Argindar sorkuntzaren zerga bertan behera uzteko eskatu dio Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari

Enpresek ordaintzen duten argindar faktura murrizteko zenbait proposamen egin dizkio: besteak beste, kontsumitzaile handiak banaketa sarien %80tik salbuestea. Energia berriztagarriko proiektuen «inflazio bat» egon dela aitortu du.

Mikel Jauregi Industria sailburua, BBK aretoan emaniko hitzadian. BBK
Mikel Jauregi Industria sailburua, BBK aretoan emaniko hitzadian. BBK
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2026ko urtarrilaren 28a
12:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak  enpresek ordaintzen duten argindar faktura murrizteko zenbait neurri eskatu dizkio Espainiako Gobernuari. Hiru oso zehatzak dira: baga, argindar sorkuntzaren %7ko zerga bertan behera uztea; biga, kontsumitzaile handiei banaketa sarien %80 kentzea; eta higa, CO2 isurketen zeharkako kostuengatik Europatik jaso daitezkeen laguntzak maximizatzea. Mikel Jauregi Industria sailburuak iragarri du Jaurlaritzak beharrezko diren ahaleginak egingo dituela eta Espainiako Gobernua ere «ados» dagoela; ondorioz, akordioa lortzea espero du.

«Enpresei deskarbonizatzeko eskatzen diegu. Horretarako biderik onena elektrifikatzea da, baina, era berean, argindar faktura handia ordaintzera behartzen ditugu. Kontraesan handiegia da hori», horrela azaldu du Jauregik eskaera horien beharra BBK Gran Via foroan emaniko hitzaldi mamitsuan. Are gehiago, gehitu du Iberiar penintsulan energia garbi merke asko ekoizten dela, baina gero argindarra Europako «garestienetakoa» dela: «Distortsio handiak daude, eta horiek arindu nahi ditugu gure proposamenarekin».

«Gure enpresa batzuentzat, argindarra ekoizpen gastuen %50 da. Neurri horiekin, asko handituko genuke haien lehiakortasuna»

MIKEL JAUREGI Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua

Sailburuak argitu du eskaera lortzeko beharrezko dela Espainiako ministerio batzuk koordinatzea; besteak beste, Ogasun Ministerioa, Trantsizio Ekologikokoa, Industriakoa eta Ekonomiakoa. «Neurri hauek guztiz legezkoak dira, eta beste herrialde batzuetan aplikatu dira», zehaztu du. Oso urrun joan gabe, Portugalek urtarril hasieran utzi zuen bertan behera argindar sorkuntzaren gaineko zerga. Aldiz, banaketa sariei dagokienez, aipatu du eskertuko lukeela haien salbuespena «finkoa izatea», eta urtero hartzen den neurri bat izateari uztea.

Jauregik emaniko datuen arabera, euskal industriak ordaintzen duen argindarra Frantziako batezbestekoa baino %165 garestiagoa da, eta Alemaniakoa baino %35 garestiagoa. «Argindar kontsumitzaile handiak diren enpresa asko ditugu: altzairugintzakoak, aluminioa, papera... Kasu batzuetan, argindarra haien ekoizpen gastuen %50 da. Neurri horiekin, asko handituko genuke haien lehiakortasun», nabarmendu du. Hego Euskal Herrian, lurralde ogasunek biltzen dute zerga hori. 

Ogasunek 88,2 milioi euro bildu dituzte

Hego Euskal Herriko ogasunek kudeatzen dute argindar sorkuntzaren gaineko zerga, eta iaz, azarora arte, 88,2 milioi euro bildu zituzten tasa horrekin. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek 50,8 milioi euro bildu zituzten guztira haren bitartez, bilketa osoaren ia %0,3. Horretatik, %87 dagozkio Bizkaiari, han baitaude argindar iturri nagusiak —Boroako eta Zierbenako ziklo konbinatuko zentralak—. Nafarroan, berriz, pisu handiagoa du: 37,4 milioi bildu zituzten. Itzalaldiaren ondoren, Castejongo ziklo konbinatuko zentralak lan gehiago egin zuen, eta beste euskal lurraldeetan baino iturri berriztagarri gehiago daude.

Jauregik asko sakondu du Hego Euskal Herriko enpresek pairatzen duten energia gabezian. Gogoratu du adostuta daudela argindar sarearen potentzia %40 handitzeko azpiegiturak, eta 116 direla «ditxosozko entxufearen» zain dauden Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresak. «Nafarroara noanean, sorgailu eolikoak geldirik ikusten ditut maiz. Han EAEn baino askoz gehiago daude, eta geldirik daude sareak ezingo lukeelako jasan sortzen duten argindarra. Hori onartezina da», kritikatu du.

Berriztagarrien espekulazioa

Azpiegiturez gain argindar berriztagarri gehiago ekoitzi beharko litzatekeela nabarmendu du, eta hura ekoizteko parkeak sustatzeko legedia arindu beharko litzatekeela. «Baimenak lortzea prozesu oso zaila da, autobide erregulatzaileak behar ditugu, Alemanian dauden bezalakoak». Gehitu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sortzen den energiaren %7 baino ez dela berriztagarria eta horrek lotsarazi egiten duela.

Edonola ere, esan du azken urteetan energia berriztagarrirako proiektuen «inflazio ikaragarria» egon dela, «estatuan [Espainian] eta baita Euskadin ere». Eta aitortu du «paperezko proiektu» asko aurkeztu zaizkiela erakunde publikoei, eta haien bultzatzaileek beste batzuei saltzeko nahiarekin eskatu zituztela baimenak. Sailburu izan aurretik, Jauregik energia sektorean ziharduen, eta bere azken enpresa berriztagarrietan berezitua zen.

«Espainian eta Euskadin ere energia berriztagarrirako proiektuen inflazio ikaragarria egon da. Paperezko proiektu asko aurkeztu ziren. Dena den, gehiago behar ditugu»

MIKEL JAUREGI Industria sailburua

Baina zergatik espekulazioa? «Utzi zaielako», laburbildu du, modu argigarrian. Jauregiren hitzetan, egun edozeinek du edonon proiektu berriztagarri bat jartzeko baimena eskatzeko aukera, eta gero erakundeei dagokie galbahea pasatzea. «Pertsona bat maletatxo batekin joan zitekeen hogei proiekturekin, jakinda hark ez zituela garatuko. Baina horietatik bost onartzen bazizkioten, gero baimen horren paperak milioiak balio zituen». Halaber, gaineratu du orain datu zentroekin ere espekulatzen ari dela.

Hala ere, energia berriztagarrirako proiektuak beharrezkoak direla esan du, eta Jaurlaritza haietan inbertitzeko prest dagoela, baina lau iragazki jarri behar direla: ingurumen kostua ahalik eta txikiena izatea; haizea edo eguzkia dagoen tokietan eraikitzea, «ez baitago hainbeste»; errentagarria izatea; eta «entxufe» batetik gertu egotea: «Ez du zentzurik ehunka kilometro kable egitea leku batean sorturiko energia handik 100 kilometrora askatzeko. Europan ez da horrela egiten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.