Argindar konpainiek Red Electricaren kudeaketari egotzi diote itzalaldiaren erantzukizuna

Aelecek esan du sistemaren operadoreak ez zituela erabili zeuzkan baliabide guztiak. Baina elkarteak ez du azalpenik eman tentsio dinamikoa egin behar zuten zentralen portaeraz, ezta modu desegokian deskonektatu ziren zentralez ere.

Argindar dorreak Oviedon, Asturiasen. PACO PAREDES / EFE
Argindar dorreak Oviedon, Asturiasen. PACO PAREDES / EFE
Irune Lasa.
2025eko ekainaren 23a
15:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Apirilaren 28ko itzalaldiaz argindar konpainiek duten bertsioa gaur jakinarazi du Aelec argindar konpainien patronalak, zeinaren parte diren Iberdrola, Endesa eta EDP. Marta Castro Aeleceko araudi zuzendariaren arabera, ez dira ondorioak kausekin nahastu behar, eta itzalaldiaren arazoaren jatorrian Red Electricaren planifikazio falta eta itzalaldi aurreko kudeaketa daude, eta sistemaren operadoreak ez zituen eskura zeuzkan baliabide guztiak erabili zero elektrikoa eragozteko. 

Aditu independenteek egin dute txostena, Compass Lexecon eta Inesctecek, eta haiek azpimarratu dute 2021. urteaz geroztik jada agertu izan direla gehiegizko tentsio arazoak argindar sisteman, berriztagarrien sartze handiarengatik eta tentsioa xurgatzeko gaitasun handiagoa duten planta konbentzional batzuen itxierarengatik. Argindar konpainien elkarteak gaitzetsi du Red Electricak ez dituela behar bezala aztertu tentsio igoera horiek eta itzalaldi aurreko egunetako fluktuazioak.

Aelecen arabera, «apirilaren 28an ez zatekeen itzalaldirik gertatuko zentral konbentzional gehiago egon izan balira sistemara konektatuta».

Patronalaren ustez, Red Electricak eguerdi hartan ez zeukan maniobrarako tarterik zero elektrikoa eragozteko. Aldiz, aurreko egunetan izan zuen gaitasuna: apirilaren 22an Ascon (Katalunia) eta As Pontesen (Galizia) planta banaren deskonexio automatikoak gertatu zirenean, argindar sistemak sorkuntza konbentzionaleko —nuklear, gas, ikatz— hemezortzi zentral zeuzkan akoplatuta. Itzalaldiaren egunean «eguzki energiari tokia emateko», halako zentralak soilik 11 ziren.

ITZALALDIA
Itzalaldia Madrilgo Gran Vian. BORJA SANCHEZ-TRILLO  / EFE

Zentral konbentzionalen urteko kopururik txikiena zela dio Aelecek, eta, gainera, konektatutako gehienak penintsularen iparraldean kontzentratu zeudela. Patronalaren ustez, ez da hutsalkeria sistematik lehenak deskonektatu ziren sorkuntza plantak Andaluziakoak eta Extremadurakoak izatea.

Gauzak okerrera zihoazela, REE beste zentral bat konektatzen saiatu zen, baina ez zen horretarako astirik egon. Aelecen arabera, operadoreak bazuen beste aukera bat, erabili ez zuena: zeuzkan zentral hidroelektriko guztiak aktibatzea. Extremaduran bost urtegi zeuden aktibatu gabe. 

Azalpenik ez

Argindar konpainien patronalaren txostenean, ordea, ez da analisi xehaturik egin joan den astean Trantsizio ministerioak eta Red Electricak, biek ala biek, itzalaldiaren fokuan jarritako bi gertakariez. Haien arabera, tentsioaren kontrol dinamikoa egiteko lana —gehiegizko tentsioa xurgatzeko lana— esleitua zuten zentralek ez zuten beren egitekoa bete.

Patronaleko buruaren arabera, sorkuntza planta guztiak tentsioa xurgatzeko beharrezko mailen barruan ari ziren, eta planta guztiak protokoloek dioten moduan deskonektatu ziren, gehiegizko tentsioarengatik.

«Edozein zentralen deskonexio batek ezin dezake eraman zero elektriko batera»A

ELEC Espainiako Argindar Konpainien Elkartea

Baina, berez, Aelecen txostenak ez du aztertu beste bi txostenetan aipatutako zentral horiek energia erreaktiboa behar bezala xurgatzen ari ziren ala ez. Txostenaren egileak ez beste norbait ari da, omen, Aelecentzat gehiegizko tentsioaren gaia aztertzen.

Ministerioaren eta REEren txostenetan, bestalde, aipatzen zen zenbait sorkuntza plantaren deskonexio desegokia izan zela egun hartan argindar sistema amilarazi zuen beste gauza bat.

Horri buruz, argindar konpainien patronalak azaldu du kasu askotan ez zirela berriztagarrien plantak automatikoki deskonektatu, baizik azpiestazio elektrikoak —haietara lotzen dira sorkuntza plantak—, eta azpiestazio horiek batzuetan ez direla sorkuntza konpainien jabetzakoak izaten.

Edonola ere, Aelecen ustez, sorkuntza plantak ez ziren izan itzalaldiaren jatorria; alderantziz, kudeatzailearen, Red Electricaren kontrol faltaren eragina nozitu zuten. «Edozein zentralen deskonexio batek ezin dezake eraman zero elektriko batera».

prezio finkoei ezin diete gehiago kobratu

Argindar kontratuan prezio finkoa duten bezeroei ezin dietela gehiago kobratu gogorarazi die gaur CNMCk Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordea argindar merkaturatzaileei. Dirudienez, merkaturatzaile batzuk kontratuak aldatzen saiatu dira, itzalaldiaren ondoko kostu igoerak argudiatuta, baina CNMCren arabera, moldaketa horiek «ez datoz bat prezio finkoko kontratuen modalitatearekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.