Nafarroan, berriz, hamalau dira kapazitatea eskaintzeko moduan dauden nodoak, tentsio desberdinetan —zortzi Zangoza inguruetan, bi Bidasoko azpiestazioan, bi Altsasun eta beste bi Ustaizen—.
Hego Euskal Herrian argindarra banatzeko sarea Iberdrolarena da; zehazki, haren I-DE banaketa konpainiarena. Hark harri du mapa ikusgai gaur bere webgunean.
Industria eta datu zentroak
Espainiako CNMC Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordearen ebazpen batek behartu ditu Iberdrola eta Espainiako beste konpainia elektrikoak haien sareen kapazitate mapak argitaratzera. Eta Espainian ere agerian geratu da banaketa sareen saturazioa, nodoen %83 baitaude lepo jada.
Entxufe faltaren arazo horrek Espainian badu bere ñabardura; izan ere, gatazka piztu da proiektu industrialen eta datu zentro handien elektrizitate beharren inguruan. Datu zentro gero eta gehiago ari dira ezartzen penintsulan, are gehiago higiezinen funts handiak zentro horiek eraikitzeko negozioan sartu direnetik.
Zalantza, ordea, hor dago: datu zentroen sarerako sarbide eskarietan zenbaterainokoa den espekulazioa. Horretan gardentasuna ekartzeko asmoz plazaratu dituzte kapazitate mapak.
Euskal Herrian, industriaren eta datu zentroen arteko gerrarik ez dago, lurraldearen izaera industriala dela eta. Datu zentro handi gutxi daude oraindik ere, bakarra neurri handikoa, Arasurrekoa (Ribabellosa, Araba).
Faktura garestia
Bada, hala ere, beste gerra bat jokoan banaketa sareetan: sareen kudeatzaileentzako ordaina, edo, beste modu batera esanda, Iberdrolarenak eta beste banaketa konpainiek argindar fakturan zenbateko ordainsariak kobratu ditzaketen. CNMCk %6,46ko tasa proposatu die; aurrez %5,58koa zen.

Baina konpainiek %7,5 nahi dute, eta presio handia egiten ari dira hori lortzeko. Haien argudio nagusia, hain zuzen, sareak hobetzeko eta haien kapazitatea handitzeko egin beharreko inbertsioak dira. Arautzailearen arabera, argindar konpainiek ez dute hainbeste diru behar, eta kapazitate handiagoa lortzeko tarte handia dute sareen kudeaketa hobetuz.
Argindar konpainiek eskatzen duten kopurua ezarriz gero, argindar faktura garestiagoak izango dituzte kontsumitzaileek, eta hori beti da gai delikatua gobernuentzat; faktura hori garesti ateratzen zaie askotan.
70.000 lanpostu jokoan
Euskal Herrian hainbesteko garrantzia du sare elektrikorako sarbidearen gaiak, non lehentasun politikoa bihurtu baita alderdi nagusientzat.
Iaztik da eztabaidagai arazoa. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak 2024ko martxoan adierazi zuen inbertsio estrategikoak gerarazten ari zirela potentzia eta konexio faltarengatik.

Garai horretakoa da Jaurlaritzako Industria Sailak sareentzako plangintza berriaren harira Red Electricari aurkeztutako txostena, zeinetan gordin azaltzen diren industriarentzako beharrak eta haiek ezin asetzeak dakartzan arriskuak, lanpostuetan kalkulatuak.
«Orain zaila da Euskadin, zona batzuetan gutxienez, potentzia berriak kontratatzea edo sorkuntza berriztagarriko instalazio berriak sare elektrikora konektatzea», dio txostenak.
Haren arabera, ez badago nahikoa sarbide eta potentziarik industriaren alorrean deskarbonizatu eta, beraz, elektrifikatu behar duten enpresentzat, lurraldean ezartzekoak diren enpresa berrientzat, eta sarerako lotura behar duten sorkuntza berriztagarrientzat, zuzenean 34.500 lanpostu egongo dira arriskuan —70.000, zeharkakoak ere kontuan hartuz gero— 2030. urtera bitartean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Enpresak zain
Industria Sailaren txosten horrek beste datu bat ere eman zuen, egoera kaskarraren erakusgarri: 2024ko martxoan, argindarra banatzeko Iberdrolaren i-DE atalak 23 espediente zituen artatu ezinik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Horietatik hamalau dagoeneko ezarrita dauden enpresenak ziren, eta bederatzi, datozen urteetan lurraldean finkatu nahi duten enpresenak. Ezkerraldean, Gasteizen eta Zamudion biltzen ziren espediente gehien.
Ziurrenez, datu horietan guztietan oinarritu zen Pradales euskal industriarentzako «entxufe gehiago» eskatzeko. Ekainean, Espainiako Autonomietako Presidenteen Konferentziara «industriarako energia kupoaren» ideia eman zuen. Haren arabera, EAEk hartuko lituzke bere gain argindar hornikuntza bermatzeko inbertsioak, eta gero diru hori kupotik deskontatuko litzateke, gaur egun AHTarekin egiten den antzera.
Aurretik, apirilean, jakin zen Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak konkurtsoa zabaldu zuela zenbait azpiestaziotan kapazitatea handitzeko, tartean Arrigorriagakoa (Bizkaia) eta Gasteizko Mercedesekoa.
Kongresuan
Jaurlaritzako lehendakaria ez da gai horren inguruan presio egin duen bakarra. Bai EAJrentzat, bai EH Bildurentzat, gaia helburu garrantzitsu bilakatu da, eta bi alderdik hizpide hartu dute Madrilen, Pedro Sanchezen gobernuak Kongresuan irabazi behar zituen bozketetarako negoziazioetan.
EH Bilduk lortu zuen Espainiako Gobernuak zuzenketa batean idatziz jartzea euskal industriaren mesederako liratekeen zenbait neurri, hala nola sareetako inbertsio mailak malgutzea, Red Electricaren planifikazioa malgutzea, eta sare elektrikorako sarbidea izateko irizpideak moldatzea. EAJk ere lortu zuen proiektuek sarriagotan izatea aukera sarera lotzeko.
Arazoa da neurri horiek ezarri behar dituen dekretua ez duela babestu Kongresuak. Uztailean, PPk, Voxek, UPNk, Podemosek, BNGk eta Juntsek argindar sistema indartu eta itzalaldiak eragozteko dekretuaren kontra bozkatu zuten. Eskuineko alderdiek baldintza bat zuten jarria: gobernuak itzalaldiaren erantzukizuna hartzea eta zenbait kidek dimisioa ematea. Ezkerreko alderdiek, berriz, adierazi zuten dekretua «oligopolio elektrikoaren» aldera lerratuta zegoela.